Zure estatua gure lurrean eraiki duzu

Ape Musa idazle eta intelektual kurduak (Kurdistan 1920-1992), turkiar gobernuari esan zion: “Nire hizkuntzak zure Estatuaren oinarriak astintzen baditu, horrek esan nahi du, ziur asko, zure Estatua nire lurrean eraiki duzula”. Turkiako gobernuak tiro batez hil zuen Musa, baina Turkiako auzitegiek ez zuten delitu zantzurik ikusi. 2006an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak, Turkiako Gobernuari 28.500 eurotako isun “sinbolikoa” ipini zion hilketa honegatik.

Erromatar Inperioko Mendebaldea “barbaroek” konkistatu zutenean, euskaldunak biziraun bakarrik ez, gure burua antolatzeko kapazak izan ginen Herri zahar bakarra gara. Gure Estatua eraiki genuen, egitura politiko propioa zuenak, euskal zuzenbidea edo zuzenbide piriniarrean oinarritua, Foruak bezala ezagutzen ditugunak. Denon indarrak eta interesak batuz, gure Estatua sortzeko gai izan ginen, 1000 urtez libre iraun zuenak (600-1620). Baskonia zen bere lehen izena eta Nabarra da haren alaba. Gure Estatua heldu zen lurralde osora gure hizkuntza berriro zabaldu genuen. Gure Estatuaren biztanleriaren %80 baino gehiago euskaldun elebakarra zen oraindik XVI. mendean (“la Guerra de Navarra” Peio Monteano) eta musulmanen esku 400 urte egonda ere, Hegoaldea eleanitza zen euskara barne, gaur ez bezala (“El euskera en Navarra” Jimeno Jurio).

Nafarroako lehen errege familiek euskara zuten ama hizkuntza (Mateo de Anguiano “Compendio historial”). Askatasun mende horietan euskara erabili zuen nafar Gorteak, baita goi funtzionarioek, enbaxadoreek, Goi Justiziak, Errege audientziak, Nafarroako Kontuen Ganbarak, Hazienda Foralak, notarioek eta merioek baita ere (“Navarra, Estado europeo” Tomás Urzainqui). Adibidez, 1505. urtean Ezpeletako kondeak Beireko alkate eta Erriberriko merioa zenari idatzi zion gutun ofizial batean, euren artean euskara erabiltzen zutela ikus daiteke: “Mutila nescatoa andrea gisona mutil chaperuge/ antonjo gandaygu suquetanjque gandaygu/ armosadu meryendadu/ [zue]”. Goi Nafarroak izan dituen azken errege-erreginak, Gorteari euren semea euskaraz heztea agindu zioten, “erresuma honen hizkuntzan”. Enrique II “zangotzarra” izan zen azken Estatu buru euskalduna.

 

Gutenberg alemanak inprenta asmatu zuenean gutxi batzuen eskura zegoen makina garesti hura. Inprenta eta protestantismoaren ideologia zabaltzailearekin batera, Europa osoan liburuak latina edo erromantzea ez ziren beste hizkuntzetan idazten hasi ziren. Orduan ere Nafarroako errege-erreginak izan ziren Etxepareren euskarazko lehen liburua finantzatu zutenek (Enrique II.ak eta Margarita bere emazteak hain zuzen), eta gero Leizarragaren Testamentu Berria (euren alaba Juana III.ak). Erdi Aro eta Aro Modernoko mende guzti horietan, Estatu baten babesa zuelako, euskara prestigiozko hizkuntza zen, geroztik izan ez dena.

Gaur egun, euskal historialariek, filosofo, idazle eta politikariek, eta gero eta euskal herritar gehiagok, badakite Pako Aristik “independentziaren paperak” liburuan idatzi zuena: “Denok gara euskaldunak, lurralde guztietakoak, baina Nafar Estatukoak gara, Nafar Estatu bahitutakoak”. Gure Estatua konkistatu ziguten eta bahitua jarraitzen du, baita gure hizkuntza ere: “Nafarroak orduantxe galdu du bere independentzia eta beraz, euskarak galdu ditu bere erregeak, euskarari lagundu ahal izango lioketenak. Beraz, euskara gelditu da modernitatearen hasieran bere alboko hizkuntzek dauzkaten laguntzak gabe” Joxe Azurmendi (Ur, Su, Lur. Dokumentala).

Gaur egungo Auzolana edo lorra, kontzejuak edo herri asanbladak, komunala edo kooperatibak, egitura estatal horren itzalak besterik ez dira, eta euskara edo “lingua navarrorum-aren” gaurko egoera makurra ere hortik dator. Aristik berak azaltzen digu gure Estatuaren bahiketak zer suposatzen duen gure hizkuntzarentzat: “Bi hizkuntza dauden lekuan beti injustizia baten aurrean gaude, konkista, jazarpena eta inposizioa biltzen dituen historiaren aurrean, ez baitago berez bi hizkuntza zeuzkan herririk; bi herri ezberdin izango lirateke, hartara. Bi hizkuntza egotea herri batean tragedia baten adierazle da, printzipioz. Gerra linguistiko baten hasiera, menderatuen hizkuntza desagertzea bilatzen duena” (“Piramide baten historia”). Adibidez, aurten, Andaluziatik etorri berria den futbol arbitro batek, berak ez duela euskara ulertzen eta 22 euskaldunen arteko elkarrizketak gaztelaniaz behar direla izan derrigortu du, bestela futbol zelaitik kanporatuko dituenaren mehatxupean. Foucaultek zioen bezala “nazio batek beste bat konkistatu eta okupatzen duenean, hori ez da inoiz amaitzen”.

Gaurko euskaldunok diglosia hutsean bizi gara eta askotan euskaraz hitz egiteko gaitasuna ia galdu dugu. Gaurko “Erdal Herrian”, ezinezkoa da euskaraz bizitzea. Euskaraz hitz egitea ez da bakaneko pertsonen eskubidea. Zein eskubide eduki dezaket euskaraz hitz egiteko espainol ejertzito eta poliziak euskaldun guztiei gure hizkuntza hitz egitea debekatuko baligute 40 urtez egin ziguten bezala? Uler erreza da, aske bizi ez den Herri bat ezin dela herritar askeez osotua izan.

Gure etxean bortzaz sartu ziren eta bortxaz inposatzen dizkigute euren legeak eta hizkuntza. Estatuak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Herriak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Hizkuntzak ez dira berez desagertzen, inperialistek desagerrarazten dituzte. Gure hizkuntza edo katalana, espainol eta frantsesen Estatuaren oinarriak astintzen dutela ikusteak, euren Estatua gure lurrean eraikitzen ari direla esan nahi du horrek.