“Katalanon hitzak talka egiten du, behin eta berriz, espainiarren hormaren kontra”
Víctor Alexandreren liburu berria euskaratu du Nabarraldek
Víctor Alexandreren Hitza hormaren kontra liburua eman du argitara Nabarralde elkarteak, Pamiela etxearen bidez. Bere beste liburu ba-tzuetan jorratutako gaia landu du oraingoan ere Alexandrek: Kataluniak nazio independiente izateko daukan eskubidea eta, eskubide eta borondate horren aurrean, espainiarrek etengabe eta irmoki eman izan duten ezezkoa. “Honetan datza gakoa -dio egileak-: Kataluniaren eta Espainiaren arteko derrigorrezko ezkontza honetan, denetaz hitz egin daiteke, banatzeaz izan ezik. Edo hobeto esanda, denetaz egin daiteke, banatzeaz izan ezik”.
Liburua eskutitz-sorta bat da. Batetik Víctorren eskutitzak daude, bestetik honen lagun madrildar batenak, Fernando deritzana eta Luxenburgon bizi dena. Aurrena, Katalunian publikatu zen liburua -La paraula contra el mur zuen izenburu- eta elebiduna zen: bataren gutunak katalanez zeuden idatzita, bestearenak gaztelaniaz. Oraingo euskal edizio honetan, be- rriz, testu guztiak euskarazkoak dira.
Nabarralde elkarteko kide bat, Luis Martinez Garate, adiskidea da Alexandrerena, eta haren bitartez egin da euskal itzulpena. Eta lan hori Bakun Itzulpen Zerbitzuetako hiru lagunek egin dute: Jon Oyanguren, Joseba Ossa eta Maitane Ugartek. Atzoko aurkezpenean honela mintzatu zen Martinez Garate: “Lagun batek Víctor Alexandreren Yo no soy español liburua oparitu zidan eta ezusteko oso atsegina izan zen. Ezagutu nuen egilea eta nortasun indar-tsuko pertsona iruditu zait. Jo no sóc espanyol liburuaren gaztelaniazko bertsio hori, Kataluniatik kanpo, hemen Euskal Herran bakarrik saldu da ondo; eta geroagoko El caso Carod horrek ere hemen bakarrik izan du harrera ona”.
Nabarralde elkarteko Angel Rekaldek, berriz, hau esan zuen: “Ia-ia gure elkarteko kide da Víctor. Pentsatu dugu liburuan agertzen duen ikuspegi hori oso interesgarria dela Euskal Herrirako ere”.
Víctor Alexandrek, berriz, hau dio euskarazko edizio honetako hitzaurrean: “Nireaz gain beste herri batek jasan baditu Espainiarekiko mendekotasunaren ondorio larriak, herri hori Euskal Herria dela pentsatu nuen. Beraz, nahiz eta katalan baten eta espainiar baten arteko elkarrizketa izan, etengabe aipatzen dira orrialde hauetan euskal nazioa eta haren aldarrikapen nazionalak”. Eta aurreraxeago: “Hain murgilduta ote gaude gure arazoetan, non ez garen ohar-tzen Herrialde Katalanen, Euskal Herriaren, Bretainiaren, Eskoziaren, Flandesen, Galesen, Galiziaren, Ipar Irlandaren eta abarren arteko batasunak Europan izango lukeen indarraz, askatasunaren aldeko lobby gisa?”
Eta hitzaurre orokorraren hasieran honela dio: “Duela hiru mendetatik hona, katalanon hi-tzak talka egiten du, behin eta berriz, espainiarren hormaren kontra. Eta hiru mende horietan, politikarekin, arteekin, zientziekin edo pentsamenduarekin lortutako Herrialde Katalanetako gizon eta emakumeek porrot egin dute, Espainiari herri katalanaren borondate utziezina azaltzen saiatu direnean. Ildo horretan egindako ahalegin guztiak, borondate onez beteak, alferrikakoak izan dira, eta hau izan dute erantzun bakarra: cerrazón”.