Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia, Azpeitian 2019ko martxoan

2019KO MARTXOAREN 29 ETA 30EAN OSPATUKO DUGU, AZPEITIAN, ZUZENBIDE PIRINIARRAREN II. JARDUNALDIA

Duela urte batzuk, 2016an, Zuzenbide Piriniarraren inguruko jardunaldi bat antolatu genuen Agurainen (Gasteiz). Helburua, gai honen inguruko dokumentazioa, datuak, ererferentzia eta ezagutza biltzea zen. Izan ere, gutxi ikertutako kontzeptua dugu. Baskoien gizartearen oinarri nagusi izan zen Zuzenbide Piriniarraren oinarriak eta ezaugarri nagusiak definitu genituen Agurainen, baita gaur egun arte iraun duten adierazpideak aztertu ere. Izan ere, Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak azaldu zuen bezala, “Zuzenbide Piriniarraren gainean eraikitzen dira Foruak, baita hainbat estatutako erakundeak ere (Nafarroakoak, Aragoikoak, Andorrakoak); hala nola auzolana edota komunaletan oinarritutako jabego eta ustiaketa kolektiboa ere.

Gure historiaren adierazpen eta ekimen askok ere bertan dute jatorria, ikastolen mugimenduaren baitako kooperatibismoa, esaterako. Hartara, Zuzenbide Piriniarrak gure kolektibo nafarraren aktibitate sozio-ekonomikoaren, administrazio formulen, politika ereduen eta mugimendu kulturalen  ardatz nagusia izaten jarraitu du.

Agurainen parte hartu zuten hizlariek egindako ekarpenekin, liburu bat argitaratu genuen, Euskal Herriko Zuzenbidea, historia eta kultura ezagutzeko ezinbesteko lana.

Lan guzti honi jarraipena emateko helburuarekin, 2019ko martxoaren 29 eta 30ean bigarren jardunaldi bat ospatuko dugu Azpeitian, Nabarraldek herriko udalaren laguntzarekin antolatuko duena. Bestelako ikuspegi batean oinarrituko gara. Izan ere, Zuzenbide horren pean bizitzeko, lan egiteko, harremantzeko eta erabakitzeko modu zehatzak existitzen dira, azken finean, mundua ulertzeko modu bat. Kultura politikoaz ari gara. Iraganean exisititu bazen, ondare horrek bizirik jarraitzen duela baieztatu dezakegu? Zertarako balioko liguke mundua ulertzeko modu zehatz horrek gaur egun? Etorkizunerako baliagarriak izan daitezken tresnak eskaintzen dizkigu?

Jardunaldiaren proposamena, Zuzenbide Piriniarraren oinarriak argitzeaz gain, gure existentzia kolektiboaren baitan bizirik dirauten adierazpen horiek zehaztean oinarrituko da. Hartara, hitzaldiez gain, eztabaidara zabalduko diren mahai-inguru sendoak aurreikusten ditugu: euskara eta parte-hartze politikoa izango dituzte hauek gai nagusi bezala.

Iraganera begiratzea baino, etorkizunean jarriko dugu mira Zuzenbide Piriniarraren bigarren jardunaldi honetan. Izen-ematea laster zabalduko dugu gure webgunean. Bitartean, jardunaldiaren xehetasunak lehenengo zirkular honetan begiratu ditzakezue.

  1. ZIRKULARRA (PDF)