1793-1794: Frantziak lapurtarren kontra bultzatutako genozidioa

1. SARRERA

Eguneroko eztabaidetan jarduten dugularik, nekez entzuten da gurean azken hamarkadetatik atzerako aipamenik. Askoz ere gutxiago, gure istorioan indarkeririk gertatu denik (50eko hamarkadetatik aurrera izan ezik, eta batzuen aldetik etorri baldin bada). Gehienez, frankismo garaira jotzen ohi da.

Antza denez, gure gaurko egoera, arlo politikoan, nahiz gizarte edo hizkuntza arloan, berez sortua da, modu naturalean. Hortaz, naturaltasunez erabaki dezakegu haren inguruan. Baina posible al da hori, abiapuntua indarkeriaren bitartez de facto ezarritako egoera baldin bada? Jakina, horretarako indarkeri hori gertatu dela jakin beharko genuke…

Milaka adibide ditugu gure istorian. Eta, horien artean, kasu zehatz bat hartuko dugu oraingoan, esandakoa irudikatzeko: Frantziar Errepublikak 1793 eta 1794 artean Lapurdiko herritarren kontra gauzatutako derrigorrezko deportazioa edo erbesteratzea, alegia.

2. HASTAPENAK: FRANTZIAR IRAULTZA

ilarra1

Imagen de la toma de la Bastilla (Iturria: assassinscreedchile.wordpress.com)

Gure istoriaz ez bezala, askotan entzun dugu Frantziar Iraultza entzutetsuaz. Erdi Arotik etorritako Erregimen Zaharra delakoa akabatu omen zuen, eta Giza Eskubideen aldarrikapena lehenetsi zuen…. nork ez du sekulan Liberté, Egalité, Fraternité lelo distiratsua entzun? Hori da behintzat kontatu diguten errelatoa… baina ipuin gozo honek badu hainbeste kontatu ez diguten alderdi iluna. Eta, dakigunez, egi erdia egi ustela izaten da…

Ez dugu hemen gertaera honen xehetasunik kontatuko, baina merezi du, behintzat, haren inguruko zertzelada batzuk ematea. Jakingo duzuenez, gatazka Erregeak deitutako États Généraux izeneko 3 Estatu edo gizarte klaseen biltzarran piztu zen, eta honek monarkia bertan behera utzi zuen La Bastille espetxearen hartzea ekarri zuen, 1789ko uztailaren 14an. Hirugarren Estatua delakoa (hiribilduetako burgesia ordezkatzen zuena, alegia) États Généraux -en jabe egin zen, eta ordura arte aholkularitza lanetan aritutako erakundea Biltzar Eratzaile Nazionala bihurtu zuen, 1789ko urrian hain zuzen ere.

Lapurdi, Zuberoa eta Bearn ordezkariak bidaltzera behartu zituzten, États Généraux-etara sekulan ordezkaririk bidali ez bazuten ere. Hiru lurraldeen ordezkariek, hasieran, aginteari uko egin zioten, bertan feudalismoa ez zela existitzen, eta berezko autonomia eta egitura konstituzionala (Foruak, alegia) zeukatela argudiatuta; baina azkenik, amore eman behar izan zuten. Nafarroa Beherako Estatu Orokorrek, aldiz, ezezko borobila bota zuten, erresuma askea zela eta.

ilarra2

Celebración de los Estados Generales en mayo de 1789 (Iturria: http://www.historiacultural.com)

1789ko Abuztuaren 4an, baina, dekretu bidez “feudalismoaren eskumen eta arrasto guztiak” indargabetu zituzten; eta zaku berean sartu zituzten Lapurdi, Zuberoa, Bearn eta Nafarroa Beheraren berezko konstituzioak, bide batez Nafarroako Erregearen titulua deuseztatuz. Hemen ere, Nafarroa Garaian bezalaxe, nafarrek euren Estatuaren hileta elizkizunetan parte hartzeko aukerarik ere ez zuten izan….

Euskal foruen eta aristokraziaren arteko lotura tranpati hau behin eta berriro agertuko da, euskal nortasuna txikitzeko asmoz. Azkenik, 1790ko urtarrilaren 12an Basses-Pyrénéés (1969tik aurrera, Pyrénéés-Atlantiques) Departamentua sortu zuten.

  1. ERBESTERATZEA

Istorian apur bat jauziko gara orain. Izan ere, azaldutako gertakizunen ondorengo urteak oso gorabeheratsuak izan ziren….

Testuinguru honetan, 1792ko irailetik 1795ko urrira arte boterea La Convention izeneko biltzar baten eskuetan egon zen. Biltzar honek, aurrekoak ez bezala, errege eta erlijioaren kontra bortizki jo zuen. Esate baterako, 1793ko urtarrilaren 21ean Luis XVI.ari burua moztu zion, eta apaizak konstituzioa zin egitera behartu zituen, besteak beste.

Eliza eta monarkiaren aurkako jarrera bortitz honek inguruko monarkiekiko borroka piztu zuen, eta guda honen fronte bat, hain zuzen ere, Pirinioetan kokatu zen. Bizkaia, Gipuzkoa, eta Araban sartu zen Frantziar armada, baina Bortzirin, Baztanen edo, bereziki, Aezkoan ongi gogoratzen dute gerra honek eragindako txikizioa.

Gatazka hau dela eta, lehenengo aldiz erabili zen gure lurretan, armada eratzeko, derrigorrezko errekrutatze sistema. Honen ondorioz, mugaz gertuko herrietako gazte askok eta askok hegoaldera alde egin zuen, Nafarroa Garaira eta Gipuzkoara hain zuzen. Baina 1793ko martxoaren 3an, Donibane Lohitzuneko Elkarte Iraultzailearen ekimenez, Itsasuko 47 gazte intsumiso ihes egindakoan, Ainhoa, Azkaine, Ezpeleta, Itsasu, Sara eta Zuraide “udal zital” edo “udal lotsagarri” izendatu zituzten.

Jarraian, “susmagarriak” ziren lagun guztiak (4.000 baino gehiago: biztanle gehienak, beraz) mugaldetik 80 kilometro baino gehiagotara erbesteratu zituzten -Landetara hain zuzen ere: Capbreton, Gers…-, oso baldintza latzetan. Haien artean baziren 70 urtetik gorako agureak, haurrak…. Adibide bat jartzearren, Azkainen hartutako 162 lagunetatik, 30 lagun hamar urtetik beherako haurrak ziren!!

Erbezteratzea urte eta erdi geroago amaitu zen, 1794ko irailaren 30eko dekretu baten bitartez. Une horretarako, kanporatutako 4.000 lagunetatik gutxienez 1.600 hilda zeuden, eta sorterrira itzulitakoak haien etxeak frantziar “abertzale”-en eskuetan aurkitu zituzten, herriak suntsiturik… Bizirik iraundu zutenentzat ere, gose eta zoritxarreko urteak izan ziren ondorengoak…

ilarra3

Maximilien Robespierre, uno de los artífices de la fase denominada El Terror, que culminaría en el marco de la Revolución Francesa en 1794 (Iturria: http://www.claseshistoria.com)

  1. AMAITZEKO GOGOETA BATZUK

Lapurdiko edozein herritara joanez gero, nonahi topatuko ditugu Frantziaren alde bizitza eman zuten lagunen oroimenezko mezuak, oroitarriak eta estatuak, baina nekez aurkituko dugu herri hauen bizitza zapuztu zuen gertakizun honen oroitarririk. Kontua aipatzean, La Convention-ek egin zuela esaten ohi da, eta ez Frantziak; Turkiak ere Armeniar genozidioaren erantzukizuna Turkiar Gazteen lepoan usten du, baina haren ondorioak ontzat jotzen ditu, erabateko hipokrisiarekin.

Gure herriaren istorian halako ekintza genozida gertatu zela nekez gogoraraziko digute, oroimen istorikoaz mintzatzen zaigunean. Ez dut uste gure ikastola eta ikastetxeetan honen inguruko berririk jasoko dutenik. Egokiagoa izango litzateke, agian, ahanztura istorikoaz hitz egitea…

Joan bedi, baina, lerro hauetatik gure omenaldia, izenik gabeko ehundaka herritar horientzat. Eta ez dadila azkena izan: ez baita istorio kontu soil bat, duintasun kontua baizik.

http://martinttipia.com/2015/06/28/1793-1794-frantziak-lapurtarren-kontra-bultzatutako-genozidioa/