Non dago Kanbo?

Euskadi aberri zaharra, Euskadi aberri bakarra, aberri ederra zutela kantatzen zuten Anje Duhaldek eta Mixel Ducauk 1975ean, artean Euskal Herrian autonomia politikoaren arrastorik ez genuela. Garai haietan, zazpi lurralde zituen Euskadik. Daniel Landartek idatzitako eta Errobi taldeak kantatutako Euskadi abestiak halaxe agertzen zuen.

Egun, lau hamarkadako autonomiaren ondoren, zer dugu Euskadi? Administrazio autonomiko zatituetan aurrera egin dugu, baina batasunaren sentimendua pitzatu dela esango nuke. Ahuldu. Egun, Errobi taldeak goresten zuen lurraldea mugatu egiten dute Gasteizko zenbait agintarik. Kanbo Euskaditik kanpo kokatzen dute. Duhalde eta Ducau jaiotako probintzia, Lapurdi ez omen da gehiago Euskadi. Euskadi EAE izatea nahi zuten espainiarrek. Lortu egin dute, antza.

Autonomia, baliabideak, kudeaketa… hori guztia neurri batean gure esku egon arren, aurrera egin dugu kohesio nazionalaren eremuan? Euskal Herriko —Euskadi esan beharko nuke?— hiru zati administratiboak gotorlekuak bihurtu dira. Herritar bakoitza jaiotzez edo bizitokiz dagokion zatian sartua da, eta hortik irten ez. Nor bere probintzian, nor bere bailaran. Ez dago lehengoaren moduko pertzepzio orokorra. Azkarate zer den galdetuz gero, mendate baten izena dela erantzungo dute lagun askok, Euskal Herri kontinentalean izen bereko udalerria dela jakin gabe.

Egungo joera frogatzen duten hamaikatxo adibide azaltzen ditu Eneko Bidegainek Lurraldea eta herria liburuan, administrazioan zein herritarren artean zabaldu eta nagusitutako ikuskeraren adibide. Beste aldekoak inoiz baino beste aldekoagoak izaten dira-gara gaur. Arrotz. Bat nator horrekin. Ez zait ahaztu Eugin behin azaldu zidatena: garai batean, bertako gazteak oinez joaten ziren Urepeleko festetara. Eta alderantziz. Egun, 18 urterekin autoa dute, baina ez doaz beste aldera. Autorik gabeko garaietan baino urrunago dute Urepele.

Banaketa eta ezezagutza. Duela urte batzuk, Realaren eta Osasunaren arteko derbiari buruz zer uste zuen galdetu zioten Oinatz Bengoetxeari, EITBn. «Los vascos van a salir a ganar», erantzun zuen pilotari nafarrak. ¿Y los guipuzcoanos?, galdetu nion neure buruari. Baina oker nengoen: los vascos gipuzkoarrak ziren. Euskaldun peto-peto batek banaketa hori barneratuta baldin badu, los vascos besteak direla onartuta, zer ez dute egingo besteek. Barregarriena —eta tristeena— ziria noraino sartu diguten ikustea da, batez ere autonomien erreinuan jaiotako gazteen artean. Herritarrak ez ezik, otsoak ere gure errealitate administratiboaren gatibu egitera heldu gara. Kazetari gazte baten testu batean irakurri dut: EAEko otsoak eta Nafarroako otsoak. Hain desberdinak dira, ba, otso horiek? Batzuek Dantzari Dantza maite dute eta besteek Axuri Beltza? Otso batzuek Athleticen elastikoa janzten dute eta besteek Osasunarena? Otsoei izaera juridiko-politikoa ematera ailegatu gara Espainiak diseinatutako mapa autonomikoari esker. Nafarroa Garaiko otsoak UPNkoak ote dira? Eta EAEkoak? EAJkoak, PSE-EEkoak…? Eta Txano Gorritxo?

Hegoaldeko 30 urtez beherako zenbat euskaldunek ezagutzen ditu Lapurdiko bazterrak —ez gara Zuberoaraino joango, lasai—?. Belaunaldi motorizatu horretako kide asko errazago mugitzen dira Salamanca edo Madrilerako bidean Donibane Garazirakoan baino. Halakoak egiten ditugu gure autonomismoa ia kudeaketa hutsa denean. Kanbo Euskaditik kanpo dago. Gero, Euskadik zazpi probintzia dituela azalduko digute. Bai, Aita Santuaren bibolinak, Erroman daudenak. Horixe gertatzen da gure ibilbide ia bakarrak Bilbo-Bakio-Bilbo edo Donostia-Zarautz-Donostia direnean: Kanbora joateko mapak eta GPSa behar ditugu, baina Salou edo Torreviejara begiak itxita heltzen gara. Horixe gertatzen da Bilboko festetan DJ rockeroaren jaka beltza jantzi, eta Born in the USA pintxatzen hasten garenean, Born in the Basque Country, Errobiren Euskadi hura ahaztuta: azkenean, Kanbo non dagoen ez dakigu.

Berria