Txema Larrea hil da

Txema Larrea hil da, Bizkaiko idazle ‘nafarra’, literatur aldizkari batzuk abian jarritakoa, mundu honetan lagun asko utzitakoa

FELIX IBARGUTXI

Lehengo igandean Txema Larrea hil zen. 1954an jaioa izanik, ez zen pertsona zaharra, baina baziren urte batzuk osasunez pattal zebilela. Aspaldi ezagutu nuen, 1977-78an, ni artean Nafarroako Unibertsitateko ikasle txintxoa, eta bera kartzelatik atera berria. Neurri handi batean, berari zor diot ni euskarazko kazetaritzan hasi izana. Ni ezjakina nintzen, etxeko euskara ozta-ozta nekiena, sukaldeko berreskuratze azkar bati esker. Baina eskerrak, batez ere Txemari eskerrak. Berarengatik jakin nuen bazeudela euskal klasiko batzuk, bazegoela tradizio bat, bazegoela euskara batu bat. Alfabetatzeko erremintak erakutsi zizkidan.

ETA pm-koa izana zen. Gasteizen zegoen, etxebizitza batean, txirrina jo zuten, joan zen atea zabaltzera eta zabaldu orduko tiroak entzun ziren. Bala batzuek aldakan jo zioten. Bizi guztirako gelditu zitzaion hankako herren-punttu bat.

Berak esanda, Zeruko Argia aldizkarian hasi nintzen kolaboratzen. Txema, batik bat, eragile izan zen; plazaratu zituen liburu eta artikulu batzuk, baina bere ‘opera magna’ beste gauza bat izan zen: euskal baratzera erakarritako izen multzo zabala.

Trantsizioko lehen urte haietan Iruñean bizi izan zen boladaka. 1977an inauguratu zen Auzolan liburu-denda, horko sortzaileek bazuten etxebizitza komun bat, eta bertako geletako bat Txemak ibiltzen zuen. Beste Txema batek –Txema Aranazek- esanda dakit. Hantxe jardun zuen Larreak EIAren (Euskal Iraultzarako Alderdia) zuzia eskuan.

Geroxeago, Hordago argitaletxeak Documentos liburu sorta zabala atera zuelarik -ETAren agirien bilduma zen hura- Larrea izan zen edizio-arduradunetako bat. 1980ko hamarkada aurrera joan ahala, Txemarekiko nire harremana ahulduz joan zen.

Hil osteko kronikek azpimarratu duten kontu batzuk: liburu batzuk idatzi zituela, Xaguxarra (1980-81) eta Mazantini (1991-93) literatur aldizkarien sortzaileetako bat izan zela. Saiakera landu zuen batik bat, eta 1994ko ‘Euskaldungoa erroizturik’ izan zuen libururik pertsonalena. «Lan honetan azken bi mendeetako euskaldungoaren higatze, gutitze eta galtzearen prozesua ikertzen da», idatzi zuen bertako hitzaurrean. Doktore tesirako ibilitako materialak ekarri zituen liburu horretara. 1990eko hamarkadan hasita Historiako irakasle jardun zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Huraxe izan zuen ogibidea.

Pamiela nafar argitaletxearekin harreman sakona izan zuen. Hona hemen bertako arduradun Txema Aranazen testigantza: «Txema zen Bizkaiko gure lotura. Berari esker inguratu ziren Pamielara Luigi Anselmi, Jose Enrike Urrutia ‘Capeau’ Jose Julian Bakedano ere Txemaren bitartez ezagutu nuen. Oso ondo zekien jendea erakartzen, batzuk eta besteak harremanetan jartzen».

Gaztetan harremana izan zuen Joseba Sarrionandiarekin. Harekin batera, baina sinatu gabe -Akademia Sekretua goitizena erabilita – ‘Alkohola. Poemak’ (Pamiela, 1984) antologia paratu zuen. Federico Krutwig-ekin urtetako hartu-emana landu zuen. Pentsatzekoa kontatuko ziola nola gaxtetan ‘Vasconia’ liburu mitiko klandestino hura irakurri zuen.

Gaxtetako kontu gehiago aipa ditzadan. Txema Basauriko Lapatza auzoko baserri batean jaio zen, eta gorabehera horixe du aipagai ‘Euskaldungoa erroizturik’ liburuko ‘Aitzakiasolasa’ delakoan: «Ikerlan honi zergatik lotu nintzaion azaltzean, bihotzari edo dena delako errai horiei doazkienak nituzke aipagai. Euskaldun «terminal»en lurralde batean sortu izanak badu zerikusirik hortan; izan ere, Axular ttipi batzuk izan gabe, bagenekien, gure auzunean, Lapatzako hamar baserrietan eta sei etxetarik hirutan euskaldun jenderik bazela».

Prosa deigarria, ezta? Larrea Axularren mireslea baitzen, eta maisuaren dohainak bereganatutakoa. Bere kabuz alfabetatu zen, garai hartan ez baitzegoen euskara-eskolarik. Lehenengo urratsa, Bilboko Verdes liburu-dendan Juan Angel Etxebarriaren ‘Apuntes para clases de vascuence’ erostea egin zuen.

Bukatzeko, Josu Etxezarraga kazetari eta idazlearen -eta Larrearen aspaldiko lagunaren- testigantza: «Nik Txemak azken urteotan Bilbon egin duen lan ezkutua azpimarratuko nuke. Txemak bazeukan jendaurrean agertzeko halako beldur edo mesfidantza gaindiezin bat, baina beti josi zuen bere inguruan jende guztiari irekia zen sare eta topalekuren bat. Azken aldian Hernani kaleko Ederki tabernan. Normalean lagunarteko ostiraletako bazkarietan eta bazkalondoetan gauzatzen zena. Bageunden han betikoak: Luigi Anselmi, Jose Julian Bakedano, Kepa Altonaga, Jose Joakin Gallastegi, Malasetxebarria ‘Malax’, Jabier Agirregandarias, Meltxor Fernandez Larrinoa, Kepa Larrea… baina batez ere hor geundela jakinik handik pasatzen ziren beste guztiak… idazleak, artista plastikoak, euskaltzaleak, akademikoak, katedratikoak, Bilbotik agertu ohi diren nafar lagunak, zein Txemak mahaian jartzen zituen auzoko ezezagunak… Bi, hamar edo hamabost bil zitezkeen inork idazten ez zuen gidoi ireki baten arabera. Iritziak, berriak, liburuak, paperak eta eztabaidak trukatzeko lekua, non Txemak beti baitzuen bakoitzarentzat zerbait».

https://www.diariovasco.com/culturas/beti-eragiten-erakartzen-20180805001940-ntvo.html

In memoriam: Txema Larrea

Alfonso Unceta

“Txema Larrea, euskaltzalea: apala, zintzoa, eskuzabala”

Goizero heltzen zen berandu, hirurogeita hamarreko hamarkadan tiroz hanka zuloz bete ziotenetik hain bereizgarri zuen ibilerarekin. Beti zeramatzan paperak, liburuak, apunteak, fotokopiak, fotokopia asko beso azpian. Leioara Jose Mari Garmendiaren “ahate”an igotzen ginen, eta Txema etengabe joaten zen hitz egiten. Egunero ziren istorio desberdinak: aurkikuntzaren bat liburutegian, idazle afrikar baten pasarteak, poeta galego baten olerkiak, Bilboko gertakariak…

 

 

Asko kostatu zitzaion unibertsitatearen mekanikara egokitzea. Ez zegoen batere eroso zorroztasun akademiko eta unibertsitateko arauekin. Zorionez, Manuel González Portillak eta Jose Mari Garmendiak babestu egin zuten eta, beren erara, urrumatu egin zuten; izan ere, Txemak sekula ez zuen curriculum akademikoen berezko logikaren gaineko interesik izan, ez eta erakunde intrigetan ere. Nire ustez, burutsu bereziegia zen, unibertsitateko ohiko irakasle bilakatzeko.

Ikertzeko zeuzkan gaitasun handiak beste modu batera, kosmopolita eta ironikora, bideratu zituen. Hainbeste gaitan murgildu zen, denbora galtzea izango litzateke bere pentsamenduaren eta jardueren logika bat bilatzea. Ziur nago, gainera, bere jarduera irizpide ulertezinen arabera gidatu zuela. Hori bai, batzuei interesik eragiten ez dietenak grina eragiten dietela esan ohi da, eta halakoa zen Txema.

Modu berezia zeukan presente zegoela ohartarazteko, keinurik gabe, diskrezioz, eta kultura hedatzaile ibiltariaren rola eraiki zuen beraren inguruan, azkenean. Hori dela eta, ziur nago ez litzaiokeela batere gustatuko nik hemen bere literatura ekoizpena goraipatzen jardutea. Esanguratsuena da, asko eta gauza onak idazteaz gainera, bizitza erdi eskaini ziola bere buruan zebilen ideia nahaste guztia hitzez transmititzeari.

Pasa den abuztuaren 1ean, Bilbon, lepo zegoen beilatokian, agur esan zioten familiarteko eta lagunek. Bertan zegoen berak eraiki zuen patria guztia. Adurrek ekitaldia aurkeztu zuen; bertan, Txemaren argazki bat zegoen, buruan. Sarritan begiratu nion, baina bere masailak ez zeuden gorri, beti jendaurrean hitz egin behar zuenean edo baten batek berari buruz hitz egiten zuenean gertatzen zitzaion bezala. Ez nuen tristezia zantzurik antzeman. Ez nuen jendea triste antzeman, eta ez dut Txema tristearen oroitzapenik. Agur alaitsua izan zela esango nuke euskaltzale jakitun eta lotsati honek izan zuena; erakunde ordezkaritzarik eta ezezagunen diskurtsorik gabeko agurra. Hobe horrela.

Joan aurretik, Mertxerekin hitz egin nuen pixka bat, bere aingeru begiralearekin. Zuhur eta energiko zegoen, beti bezala, eta Txema hiru hitzetan deskribatzeko eskatu nion. Ez zuen zalantzarik izan: apala, zintzoa, eskuzabala. Gero gauza gehiago kontatu zizkidan, baina horiek neuk gordeko ditut, barruan, Txemak eman zizkidan eta oraindik gordetzen ditudan fotokopia batzuekin.

Bon voyage eta zorte on!

https://www.ehu.eus/eu/-/txema-larrea-in-memoriam