Erresuma denfenditu zuten gazteluak

Nafarroan, Erdi Aroan, ehun bat gotorleku eta gaztelu izan ziren, baina egun ia denak galduak eta ahaztuak daude. Iñaki Sagredok aurkitu eta irudikatu ditu ia denak, eta liburu batean bildu

Nafarroako gaztelu gehienak txikiak ziren, hori da arazoa. Jendeari gaztelua esan eta hogei dorre eta printze eta printzesak etortzen zaizkio burura. Baina hemen gazteluak oso-oso txikiak ziren. Gehienez ere hamar lagunentzako tokiak. Eta errazago desagertu dira. Arakilgo Iruritakoak, esaterako, harrizko ezproia zuen, ia dena zurez egina. Eta zura desagertu egiten da”.

Baina ehunen bat gaztelu izan ziren Nafarroa osoan Erdi Aroan, VIII. mendetik XVI. mendera bitarte. Iñaki Sagredok bildu ditu datu guztiak.

Ehun bat gotorleku, edo zainketa gune. Ehun bat talaia. Printzesarik gabekoak gehienak, baina zelatariak zituztenak, inguruko herrietako morroiak asko, zaintza lanetan txandakatu egiten zirenak. Ehun bat dorre, bizilagunek eurek konpontzen zituztenak. Ehun bat desafio, ehun bat babesleku.

“Baskoien garaian, jabegoak ziren”, azaldu du Sagredok. “Hau da, barruti bat, nork bere gortorlekuarekin. Hori zen Nafarroako defentsa. Erregeak jaun bati ematen zion inguru hori babesteko ardura, eta handik urte batzuetara, beste bati”. Defentsa partekatuta, alegia.

Lerroka antolatu zen dena, gehienbat ibarrak eta ordokiak menderatzen zituzten muino eta mendilerroetan eraiki baitziren bastioiak. Eta elkarrengandik begi bistan beti. Ebrotik Lizarraraino, denak bisualki komunikatuta. Lizarratik, Iruñeraino, berdin.

Mendeetan, horrek balio izan zuen. Baina artilleria eta oinezko erregimentuak nagusitu zirenean, harkaitzetako gaztelu hauek zaharkituta geratu ziren. Artilleria astunarekin, armada handiek hiri garrantzitsuenak hartzen ahal zituzten, eta Nafarroak ez zuen defenditzeko aukera handirik izan.

Egun, gutxi geratzen da. Gaztelarrek eraitsi egin zituzten ia denak, eta geratu ziren harriak galdu egin dira. Ostu egin dituzte, edo sasiak jan ditu. Eta denborak arraso desegin. Iñaki Sagredok argira ekarri ditu orain.

Duela zortzi urte hasi zen, toponimiarekin hasi zen. Artxiboekin jarraitu zuen gero, denak zerrendatu arte. Hamaika bisita egin dizkie. Hamaika marrazki eta argazki. Eta izango zuten itxura irudikatu du, gainera. Emaitza Pamielarekin kaleratu du orain, Navarra. Castillos que defendieron el Reino izeneko lanean (Nafarroa. Erresuma defenditu zuten gazteluak).

Lana itzela izan da. Inguruan ere ezezagunak ziren eta, askotan, uraska bat zen erreferentzia bakarra. Edo zeramika arrastoak, edo landutako harriak, edo zuhaitzik edo ia belarrik gabeko muino soila, herritik gertu. Moncayo inguruko aztarnak aurkitzeko hamar bidaia egin behar izan zituen. Arakilen dagoen Iruritakoa zehazteko, ibar osoa zeharkatu zuen.

Lana egiteko modua ia berdina izan da beti. Aurkitutakoaren eskema egin, datuak ordenagailura eraman, eta zirriborroa marraztu. Comptosen artxiboetako zehaztasunekin jantzi ondoren -dorre hura konpontzeko ze lan egin ziren; ibairantz ematen zuen pareta hari buruzko zehaztasunak-, planoak eta argazkiak gehitu zituen. Dena elkarren ondoan jarri zuen gero.

Emaitza ikusgarria da, baina ez da hori bakarrik. Sagredok, behintzat, ez du hori bakarrik egin nahi izan. Lau gaztelu baino ez daude zutik. Xabierkoa, 1516an goialdea moztu ziotena; Erriberrikoa, XIX. mendera arte erabat utzia egon zena; Martzillakoa, oinarrizko zaharberritzea eskatzen ari dena, eta Monjardineko gotorleku zaharra. “Utzikeria honengatik, historiaren bidegabekeriagatik, konkistatzaileek desegin nahi izan zuten memoria altxatuko zuen lana behar zen”, idatzi du egileak, aitzinsolasean.

Muino eta mendilerroetan eraiki zituzten bastioiak, eta elkarrengandik begi bistan beti, komunikatzeko

Iñaki Sagredo Liburuaren egilea

“Herri baten hasiera irudikatzen dute gotorleku hauek”

A.B.

Julio Altadillek eta Juan Jose Martinenak egindako lanak izan dira, orain arte, Nafarroako gazteluei buruzko erreferentzia nagusiak. Baina Altadillen ikuspegi ia erromantikoak eta Martinenaren artxibozaletasunak hutsune asko utzi dituzte. “Hasi nintzenean, landa lanik ez egotea harrigarri egin zitzaidan”, aitortu du Iñaki Sagredok. “Denborarekin ohartu nintzen zergatik”.

Arrazoi politikoak ez dituela aipatu nahi. Baina Nafarroako Gobernuari lana ia bukatuta eraman zion, duela hiru urte, eta ez zuten argitaratu nahi izan. “Hasieran oso pozik zeuden, baina handik gutxira beren historia bilduman argitaratzeko baldintzak ez zituela betetzen esan zidaten, eta liburua itzuli egin zidaten. Baina, urte hartan, jotaren historiaren inguruko liburua kaleratu zuten”.

Gazteluen historia ez ezik, defentsa sistema oso bat nola antolatu zuten agertzen du liburuak, Erronkaritik Erriberara, eta Ebrotik Malvecineraino. Zer erakusten du defentsa sistema horrek?

Nafarroan gerrillak zirela nagusi. Gaztelak 20.000 lagun bil zezakeen arazorik gabe, Aragoik bezala. Nafarroak, 2.000 edo. Beraz, defentsa sistema hau zen eraginkorrena. Ehun gaztelu izanda, denak hartu behar zituzten. Bertan hamar lagun izango ziren gehienez ere, baina inbaditu nahi zuen armadak banan-banan hartu behar zituen horiek denak. Harkaitzetara igo, hura indargabetu, eta han haien jendea utzi gero. Horregatik, Nafarroak sistema honekin ia hirurehun urte iraun zuen.

Badago defentsa sistema honen beste adibiderik?

Gaztelan eta Aragoin gaztelu handiak ziren, baina musulmanek honelako sistema erabili zuten Ebro inguruko ibai arroak defenditzeko. Baskoiek musulmanengandik kopiatu zuten sistema hau.

Harrigarriena, nolanahi ere, gaztelu eta gotorleku hauen guztien suntsipen maila da.

Nafarroako errege-erreginek konponketa asko egiten zituzten mendeetan, herritarrek ere parte hartzen zuten, baina XVI. mendetik aurrera utzikeria nagusitu zen. Artxiboetan salaketa asko aurki daitezke, jendeak lapurtu egiten zituelako harriak. Hori kontserbatu behar zela uste zuen jendeak, beraz. Baina, egun, utzikeria Gobernuraino iritsi da. Dagoena erortzen ari da, eta ez da ezer egiten ari. Hor dago Martzillakoa. Gazteluaren aldeko elkartea osatu da, Cortesen bezala, baina konponketa ez da inoiz iristen. Bardeako Peñaflor gazteluaren argazkia tipikoa da, esaterako, baina dorreak arrailak ditu, arrail handiak, eta erori egingo da azkenean. Eta Gazteluko Plazan agertutako hondakinekin gertatu dena…

Gaztelu hauetatik zenbat berreraiki litezke?

Ehunetik bost baino ez. Baina gainerakoarekin oinarriak berreskuratzea badago, eta gero ibilbideak egin, edo dokumentatu. Oinarriak hor daude beti. Eta, hemendik hamar urtera, oinarri arkeologikoak aztertu beharko lirateke.

Baten bat nabarmenduko zenuke?

Bigarren liburukia kaleratzen dugunean, baten bat harrituko da Bizkaian edo Gipuzkoan zeuden gazteluekin. Ataungoak eta Autzakoak, adibidez, magia berezia transmititzen dute, gaztelu zahar guztiek bezala. Badira baso erdian daudenak, edo Bardeakoak, gainean erreaktoreak eta saiak. Herri baten hasiera irudikatzen dute: konkista gehiago ez, aski da; orain, gurea zain dezagun.

Liburua datuetan

Izenburua. ‘Navarra. Castillos que defendieron el Reino’ (Nafarroa. Erresuma defenditu zuten gazteluak).

Argitaletxea. Pamiela, 445. orri.

Bigarren liburukia. Datorren urtean bigarren liburukia kaleratzeko asmoa du egileak, Nafarroa ez beste lurraldeetako gazteluekin.

“Zutik dagoena erortzen ari da, eta ez da ezer egiten ari; egun, utzikeria Gobernuraino iritsi da”