Baiaren gatibu

PP eta PSOE izan dira Kataluniako erreferendumeko garaile nagusiak. Horiek bakarrik esan dezakete arrakasta izan dutela. Izan ere, Alderdi Popularrak lagundu du gehien baiak irabaz dezan. Harena da, beraz, ezetzaren porrotaren meritua, eta bidezkoa izango da pribatuan bada ere PSOEk hori aitor diezaion. Espainiaren zatiketa dela eta, espainiar izutuaren itxura harrigarria izan da baiaren aliatu onena estatutuaren inguruko prozesuan. Katalunia Ceuta eta Melillarekin parekatzea baino ez dena aurrerapen handi gisa aurkeztu behar zuen PSOEk, eta PPk, bere espantu egite eta Espainiaren batasunaren alde egindako deiekin, bere helburua lortzen lagundu dio. Uste al du ba inork, baiak irabazi izango zukeela PPk estatutuaren bikaintasunak goraipatu izan balitu? Garbi dago, beraz, lotuta zegoela guztia, ongi lotuta.

Hala ere, bidegabea litzateke CiUk eta ICVk emandako laguntza ezin ordainduzkoa ez aitortzea. Gauza jakina da izen ospetsuek dir-dir egingo badute bigarren mailako lagun bikainak behar dituztela horiek inguruan, eta Kataluniako estatutuari dagokionez, Artur Masen erregionalistek eta PSCren mandatari izandako alderdiak ezin hobeto bete dutela zeregin hori. Iraingarria da ICVko Joan Boadak esatea baiak lortutako %73 horiek Madrilen gogor borrokatzeko balioko dutela. Zergatik ez ziren gogor borrokatu lehen, Kataluniako Parlamentuko botoen %90 zituztenean?

Estatutua berritzera bultzatu zuten arazo bat bera ere konpontzen ez duela ikustea besterik ez dago Kataluniako herritarrei egindako iruzurraren neurriaz jabetzeko. Katalunia ez du nazio gisa onartzen, eta debekatu egiten dio Europako Batasunean bere burua ordezkatzea; ez dio uzten zerga administrazio propioa edukitzen, eta mugagabe luzatu du hark jasaten duen zerga ebastea; ez du haren justizia auzitegiaren subiranotasuna gaitzen, eta ukatu egiten dizkio eskubide historikoak; katalana ez du jartzen gaztelaniaren pare, eta ateak itxi dizkio selekzio nazionalei; ez du uzten, ezta ere, Katalunia nazioartera zabal dadin edo horrek bere baliabide eta azpiegiturak kudea ditzan; horrez gain, bere kabuz erabakitzeko eskubidea demokratikoki erabiltzea galarazten dio. Kataluniak 2005eko irailaren 30ean onartutakoaren izpirik ere geratzen ez delako da hori horrela. Kataluniako amore-emaileek sartu gaituzten zuloa irudikatzeko, zilegi bekit nire alabak adibide gisa jartzea, 28 urtekoa bata eta 30ekoa bestea. Kataluniako Parlamentuak 2005ean onartutako testua 2036. urtean aldarrikatzera zigortzen ditu estatutu berriak. Hau da, egun erabilgarri beharko lituzketen eskubideak lortzeko borrokatu beharko dira 60 urtera heltzen direnean. Eta 1979ko 60 eskumen daude oraindik eskualdatzeko. Erakundeen gezurrak eta hedabideen manipulazioa izan dira ikuskizun tamalgarri honen guztiaren alderik penagarrienak. Eta ez naiz ari Zapateroren iruzurraz; hau da, Kataluniako Parlamentuan onartutako estatutua okerragoa zela esan izanaz, baizik Pasqual Maragallen zinismoaz, Kataluniak guk nahi genuen estatutua duela esan baitzuen. Horrek erakusten du 2005ean onartutako testua eta Kontsulta Batzordetik pasatu izanaren inguruko antzerkia zenbateraino ziren Maragallen beraren iruzurrak.

Baiak argi eta garbi irabazi du, noski, ez dago horren inguruko zalantzarik. Baina gauza bat da legezko zilegitasuna, eta beste bat zilegitasun morala. Hau bazen “katalanok nahi genuen estatutua”, nolatan geratu ziren boto-emaileen erdiak etxean? Nolatan ez ziren bete kaleak pozez? Nolatan alderdi amore-emaileen oinarriak ez ziren hasi pozez saltoka buruzagien hitzaldiak eteten, emaitzak jakin orduko? Ezak irabazi izan balu, haiek ere atsekabe hori bera erabiliko zuketelako aitzakia gisa diot hori. Horren haritik, abstentzioarenean, pozgarria da amore-emaileen porrot partziala ikustea, Kataluniako gizarteari inoizko garun garbitze handiena egin ondoren. Hedabide guztiak barne, herrialdeko botere faktiko guztiak batuta -baietza boto atzerakoia zela, boto lanpedusarra, erakusten du horrek- eta gezurra eta manipulazio lotsagarriena erabilita ere, ez zuten lortu katalanei sinetsaraztea balioa zuela ekainaren 18an bozkatu behar zutenak.

Bestelako kontua da guztiz espainoldutako Kataluniaren irudi penagarria. Kataluniako presidentea Espainiako gobernuburuaren aginduetara dago; gainera Espainiako gobernuburuak bere bulegora deitu eta hauteskundeetara ez aurkezteko esan dio. Ez da ahaztu behar Zapaterok kendu zuela Carod Rovira kargutik, ez Maragallek, eta Zapaterok berak hitzartu zuela estatutua Artur Masekin. Katalunia ez da sekula hain lotsagarri geratu. Irakurleren batek esango du, agian, ERCk ezarri zuela PSC gobernuan, eta arrazoi izango du, baina hobea al zen alternatiba? Uste al du Kataluniako inork Artur Mas katalanista dela? Uste al du alderdikeriarik gabeko inork botere gogoa asetzeko herrialdea saltzeko gai den pertsona horretan sinets daitekeela?

Datozen hauteskundeetan gertatzen dena gertatzen dela, oso interesgarria izango da ikustea baiaren aldeko amore-emaileak zenbateraino bihurtzen diren beren handinahiaren gatibu. Denbora izango dute arerio nagusi, egunek aurrera egin ahala agerian geratuko baita iruzurraren neurria. Oso interesgarria izango da haiei begiratzea, eta ikustea zer-nolako gezurrak erabiltzen dituzten beren lanak, -“mendeko estatutua”, “beste galaxia batekoa, katalanen bizimodua errotik aldatuko duena”- benetan dena erakusten duenean: ezinaren isla latza.