“Arantzazu, harriz herri” dokumentala

Duela 50 urte, Arantzazuko basilika artearen eta arkitekturaren Euskal Herriko erreferentziazko lekuan bilakatu zuen obra bukatzea lortu zen. Izan ere, Jorge Oteizak egindako 14 apostoluak bere lekuan jartzea lortu zen, 15 urte baino gehiago iraun zuen debekua jasan ondoren. Gertakari honetatik abiatuta eta Gipuzkoako basilika nagusiak memoria leku bezala duen garrantzia azpimarratuz, Nabarralde Fundazioak Arantzazuren inguruko dokumental bat argitaratu berri du: Arantzazu, harriz herri.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Laboral Kutxaren eta Oñatiko Udalaren laguntzari esker egindako dokumentala ostegun honetan, hilaren 26an, estreinatuko da Orona Ideoko (Hernani) auditorio nagusian, 19:30ean, elebiz (euskaraz eta gazteleraz, azpitituluekin). 

 

Lehenengo aurkezpen honetan, halaber, Arantzazuko santutegiko zaindari Juan Ignazio Larreak  eta Oteiza Fundazioa Museoko kontserbatzaile Elena Martinek ere parte hartuko dute. Biak dokumentalerako elkarrizketatuak izan dira, baita Peio Zabala fraide frantziskotarra ere. Dokumentalaren errealizazioa Jesús Iriarterena izan da, eta gidoia Miren Mindegiarena. 

“Bere historia guztian zehar, Arantzazu Euskal Herriko memoria leku garrantzitsu bat izan da”, azaldu zuen Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak dokumentalaren prentsaurrekoan. “Bere oinarriak, harriz harri, artearen eta kulturaren gain eraiki ditu eta, batez ere, herriarekiko konpromisoa erakutsi duena”. Izan ere, Arantzazu bertan ospatu ziren euskara batua aurrera ateratzeko Euskaltzaindiak ospatutako lehenengo bileretako batzuk, Aita Villasante tartean, frantziskotarrek euskararekiko zuten konpromisoa erakutsi zuena, besteak beste.

“Jorge Oteizaren apostoluak basilikan instalatu zireneko 50 urteurrena ospatzen den honetan” gehitu zuen Rekaldek, “Arantzazu erreferentziazko leku bilakatu zeneko garaira bidaiatzen du dokumentalak: artea eta euskara, kultura oro har, euskaldunen babesleku bilakatu zireneko garaira, hain zuzen ere”. 

HURRENGO EMANALDIAK:

  • URRIAK 2 // Okendo aretoa (Donostia)
  • ABENDUAK 7 // Durangoko Azoka (Durango), 11.00