Pertsonen historia edo historiaren pertsonak

Guztia pertsonek egiten dugu. Pertsonok hartzen ditugu erabakiak, pertsonok ematen dugu lehen urratsa, eta pertsonok ematen diogu amaiera ibilbide bati.

Egiten jarraitzeko, baina, erreferenteak behar ditugu; gure bidean aitzindari izan zirenen erreferentzialtasuna; guk bizi duguna aurretik bizi izan dutenen bizipena; gure pentsamendua zizelkatu zutenen harria. Pertsona horien historiak berreskuratuz, gure herrien historia ere berreskuratzen baitugu.

Izan ere, gure herriaren historia ezabatzeko lan handia egin du jende handi askok, baina pertsona apal baina duinei esker, bizirik iraun du guregana heldu arte. Orain guri dagokigu historia zati horien guztien memoria bizia izatea, historia puska horiekin guztiekin gure historia osatzea, eta, historia horretan oinarrituta, gure etorkizuna eraikitzea.

1939ko otsailaren 5ean, Jose Antonio Agirre Lehendakariak eta LLuís Companys Presidentak erbesterako bidea hartu zuten, exiliotik beren herriak gobernatzen jarraitzeko. Ia 80 urteren ondoren, Kataluniako Govern erdia kartzelartua dago, eta beste erdia exilioan.

1973ko irailaren 11n Pinochet militar kolpistak Txileko presidente zenaren egoitza bonbardatu zuen, eta, hurrengo egunean, milaka pertsona atxilotu eta Santiagoko futbol zelaira eraman zituzten. Han, asko eta asko torturatu, desagerrarazi edota erail zituzten. Haietako bat Victor Jara irakasle eta abeslari komunista izan zen. 45 urte luzetan, Txileko herriak Victor Jararen memoria bizirik mantendu du, eta justizia aldarrikatu. Eta heldu da; 45 urte luzeren ostean, zortzi militarren aurkako sententzia luzatu du epaileak. Senideek hurrengoa adierazi dute: «Porrot garrantzitsua da historia ukatu nahi digutenentzat».

1976ko martxoaren 3an langileriaren aurka inoiz Gasteizko hiriak jasandako erasorik bortitzenaz, Espainiako Poliziak bost pertsona hil zituen, eta ehunka zauritu frankismoaren azken hatsetan. Martin Villa ministro frankistaren agindua izanagatik, oraindik ez da inor epaitua izan sarraski horrengatik. Gasteizek ez ditu bost lagun horiek ahazten, eta duintasunez daramatza bere memorian. Aste honetan Martxoak 3 erakundeko hainbat kide Europako Parlamentuan izan dira, Justizia eskatuz eta historia berreskuratuz. Etorriko da, eusten badiogu, gogoratzen baditugu, gure historia kontatzen badugu.

1978ko uztailaren 8an, San Ferminetako jaien pil-pilean, jendez lepo zegoen zezen plazara sartu zen Polizia agindu zehatz honekin: «Salid a la plaza, y tirad lo más fuerte que podaís, que no os importe matar». Eta ez zitzaien axola izan German Rodriguez gaztea tiroz akabatzea. 40 urte geroago, Iruñeko Udaletxe plaza bete dugu. German gogoan, inpunitatea gure bizitzetatik atera nahi dugula argi esanez, eta beste behin ere, memoriari eusten badiogu, etorriko den justizia eskatuz.

Horrelako hamaika kasu daude gure pertsonetan, gure herrietan. Batzuei eusten diegu, baina, tamalez, beste asko isilaraziak dira. Edo txarrago dena, beste memoria bat inposatu nahi digute; zergatik gogoratzen dugu denok uztailak 18a? Zergatik dakigu Sanjurjo eta Molaren hezurrez baina ez bidebazterretan daudenenez? Zergatik Francoren dukatua ez dago kadukatua?

Gaur egun, behar-beharrezkoa zaigu hausnarketa sakona egitea, eta ohartaraztea gutako bakoitzak gure pertsonen memoriari eusteko zer egiten dugun. Izan ere, pertsona oro, bere historia zatiarekin, gure historiaren zati da, eta pertsona horiek guztiek daukate isildua izan den historia. Bada, historia puska horiek berreskuratzen, historia egiten arituko gara.

Horrengatik guztiagatik, beharrezkoa da Memoria Historikoaren Legea edota Erreparazioaren legeari bultzada ematea. Horrela itxi ahal izango baitugu historiaren kapitula, eta etorkizunaren kapitulua idazteari ekin.

Berria