Soberanía o subordinación izenburupean aurkeztu zuen atzo Donostian Tomas Urzainki Iruñeko idazle eta historiagileak bere azken ekarpena. Bere hitzetan, “estatuaren inguruko 40 urteko hausnarketaren emaitza da” eta gizarte burujabearen definizioa eta bere etorria dira liburuaren ardatz nagusiak.
Artean, gaur egun gori-gorian dauden kontzeptuen inguruan mintzo da Urzainki: Burujabetza partekatuaz, estatu nazioen iraupenaz, autonomia estatutoen funtzioaz eta gizarte burujabe eta menpekoen arteko harremanaz, besteak beste. Jarrera kritikoak bultzatuta eta “ohituta ez gauden hainbat ikuspegirekin” hornituta, osatzen du liburua Urzainkik. Bere aburuz, azken bi mendeetan Euskal Herriak sortu dituen zortzi konstituzioek ematen duten zilegitasuna aintzat hartuta; eta “euskal gizartea subjektu aktiboa eta objektu politikoa” den heinean, gizarte burujabea izateko baldintza guztiak betetzen ditu.Gizartearen funtzioa azpimarratzearekin batera, “euskal gizartea menpeko gizartea izatea” aldarrikatu zuen Urzainkik “bere izaera bereizitua indartzea bermatuko dioten berezko erakunderik gabe”. Ildo horretan, 1841. urteaz geroztik, euskal estatuaren ikurra zena “herritarrak eta horretarako zilegitasuna zuten Nafarroako Gorte Nazionalak aintzat hartu gabe” probintzia hutsa bihurtu zirela gogorazi zuen.
Demokraziaren oinarrian
Horrenbestez, gizartearen parte-hartzea azpimarratu nahi du Urzainkik bere azken lanean. Bere hitzetan, “gizarte baten erabakitzeko eskubidea eta demokrazia” kontzeptu banaezinak dira. Ildo berean, “euskal gizartearen izaeraren aitormenik eta errespeturik ezean” burujabetza partekatua ezinezkoa dela uste du, “menpekoa estatu handiak mendean hartuko lukeelako halabeharrez”.
Era berean, autonomia estatutuak, “euskal gizartearen menpeko izaeraren adierazgarri” direla aldarrikatu zuen Urzainkik, “estatu handiaren egitura indartzen dutelako”. Horrez gain, bere ustetan, “estatu nazioek osasun ona dute artean”, eta horrenbestez, euskal estatuaren beharra aldarrikatu zuen.