Okupatuak baina ez garaituak

Okupatuak baina ez garaituak. Hala ikusten dugu geure burua datorren abuztuaren 15ean Pasaian egingo den ekitaldian bilduko garenok. Ez baitira gauza bera okupazioa eta erabateko garaipena.

Eta bitxia da kontua. Kontraesankorra ere bai, lehen begiratuan behintzat. Izan ere, garaipena lortzekotan, konkista ukatuz lortuko dute gure arerioek. Alta, okupatuak garela onartzetik soilik hasi genezake guk garaipenerako bidea.

Arerioen estrategia zuzena da, egokia, logikoa, normala. Likidatu egin nahi gaituzte, demokrazian bizi garela sinetsaraziz. Guk, aldiz, ez dugu estrategiarik, estrategiatzat saltzen digutena okerra eta ilogikoa baita. Normala izan daitekeenik ez dut ukatuko: askatasuna berreskuratzeko ahaleginean oraingoz porrot egin duten herrien adibideak soilik hartzen baditugu aintzat, izan daiteke normala; arrakasta lortu dutenen estrategiei erreparatzen badiegu, ez. Orduan, anormala ere bada gure “estrategia”.

Arerioek ukatu egiten dute herri hau bortxaz okupatu eta konkistatu izana. Herria bera ukatzen dute. Herri bakarra onartzen dute eurek, propioa: espainiarra/frantziarra. Haiek dira subjektu politiko bakarrak, eurek baino ez dute independentzia nazionalerako eskubidea. Eskubidea, bai. Inoiz bozkatu gabea, hortaz. Bortxaz lortu zuten (eta mantentzen duten) egoera hau betikotzeko, urrats bakarra falta zaie: guk uko egitea gure kontakizun propioari eta euren “errelatoa” onartzea. Zein den kontakizun propio hori? Haienaren guztiz kontrakoa, honakoa:

Herri BAT gara. Bakarra eta, gainontzeko guztiak bezala, zatiezina. Okupatuak gaude duela mende askotatik, abuztuaren 15ean gogoratzen dugun gertakari hartatik hona gerra guztiak galdu ditugulako. Guztiak. Handiak eta txikiak. Irabazle eta galtzaileen historian galtzaileen papera dugulako aspaldian. Ez da ezer gertatzen hori onartzeagatik; are gehiago, beharrezkoa dugu hori behingoz asimilatzea. Zergatik?

Horrek lagundu egiten digulako bizi dugun (gaituen) egoera ulertzen, arrazoia dugula ikusarazten, erresistitzeko eskubidea eta premia dugula barneratzen. Biolentzia, bortxa, hori da gure arerioen indargunea. Ideologiak behar luke gurea. Arrazoia dugu. Ez dezagun oparitu. Kendu ditzagun jarri dizkiguten konplexuak. Inork ez du bestea mendean hartzeko eskubiderik. Gure menderakuntza bidegabea da. Independentzia nazionalerako eskubidea dugu. Eskubidea, bai. Bozkatzeko beharrik ez duena, hortaz.

“Hitz egidak elkarbizitzaz, hitz egidak bakeaz, hitz egidak demokraziaz, esadak xenofoboa naizela, nire hizkuntza inposatzen ari naizela, gaiztoa izan naizela, eta biolentoa, eta intolerantea. Ez nauk konbentzituko! Bazekiat zein den nire egoera, ez nauk hain inozoa. Obedituko haut, baina ni baino indartsuago haizen bitartean, beste erremediorik ez dudan bitartean. Zapaldurik izango nauk, bai, izorraturik guztiz, baina habil tentuz, habil tentuz momentu oro, deskuidu txiki bat duan momentuan ahalik eta gogorren emango diat eta!”*

Mendeko, esklabo denaren kontzientzia galdu ez duenak horrelako zerbait du buruan beti. Nik baino zuzenago adierazi zuen, formaz eta edukiz, antzeko zerbait euskaldun batek, gutar batek:

“Ez nago prest neure estimua hutsaren truke emateko. Galtzen badut, burua argi eta belaunikatu gabe hilko naiz behintzat. Higuin dut esklaboaren zorion-ustekoa”.

Zabaltzen ari den (noren mesedetan, baina?) iritzi baten arabera, etorkizunari begiratu behar omen diogu orain. “Iragana ahaztu gabe”, gehitzen dute formalki, baina, praktikan, gaur egungo egoerak iraganarekin erlaziorik izango ez balu bezala jokatzeko eskatzen digute. Egungo errealitatetik abiatu behar omen dugu. Arerioren errealitatetik, bistan denez: herri gisa ditugun eskubideak ahaztu, norbanakoon eskubideetan zentratu. Inposatu dizkiguten instituzioak, hizkuntz harremanak, lurralde zatiketa eta abar onartu, eta hortik abiatuz bozkatu. Ez omen dugu independentzia nazionalerako eskubiderik.

Guk ere errealitatetik abiatu nahi dugu; GURE errealitatetik, baina. Gu herri BAT gara, bortxaz zatitua, instituzio propiorik gabea, hizkuntza eta kultura zapalduak dituena, baina oraindik bizirik dagoen herri bat. Kontzientzia erabat galdu ez dugulako ikusten dugu bizirik, erresistitzeko prest gaudelako oraindik ere. Dena dugu irabazteko, eta ezer gutxi galtzeko. Estimua edo duintasuna baino ez. Guk ez oparitzea erabaki dugu.

Herriak bizi behar duelako, egin dezagun aberri bidea.

“Esklabo alaiak dira askatasunaren etsairik handienak” (Marie von Ebner-Eschenbach)