Untzueta gaztelua nafar erresumaren babesle

900 urte inguru atzera eginda, XI. mendean, Nafarroako Erresuma indartsua zen garaietan eta Bizkaia ere barne zelarik, gaztelu bat eraiki zen Untzueta mendiaren tontorrean. Ondorengo mendeetan, betekizun garrantzitsua izan zuen gazteluak eta bertan izandako gertaerek eragin handia izan zuten Euskal Herriaren historian, eta nola ez, inguruko herrietan.

XIV. mendean suntsitu zuten betiko, eta han gaztelu zahar baten aztarnak daudela jakin arren, ez daukagu informazio zehatzik, eta gehienok ez dakigu askorik geure inguruan izan zen nafar gazteluari buruz.

Orain dela urte batzuk, Untzuetan indusketa arkeologikoa egin ziren Aunia Kultur Elkarteak eta aldundiaren kultur sailaren ondare historiko zerbitzuak antolatuta. Indusketa horretan Nafar gazteluaren kanpoko hormak, dorrearen hondarrak eta dorrearen ur-zuloa topatu ziren gaur egun dauden telebista antenen ondoan. Lantzen puntak, hondar zeramikoak, giza kontsumorako animalien hondarrak eta harri-bolak biltzeaz gain, Untzuetako gazteluak harresi bat zeukala, bere barnean bizitzeko egokia zen dorre bat zegoela eta han ur-zulo bat eta elikagaientzako gordeleku bat zegoela diote indusketa txostenek.

Untzueta gaztelua estrategikoki kokatuta zegoen mendi gailurrean, talaia natural batean, handik kontrolatu zitekeelako Nerbio ibaiko ibilbidea. Argi eta garbi ikusten ziren inguruko mendiak eta herriak (Gorbeia, Mandoia, Laudio, Aiaraldea, Hego Uribe osoa…). Untzuetako eta Malvecin (Malmasin) gazteluek elkar babesten zuten.

Gaztelako armadek ez zuten inoiz gaztelua hartu, hainbat alditan batailak eta setioak izan ziren arren. Horietan fundibuloak erabili zituzten gaztelua hartzeko asmoz. Erromatar katapulten antzekoak ziren Erdi aroko arma hauekin 50-60 kiloko harriak 400 metrotako distantziara jaurti zitezkeen, hori dela eta, gazteluaren inguruko mendi magaletan fundibuloarekin erabilitako hainbat harri-bola aurkitu dira.

1.277.etik 1.338. urteetara borroka eta gaztelua hartu nahi ugari izan ziren. Azken bataila dela eta (Gaztelako Pedro I erregeari aurre egin zion) gaztelua nahiko hondatuta geratu zen eta XIV. mendean Gaztelako erregeen zerbitzupean zegoen Bizkaiko Don Tello jaunaren aginduz gaztelua bota zen eta orain ezagutzen den moduan geratu zen gaztelua.

Pasarte historiko hauek direla eta Untzueta inguruko herrietan mito eta kondaira ugari sortu ziren. Horren adibide bat euskaldunen pentsamoldeek lotu zutela harri-bolen jaurtipena jentilekin. Esaterako, Arrankudiaga-Zollon kondaira bat dago non esaten den ekaitz garaietan jentil batzuek Untzuetatik Goikoganeraino harri-bola batzuk jaurtitzen zituztela eta beste batzuek alderantzizko bidea baten harri bolak Urdiolan talka egin zuten arte, hau da, jentilak harri bolekin bola-jokoetan aritzen zirela esaten du kondairak. Kondaira hau edo honen oso antzeko kondairak Orozkon (harri-bolak Muruetatik Untzuetaraino jaurtitzen ziren) eta Zeberion (kasu honetan Mandoiatik Untzuetaraino jaurtitzen ziren) ere existitzen direla jakiteak Untzueta inguruko herrietan gazteluan gertatutako batailei garrantzi handia ematen zaiola ondorioztatzen du. Hauek kondaira moduan transmititu baitira gure artean gaur egun arte, gazteluan jazotako gertaera historikoak euskaldunon mitologiarekin lotuz.

Hau ikusita, 2013. urtean gai honekin kezkatuta geunden zenbait lagun elkartu eta gure memoria historikoa berreskuratzeko asmoarekin lanean hasi ginen. “Untzueta nafar gaztelua” lantalde guztiz zabal eta parte-hartzailea sortu eta Untzueta mendiaren inguruko herri guztietako lagunak bildu ginelarik bertan (Arakaldo, Arrankudiaga- Zollo, Orozko, Ugao eta Zeberiokoak, gaur egun Laudiokoak ere). “Nafarroa Bizirik” taldearekin harremanetan jarri eta nafar gaztelua bertan izan zela adierazten duen mugarria jarri zen Untzueta tontorrean 2014. apirilaren 6an. Egun horretan Untzuetara igoerak egin ziren herri guztietatik irtenda, 150 pertsonatik gora batu zirelarik ekitaldi xumea gailurrean eginez, eta ondoren, Arrankudiagan 100 pertsonentzako herri bazkaria. Gaur egun eta urtero egun hau ospatzen jarraitzen dugu.

Baina horren aurretik bide luzea egin du taldeak: Informazioa eta dokumentazioa bildu, landu eta herritarrei bideratzeko eran jarri. Gazteluaren eta bertan erabilitako guda tresnen maketak, informazio panelak eta abar prestatu, eta, hitzaldiekin batera erakusketak eta mendi irteerak antolatu dira herri horietan, baita hitzaldi bereziak herri hauetako eskoletan.

Ez dugu ahaztu behar, denboran zehar ahaztuta egon den gure herriko gertaera historiko interesgarria hau, Nafarroako historia, hau da euskaldunon historia eta Euskal Herriaren historiaren atal bat izan dela eta dela.