2006ko euskalgintza hizpide

Iaz abian jarritako ohiturari jarraiki, aurten ere joan zaigun urteko euskalgintza jorratu nahi genuke gaingiroki bederen. Mokoka jardungo dugunez, halakoari halako ostuz eta holakoari holako lapurtuz, balantze honek ez du urteko euskalgintzari neurria hartzeko asmorik. Ez asmorik eta ez ahalik. Gainera, ekintzak baino gehiago, ekintza horiei buruzko iritziak bildu nahi genituzke, euskalgintzaren panorama euskaltzale batzuek, ez askok, nola ikusten duten jakiteko. Tartean nire iruzkin batzuk, diotenaren euskarri edo…

Lehenik eta behin, euskaltzalearen bakardadea gogorarazi nahi genuke, Koldo Rodriguez Akarregiren bakardadeak ondo islatzen baitu herri euskaldunak jasan duen apartheid soziolinguistikoa: “Azken sei hilabete hauek infernu bat izan dira niretzat, ez bakarrik baldintzapeko askatasunak sortzen dituen egoerengatik, baizik eta bakarrik, oso bakarrik sentitu naizelako karga astun hau aurrera eramateko. Sei hilabete hauetan ez dut inolako elkartasunik jaso, badirudi jendeari normalak egiten zaizkiola egoera hauek, eta horrek jendea ez mobilizatzea eta jendeak elkartasuna ez adieraztea ekartzen duela”.

Herri euskalduna bertan behera utzitako herri bat da, ia ideologia guztiek utzi dute bere bakardadean, eta bakardade horren ahots mingarria izan da Koldoren ahots nahigabetua joan berri zaigun urtean.

Ildo bertsuan mintzatu zaigu Pako Aristi oraindik orain: “Euskaldun gehienek ez dute bizi euskara eta euskal kultura euren bizitza aberasten eta edertzen duen gauza bat bezala, ez dute egunaren bukaeran barruko poz bat sentitzen halako artikulua irakurri, halako poema bat deskubritu edo disko zoragarri bat entzun dutelako, (…)”.

Arrazoi osoa daukala esango nuke: salbuespenak salbuespen, euskalduna eroso sentitzen da elebitasun diglosikoaren infernuan, herri euskalduna infernura kondenatu duen elebitasun eredu horretan. Etnozidioaren iturria besterik ez den elebitasun ordezkagarri horretan. Euskaldunak ez dauka jatorriz datorkion hizkuntzaren kontzientziarik, euskaldunak hizkuntzari buruz daukan ikusmoldea eta definizioa bera delako, besteak beste, gertatu zaigun etnozidioaren estalkia eta zuribidea. Estatu totalitarioen eginkizuna izan da hondamendia, bai, hori horrela da, baina estatu horien lana erraztu egin du euskaldunaren auto-etnozidioak.

Etnozidioa gora eta etnozidioa behera gabiltzanez, landa dezagun hemen Ludger Mees-ek Miguel Sanzi idatzi zioen gutuneko pasarte bat: “Beti pentsatu izan dut zuk legitimitate osoa daukazula esaten duzuna esateko eta egiten duzuna egiteko, nafarrek eman baitizute legitimitate hori hautestontzietan; eta nafar horiek kenduko dizute, hori bada gehiengoaren nahia”. Irakurleak gogoan izango ditu oraindik Sanz jaunak unibertsitatea eta euskara ahotan hartuta esandako hitzak. Testuingurua zehazte aldera, bego hori horrela.

Bestetan ere esana dugunez, miresgarria zaigu kanpotik etorrita Mees jaunak egin duena egitea: bere burua euskaldu, alegia. Baina, nolanahi ere, miresmen horrek ez gintuzke itsutu behar, ikusmen galerak etnozidioaren eragileak salatzeko gaitasuna bahitzen baldin badigu behinik behin. Ez gara hemen hasiko noski etnozidioaren eta genozidioaren arteko aldeak aletzen, baina zilegi bekigu galdera bat edo beste: gehiengoaren izenean, Alemanian gertatu zen bezala, genozidioa zilegi ez baldin bada, zergatik da zilegi etnozidioaren praktika zorioneko gehiengoaren izenean? Zergatik da zilegi munduan, munduan Sanz jaun asko dagoelako, gehiengoaren izenean, milaka eta mailaka hizkuntza-herri eta identitate heriotza zigorrera kondenatzea?

Gatozen elebitasunaren edo eleaniztasunaren definizio zilegi bakarrera: alegia, bizimodu soziala elebakarra ez baldin bada, mundua eta lekuan lekuko herria ezin dela eleanitza edo elebiduna izan. Urtzi Urrutikoetxea mintzo zaigu: “Telesail amerikarrak ingelesez, latinoamerikarrak gazteleraz, errusiarrak errusieraz, dena azpititulatuta, eta beste bi, hiru, lau kanal bertako hizkuntzan, estonieraz, letonieraz, lituanieraz. Asteon ezagutzeko parada izan dugu. Elebakar jokatzen dute, eleanitz izateko bide bakarra delakoan, diglosiak ito ez ditzan”.

Elebitasunaren interpretazio zuzen bakarra ondo aplikatzen bide dute herrialde baltikoetan. Hots, herri bat, edo mundua bere osotasunean, elebitasunean edo eleaniztasunean egituratu nahi baldin bada, herri edo mundu horren egitura soziolinguistikoak elebakarrak izango dira; ezinbestez izan ere. Herrien edo munduaren funtzionamendu soziolinguistikoa zorioneko elebitasun sozialaren baitan eratzeko asmoa, zintzoa edo gaiztoa, berdin-berdin dio, izatez, herri-hizkuntzei heriotza-zigorra ezartzea besterik ez da. Eta herri euskaldunari Hegoaldean ezarri zaion elebitasun-eredua, ez da herrialde baltikoetakoa, etnozidioaren eredua baizik.

Euskararen normalizazioa dela-eta, gogoeta teoriko jakingarria egin digu Roberto Manjonek duela gutxi: “Hizkuntza politika esplizituaren ondorioak hutsalak dira oinarrizko politiken ondorio linguistikoen aldean. (…) Gure Erakundeen oinarrizko politikek euskara kolapsora eramaten duten ohiko politiken ildotik datoz, garapen-eredu berarekin, uniformeki azeleratuz hizkuntza ordezkapena”.

Ideia interesgarria da. Nik, neure aldetik, honelatsu laburtuko nuke mezuaren muina: hizkuntza-herri menderatu baten aldeko politikak, asmorik onenaz egindakoak direnean ere, ez dutela ezertarako balio, baldin eta neurri horiek gizartearen egitura hegemonikoa eratzeko egiten direnekin bat ez baldin badatoz. Bat etortzeak zera esan nahiko luke gutxi-asko: euskararen aldeko neurriak gizarte-egitura hegemonikoen logikarekin kontraesan soziolinguistikoan ez egotea. Alegia, herri honen antolamendu orokorra egituratzeko orduan hartzen diren neurriak euskararen aldeko politikarik ez baldin badaramate berez txertatua, ez dagoela zer eginik. Batean egindakoa bestean desegiten delako. Alfer lana dela euskararen alde hezkuntzan-eta egin litekeen guztia.

Koldo Tapiak ere gauza interesgarriak esan dizkigu oraindik orain. Oso oker ez banago, gainera, aurreko puntuarekin badu zerikusirik, azken batean euskararen balioa baitago auzitan batean eta bestean: “Euskal Herrian bere sorkuntza lana euskaraz egiten duenarentzat oso zaila da bidea egitea sorkuntza lan horren ekosistema osatzen duten gainerako elementu guztiez batere arduratu gabe. Ez daukagu merkaturik, eta ez dut uste merkatu harremanen planteamendu soiletik etorkizunik daukagunik. Beste zehar-lerro batzuk lortu behar dira”.

Zernahi delarik ere X-en balioa, azken buruan, balio hori balio soziala baldin bada, eta balio-sistema merkatuaren mekanismoak gauzatzen baldin badu, nola aurkitu baliorik euskarazko zernahi horrentzat? Ekosistemaren ideiak osotasunaren ideiara garamatza, holismoarenera, osotasunak determinatzen duelako egitura soziolinguistikoaren atarramentua. Baina, jakina, ekosistema bere osoan hartuta ere lanak dauzka herri euskaldunak, herri horren hizkuntzak eta kulturak ez baitute ia ezer kotizatzen merkatuaren balio-sisteman. Hor zeregin handirik ez baldin badugu, Koldok dioen bezala, etorkizuna beste nonbait aurkitu beharko dugu.

Puntu honetara iritsi, jakina, badakigu zer pentsamendu dabilkion buruan abertzale askori: aterabidea politikoa da. Baina diskurtso politikoa, kultura politikoa, pentsamendu orokorregia eta lausoegia da esku artean darabilgun arazoaren mataza askatzeko. Ez du balio bere soilean, ez du gaitasunik erakusten herri euskaldunaren atarramentu gaiztoa ulertzeko. Kontua ez baita orain herri honentzat independentzia eskatzea, independentzia zertarako nahi duen eta behar duen ez dakien herria bihurtu digutelako -etnozidioaren prozesua izan ere amaitua baitago funtsaren funtsean-.

Bukatzeko, goazen Arraldera. Arralden bizi da Feliz Arkarazo, eta gisa honetara dakusa handik euskañolaren auzia: “Beste arlo askotan gertatzen den bezala, euskararen maila pixka bat trakestu dela esango nuke. Irakaskuntzan sumatzen da narriatze hori bereziki, baina baita gidoigintzan eta beste alor batzuetan ere. Erdarakada ugari entzuten dira, euskarak erdal arima hartu du eta bada garaia euskara bultzatzen hasteko; bestela… kantzerra datorkigu! Gaur egun kalean entzuten den euskara, berez, ez da euskara: erdara da, euskal hitzekin. Kezkagarria dela uste dut”.

Hizkuntza bat ez omen da hiltzen bere azken hiztuna zendu ondoren. Hiltzen omen da bere “arima” galdu duenean: hau da, pentsamenduaren baliabideen iturria hizkuntza horretatik kanpo dagoenean, hizkuntza eta pentsamendua bat ez datozenean. Hori horrela izatekotan, euskañolaren iturria, euskarari ezarri zaion heriotza-zigorraren beste alderdi bat izango genuke.