Ikasi genuen ingeniaritza industrialak gero eta pisu eta eragin gutxiago dauka gaurko mundu ekonomikoan. Gaur egun agintzen duena dirua da, dirua da nagusi, eta ondorioz, ingeniaritza finantzarioak gailurra jo du.
Michael Hudson ekonomialariariak 2003an egindako zenbait elkarrizketatan oinarrituta (ikus www.counterpunch.org), finantza-ingeniaritza berri hori ulertzeko, zenbait zantzu azaltzen ahaleginduko gara. Hona hemen horrelako batzuk.
Hudsonek erakusten duenez, AEBek beren zordunaren statusa erabiltzen dute gainontzeko mundua esplotatzeko. AEBek urre estandarra utzi zutenetik, munduko banku zentral desberdinak behartu zituzten AEBetako kanpo-ordainketen balantzaren defizita finantzatzeko; horretarako, banku zentral horien dolarren superabita erabiliz, AEBetako Altxor Publikoko bonuak erostera behartuta daude. Bonu horien bolumena ikaragarri handitu da, AEBek ordaintzeko izan zezaketen nahia edota asmoa erabat gaindituz.
Europako, Asiako eta Ekialdeko banku zentraletara joan diren dolar guztiak (AEBetako inportazio-desorekaren ondorioz), AEBetako Altxor Publikora besterik ezin dira joan. Banku zentral horien gainean jarritako murrizketak zirela-eta, diru horrek ez dauka beste leku batera joateko aukerarik, herrialde horiek behartuta zeuden AEBetako bonuak erostera edo, bestela, merkataritzaren bidez lorturiko dolarren ahultasuna onartzera.
Orain arteko inperialismo ekonomikoa honela ulertu da, alegia, edozein korporaziok beste herrialde batean inbertitu ahal zuen eta handik mozkinak atera. Baina hori aspaldiko kontua zen. Gaur egungo superinperialismo ekonomiko berria soilik AEBetako gobernuaren eta atzerriko banku zentralen artean azaltzen da (Hudson, 2003, Super Imperialism. The Economic Strategy of American Empire). Nazioarteko inperialismo finantzario berria AEBetako gobernuaren eta ordainketa-balantzako superabitak dauzkaten herrialdeetako banku zentralen artean gauzatzen da.
Gaur egungo finantza ustiaketa aspaldiko lan-indarrarena baino hamaika bider handiagoa da. Hala ere, Hudsonek dioenez, «gaur egun marxistak ez daude gehiegi kezkatuta finantzarekin». Ohiko marxistak ez ditu kezkatzen gero eta garrantzitsuagoa den finantza munduak. Dirudienez, nahikoa dute beren bulgata merke, zaharkitu eta aspergarria nonahi eta nolanahi errepikatzea.
Europak eta Asiak dirua maileguz ematen diete amerikarrei, birtualki inongo interesetan, amerikarrek haiengandik nahi duten beste erosteko, amerikarren IOU («I owe you») delakoen bidez.
Jende arruntak bere buruari ondokoa galdetzen dio: «Zer dela-eta ez dute europar eta asiar banku zentralek beren barneko kredituak eta merkatuak hedatu?» Beren kontsumoa eta inbertsioa handitu dezakete, eta ez itxarotea AEBek haien kontsumo-ondasunak eta kapital-ondasunak erosteko, dolarren kopuru izugarrien truke. Azkenean, zertarako balio dute gure banku zentralek baldin eta Washingtongo Itunari jarraitzen badiote, baita Munduko Bankuari eta Nazioarteko Moneta-Fondoari ere?
Washingtongo Ituna bi modu desberdinetan erabiltzen da: (a) Herrialde zordunetan, AEBek (Munduko Bankuaren eta Nazioarteko Moneta-Fondoaren bidez), akordio hori behartzen diete herrialde horiei, azken hauek beren interes-tasak altxa ditzaten, atzerritar inbertsiogileei diru gehiago ordaintzeko. Zordunak diren herrialde horietan esturazko programak hedatzen dira: alokairuen eskasiak, zerbitzu sozialak murriztea, kanpo-zorrak ordaintzeko haien jabetza publikoa saltzea,É (b) Kreditudun herrialdeen aurrean, AEB munduko herrialderik zordunenaren antzera aritzen dira, baina beren interes-tasak altxatzeari uko eginez edo eta beren giltza-industriak saldu barik.
Edozein banku zentralek, Washingtongo Itunari jarraituz, eta Chicagoko eskolakoei segituz, defizita %3koa onartu behar du, AEBetako banku zentralaren defizita mugarik gabekoa den bitartean. (Hori dela eta, Hudsonek Europari eta Txinari beren Altxor Publikoak erabiltzea gomendatzen die, euroa eta dolarra ez diren beste moneta batzuetan oinarritutako bonuen bitartez kredituak luzatzeko.)
Hudsonen iritziz, krisia azalduko da Europak, Asiak eta Hego Amerikak dolarretan oinarritutako sistema apurtuko dutenean, sistema horri ezetza esango ziotenean. Izan ere, AEBek argi, garbi eta ozen esana dute ez dituztela ordainduko beren dolarreko zorrak, eta ez daukatela inongo asmorik hori egiteko (http://www.counterpunch.org/shaefer04232003.html).
Europak eta Txinak AEBetako Altxor Publikoko aurrekontu defizitak finantzatzen duten artean, amerikarrek ez dute betekizun hori bete behar. Bien bitartean, AEBetako defizit federalak etengabe areagotu dira, hain zuzen ere, kanpo-ordainketen balantzaren defizita dela-eta. Zenbat eta handiago izan ordainketen defizita, orduan eta dolar gehiago joaten dira atzerritako bankuen zentraletara, geroago AEBetako Altxor Publikoko tituluak erostearren birziklatzeko. Honek hauxe esan nahi du, alegia, AEBetako gobernuaren defizita (baita Iraken gastatzen ari dena ere) atzerriko gobernuek finantzatzen dutela. Hortaz, hona ondorioa: Europak eta Asiak dolarra utzi behar dute eta beren finantza sistema sortu eta erabili. Bestela, AEBek Europan, Asian eta beste erregio batzuetan ondasunak erosten dituzte paper-kredituen bitartez, AEBetako Altxor Publikoko IOU delakoen bidez. Era honetan, Altxor Publikoko bonuak erosiz, herrialde horiek guztiak AEBetako gobernuaren aurrekontuaren defizita ere finantzatzen dute. Izan ere, David Hale ekonomialariak zioenez, 2003. urtean Europak eta Asiak AEBetako defizit federalaren %60 finantzatuko zuten (http://www.counterpunch.org/schaefer07122003.html).
AEBek atzerriko ondasunak inportatzen dituzte, dolarrak mundu ekonomian puztuz inolako quid pro quo hornitu barik. Modu honetan, AEBetako Altxor Publikoa nazioarteko zor handia kudeatzeko gai da, ordainketa balantzako defizita erabiliz, ez soilik beren kanpoko merkatu defizita finantzatzeko baizik eta beren barruko aurrekontu federalaren defizita ere finantzatzeko.
AEBetako IOU direlakoek munduko oinarri monetarioan parte hartzen duten heinean, ez dira berrordainduak izango. Hortaz, mundu osoaren gaineko zerga berezi bat martxan jarri da. Zerga hori Europak eta Asiak ordaintzen dute AEBekiko beren ordainketa-balantzako superabiten bitartez, beren banku zentralek beharra baitaukate dolar kopuru handiak onartzea.
Inperialismoaren teoria zaharrek ez dute gehiagorik balio. Esplotazioaren erarik sakonena, kuantitatiboki, gobernuen artean gertatzen da gaur egunean. AEBek gainontzeko mundua esplotatzen du atzerriko banku zentraletan metatutako dolarren bitartez. Are gehiago, superinperialismo berriak bereziki herrialde aberatsak esplotatzen ditu, alegia, superabit ekonomikoa bereganatu dutenak, Willy Sutton lapurrak bankuak, hots, dirua zegoeneko erakundeak, lapurtu zituen bezalaxe.
Gaur ekonomia osoa finantza-ekonomia bilakatu da, unibertsitateko testuak erretorika hutsa diren bitartean eta ikasleak hipotesi, argudio, teoria eta hitz-jario gehiegitan galtzen diren artean. Fartsa akademikoa lotsagarria da: errealitatetik erabat kanpo eta matematikazko jokoak etengabe aipatuz. Gaur egun finantza ingeniaritza da nagusi, eta horretaz jabetzeko oso autore gutxik merezi dute gure arreta. Haien artean Michael Hudson.
Joseba Felix Tobar-Arbulu / ingeniaria