Marxismoa, etnozidioaren hazi

Bi gazte euskaltzale etorri zitzaizkidan duela hilabete batzuk gure hizkuntza-arazoaren auzia ezkerreko literaturaren argitan nola tratua izan den jakin nahirik. Esan nien marxismoaren iturria iturri agor samarra zela gai horretan, nik behintzat ez nuela ezagutzen ekarpen oparorik, baina neukana helaraziko niela. Horrela hasi nintzen, beraz, gaztetako literatura berriro ere irakurtzen.

Egin dudan irakurraldi labur horretan ene susmo txar guztiak bete egin dira: marxismoaren jarrera eta jokabidea, “historiarik gabeko herriei” dagokienez, burgesiaren zentzu berekoa izan da funts-funtsean. Biak ala biak izan dira, hasieratik beretik -nik hastapenak izan ditut batez ere irakurgai- estaturik gabeko herrien etsai. Auzi horretan behintzat, uztarri berekoak izan dira. Badaude noski hainbat eta hainbat xehetasun eta ñabardura autodeterminazio-eskubidearen inguruan-eta. Baina, oro har, lekuan lekuko eta aldian aldiko abagune berezien joko taktikoak alde batera utzita, etnozidioaren hazia besterik ez dut aurkitu marxismoak nazio-arazoari eman nahi izan zion irtenbidean.

Marxen eta Engelsen iritzirako, nazioaren auzia kapitalismoaren bilakaerak sortarazitako ondorioa izan da; axal-axaleko gaitz hutsala, dena esateko. Denboraren joanak burgesiaren zeregina eta eragina itzali ahala, berez joango da sendatzen gaitz hori, langileriak boterearen lema bereganatzen duen heinean. Marxismoaren bi sortzaileok gutxietsi egin zuten beraz naziotasunaren auzia, eta aintzat hartzen zutenean, ez zen izango auzi horrek berez zeukan esanahi eta dimentsioagatik; aitzitik, langile-klasearen nondik norakoan zituen ondorioak izango ziren beraien kezka-iturri bakarra.

Burgesiaren nazio-proiektu berbera izan zuten hortaz funtsean: nazio-estatu handi-mandien aldeko estrategia zuten irizpide bakarra, egunen batean nazio horiek beroiek ere gaindituak izango zirelakoan. Estrategia hori zen nonbait langileriaren interesekin bat zetorrena, eta handitasun horren beharra logika historikoaren adieran zuritzen zuten: estatuak zenbat eta handiagoak izan, langileen batasunak orduan eta errazago erdietsiko zuen bere azken helburua. Batasun nazionala, izan ere, langile-klasearen berezko interesak eta helburuak lortzeko erabilitako tresna besterik ezin zitekeen izan. Horixe zen, hondar-hondarrean, nazioaren funtsa pentsalari eta iraultzaile haientzat: klase-izaeraren arabera taxututako behin-behineko egoera historikoa.

Roman Rosdolsky-k ondo baino hobeto aletzen du Engelsen burubidea eta jokabidea: “Nazio-zapalkuntza berez eta besterik gabe ez da nahikoa demokraziaren aldetik nazio zapalduaren aldeko jarrera hartzeko. Hori horrela izatekotan, beharrezko baldintza zera izango litzateke: delako nazionalitate zapalduaren jardun politikoa iraultzailea izatea. Horrela ez izatekotan nazio zapalduaren mugimenduak ez luke eskubiderik izango onartua eta babestua izateko”.

Ikus dezagun Poloniaren kasua, etnozidioaren estrategia nola zuritzen zuten ikusteko. Ostertzean iraultza errusiarraren zantzuak eta aukerak ageri zirenean, Polonia ez da “beharrezko nazioa” izango , “nazio izorratua” izango da, hitzez hitz esateko. Zergatik hori, ordea? Tsarismoaren aurkako borrokan babes-harresiaren eginkizuna galtzen duelako gertatuko da hori. Horrenbestez, Poloniaren independentzia ezin da izan erabateko eskakizunen ezpalekoa, besterik gabeko eskubide orokorra. Esan dugunez, ezpalaren behin-behineko izaeraren egokiera historikoak aginduko du zein nazio sartuko da estatu askeen komunitatean.

Marxen ustez, autodeterminazio-eskubidea nazio historikoen eskubidea da: bestela esanik, ahal duenak ahal du, eta ezin duena izorra bedi. Historiaren gurditik kanpo zebiltzan eta dabiltzan nazio-herri eta etnia-komunitate guztiak, hots, ia mundu guztia, munduan berrehun bat estatu besterik ez baitago bost milaren bat herri-nazioen aldamenean, etnozidioren eta genozidioren osinera kondenatu zituen ideologia iraultzaile horrek. Autodeterminazioaren balioa, hala, beste balio batzuen mendeko eta eskuko gertatuko da; horrek esan nahi du, besteak beste, langile-interes orokorren ildoan ez dabilen nazio zapalduko populuak ez daukala eskubide horren jabe izateko eskubiderik. Alde batetik, langile-klasearen ardatza izango da irizpide, eta, bestetik, aurrerapen sozialaren motorra. Bigarrenean, aurrerapenaren filosofian, burgesiarekin bat dator; aurrenekoan, berriz, ez.

Aldian aldiko eta aldean aldeko egoera politikoak hartaraturik, atakaren zoriak beharturik, gisa honetako iritziak isuriko ditu Engelsek: “Beste herri bat zapaltzen duen herriak ezin du bere burua askatu”, “Zoritxarrekoa da beste herri bat zapaltzen duen herria”. Irlandako auzia goritzen zen neurrian, marxismoaren sortzaileok moralistak bihurtzen ziren nonbait, beren bihotz onberaren erakusgarri edo. Liberalismoak berak ere ez zukeen agian gutxiago aitortuko, bere bihotz humanista taupadaka hasten baldin bazitzaion. Esan bezala, uztarri bererako jaioak dira bi-biak, auzi honetan behinik behin: batentzat nahiz betearentzat, ustezko herritar politikoaren eta ustezko kultura unibertsalaren gainean eraikitako gizarte-moldeak nazio-identitate historikoak gainditu egingo ditu. Subjektu ekonomikoa gailendu da, hortaz, gainerako subjektu-mota guztien gainetik.

Gabiltzan, erne, ordea! Izan ere, esan bezala, estrategia-jokoak alda daitezke: Irlandako auziak alde bateko eta besteko langileen batasuna arriskuan jartzen badin badu, lehentasun-irizpideak aldatu egin beharko dira. Alegia, testuinguruaren nondik norakoak aldatzen badira, iraultza soziala ez da izango hango nazio-arazoa konponbidean jarriko duena, baizik-eta nazio menderatuaren askatasun nazionala izango da askatasun sozialaren atariko aurrebaldintza. Agerian dagoenez, jarrera-aldaketa horrek ez dakar funtsezko jokabide-aldaketarik marxismoaren sortzaileon artean. Ez dago aldaketa horren arrastorik. Kontua zera baita, izan: historiarik ez omen zuen herri batek, eskuineko eta ezkerreko ideologia totalitario guztien kontra, bere burua munduko nazioen komunitatean aurkeztu nahi zuela Estatu burujabe eta guzti.

Totalitarismoaren zantzuak hizpide hartuta, Chomskyk esan izan duenez, totalitarismoaren iturri bat XIX. mendeko Hegelen testuetan aurkitu behar da. Eta zein zen Engelsek zerabilen iturria auzi horren inguruko ideologian? Hain zuzen ere Hegelen hizkera eta ideologia dario Engelsi alde guztietatik: “nazio historikoak”, “historiarik gabeko nazioak”, “iraganean Estaturik sortzeko ahalmena izan ez duten herriak, eta jadanik independentzia nazionala lortzeko indarrik izango ez dutenak”, “nazio basatiak”, “beste nazio indartsuago baten lorratzean” bizitzera behartuak dauden herriak, “argi eta garbi definituak dauden Europako nazio bideragarriak”. Hazi horretatik zer erneko zen, bada, jaioko zena ez izatekotan?

Kautsky ere ez da erabat aterako marxismoaren sortzaileon ildotik; hala ere, gutxienez, zentzuzkoagoak eta duinagoak dirudite bere ekarpenek. Zer da nazio bat? Renan-en galderari era honetara erantzungo dio: “Nazio modernoaren oinarrizko tresna nazio-estatua da, ekoizpen-modu kapitalistaren sorkaria, eta merkatua da sorkuntza horren eragile historikoa; orobat, hizkuntza, nazioari barne-kohesioa eta batasuna ematen dion parerik gabeko lehengaia, nazio-identitatea ematen dion muina da”.

Otto Bauer areago doa. Sozialismoaren etorkizuna bat dator naziotasunaren garapenarekin. Nazioarteko klase-politikak ez du ekarriko nazio-identitateen iraungipena, alderantziz baizik. Nazionalismoaren suharrak gero eta distira handiagoa izango du etorkizun sozialistan. Hitzez hitz: “Nazioarteko sozialismoak nazio-ezaugarriak bereganatu eta beretzat hartu behar ditu dabilen borroka-bideetan. Internazionalaren egitekoak ez luke izan behar nazio-ezaugarriak ezabatzekoa, ezpada, nazioarteko batasuna aniztasun nazionalean txertatzekoa. (…) Kulturaren nazio-komunitatean integratu behar da herri osoa, nazioaren autodeterminazioa erabat erdietsi arte, nazioen arteko alde espirituala areagotuz: horixe baita sozialismoaren zentzua”. Azken-azkenean, bere ohiko jarrera ere gainditu egin zuela dirudi Bauer-ek: alegia, herri orok autodeterminazio kulturalerako daukan eskubidearen aukera soilari, nazio guztietako langileriak bere nazioaren etorkizun politikoa ere erabakitzeko daukan eskubidea erantsiz.

Amaitze aldera, aipa dezagun Rosa Luxenburgoren jarrera eta jokaera. 1908an argitaratutako artikulu-andana batean -“Nazio-auzia eta autonomia”-, gisa honetako iritziak isuri zituen bertan. Hau da: autodeterminazio-eskubidea eskubide abstraktua eta metafisikoa da. Nazio orok bere eskuko izan nahi izatearen eskubidea aldeztea, nazionalismo burgesaren jokoan erortzea da. Oro har, nazio txiki guztien eta bereziki Poloniaren independentzia, ekonomiaren ikuspuntutik begiratuta utopia besterik ez da, historiako legeen aurkako joera. Luxenburgok bazituen noski salbuespeneko nazioak, independenteak izateko eskubidea omen zutenak, baina, hondar-hondarrean, adierazi berri duguna izan zen bere jarrera eta jokaera. Emakume hau gainerako gizarte-gaietan iraultzailea eta askatzailea izango zen, ez dut nik hori ukatuko; nolanahi ere, ordea, nekez aitortuko dugu beste horrenbeste nazio-arazoaren inguruan hartutako jokamoldeari buruz.