Nafarroako historia ikastaro presentziala eskainiko dugu Iruñean, Civicanen

EUSKARAZKO IKASTARO PRESENTZIALA ASTEARTERO IZANEN DA, 19:30ETIK 21:00ETARA, URRIAREN 16TIK ABENDUAREN 11RA

IZEN-EMATEA IRAILAREN 3TIK 6RA IZANEN DA, CIVICANEN

Nabarraldek Nafarroako historiaren inguruko ikastaro presentziala eskainiko du CIVICANek udazkenerako prestatu duen programazioaren baitan. Beñi Agirre izango da irakaslea, eta gelak asteartero emango dira 19:30etik 21:00era, urriaren 16an hasi eta abenduaren 11ra. Ikastaroari, Patxi Zabaletak eskainiko duen Navarro Villosladaren inguruko saio monografiko batekin emango zaio amaiera, idazle, kazetari eta historialariaren jaiotzaren 200 urteurrenarekin bat eginez.

Ikastaroan, Nafarroako historiako gertakari nagusiak aztertuko dira, memoria lekuak, ondarea, lurraldea eta identitatea bezalako kontzeptuak kontutan hartuz.  Helburua, besteak beste, historia eta memoria historikoaren inguruko hausnarketa analitikoa sustatzea da. Bederatzi arlo edo gaitan banatuko da ikastaroa, historiaurretik hasi eta 36ko gerraraino, Orreagako batailetatik, 1200 eta 1512ko konkistatik edo karlistaldietatik pasatuz. Gai bakoitza sona handiko historialari batek landutako izan da, besteak beste, Joseba Asiron, Idoia Arrieta, Mikel Sorauren eta Jeal Louis Davant. “Helburua, gure historia ikuspegi propio batetik ulertzeko gakoak ematea da”, azaldu du Beñi Agirre historialariak, “eta Nafarroako historia markatu duten une horiek izango dira oinarri nagusia”.

CIVICAN 18’Udazkena Programako ikastaro eta tailerren izen-ematea zozketa bitartez izango da. Zozketan izena-emateko tartea irailaren 3tik (09:00etan) irailaren 6ra (21:00etan) egonen da irekita, CIVICANen bertan edo Nafarroako Kutxa Fundaziora deituta (948222 444). Pertsona bakoitzak  hiru ikastaro edo tailer aukeratu ahal izango ditu gehienez, eta zenbaki bat emango zaio. Irailaren 10ean, astelehena, zozketa publikoa eginen da CIVICANen eta orduan jakingo da emaitza.