Xahoren ekintza bat

Agosti Xaho azkenean aipü da heriotzako 150. urtebürüari esker. Horrez orokorki erran direnak arrapikatü gabe, horren ekintza berezi batez ariko niz egün. Ez da hitz eta izkiribü ederretan baratü, ekintzale handia izan da gaineala, bereziki 1848ko iraültzan.

Barantailaren (otsailaren) 25a, ostilarea : goiz hortan errepüblika aldarrikatü da Parisen. Biharamenean Xahok bere adiskideekin deliberatzen dü Baionara hedatzea. Sistema berriaren alde biltzen dütü aüzapeza, garda nazionaleko aitzindaria eta hiriko bürüzagi zibilak. Igantea, 27a : popülüa deitzen dü manifestatzera, karrika üngürü handi batetan arrakasta ederra ardietsiz.

Asteartea, 29a : Xahok Harispe jenerala bere alde biltzen dü (hau ez da orano marexal, titülü hori Napoleon IIIak berantago emanen deio). Harispek armada herrokan ezarririk, “Biba errepüblika” oihü eginarazten deio. Asteazkena, martxo lehena : xahok Baionako kontseilüari errepüblikaren aldeko aldarri bat bozkarazten deio.

Azkenekoz martxoaren10ean, igantekari, Baionako katedralean zeinüek airez-aire deitürik, meza nausian jente oste baten aitzinean agertzen dira Harispe jenerala, garda nazionaleko aitzindaria, aüzapeza, Baionako haütetsi eta handiki güziak. Xaho antikatoliko gorriak Mgr Lacroix apezküpüa lehiaratzen dü “Domine salvam fac rempublikan” kantatzea, jauna salba ezazü errepublika ! Eta gero libertatearen zühaina benedikaratzen deio.

Hots Agostik errepüblika Baionan sartü züan odol txorta bat isuri gabe. Hor konseilari eta garda nazionaleko komandant haütatürik izan zen, gaineala Atharratzen kontzeilari orokor. Bena laster errepüblika horrez etsitüko dü, betiko jaunen eskü ikusiz, eta oposizionean sartüko da.

Haatik errepüblikaren alde lehiatüko da 1851 ürrentzean, Napoleon III geiak estatü kolpe bat eginen düalarik. Honez erresumatik ohiltüren dü 1852 hastean, eta Xaho Gasteizen biziko da urte batez. Azken bost urteak Baionan igaranen dütü, Pont Mayou (orai Victor Hugo) arrüako 12. egoitzan zerratürik idazten, tai gabe kukuxkan ari zaion poliziaren bistatik aterpetü nahiz. Hor hilen da 47 urteetan, 1858ko ürrietaren 23an, hots düala 150 urte. Bizi llabürra, bena zoin betea eta emankorra !