Memoria Lekuak jardunaldiaren laburpen akademikoa

Memoria Lekuen inguruko jardunaldia ospatu genuen Oñatiko Unibertsitatean maiatzaren 20tik 26ra. Alderdi teorikotik, jardunaldia Antoni Furió Valentziako Unibertsitateko Erdi Aroko katedradunarekin abiatu zen, maiatzaren 25ean (ostirala). ‘Ez bagara memoria, ez gara ezer’ ideiatik hasi zen (Joan F. Mira). Egilearen arabera, ‘existitzen gara denboran mantentzen garelako, eta gure denbora memoria da’. Bi ikuspegitatik, memoria identitatearekin hertsiki lotuta dago, izatearen, garenarekin. Ahazten duen herri bat ezin da existitu; oinarrizko zerbait da, ez dugu sobera hausnartu behar ideia ulertzeko.

Beste hainbat gauza bezala, memoria eraikuntza bat da, eraikuntza kolektibo bat. Abiapuntu honetatik, etengabeko talkan dauden bi kontzepturen arteko aldeak nabarmendu zituen Furiók bere hitzaldian: historia eta memoria. Hirugarren bat ere gehitu zuen: iraganaren erabilpen publikoa (memoria politiken erabilpenera hurbiltzen gaituen kontzeptua).

Historia, gertakarien kanpo begirada da; memoria, barne begirada. Historiak iragana ixten du, orainalditik idazten du baina bukatutako zerbait balitz bezala (nahiz eta, noski, iragan horren ulermenean eragiten duen; baita bizi gaituen orainaldian ere). Historiak betetako ziklo batez hitz egiten digu, iragana. Memoriak gutaz hitz egiten du, gertatu ‘zitzaizkigun’ gauzetatik abiatuz. Historia, errelato baten eraikuntza da, lanbide, zientzia, arte batetik. Memoriak gauza bera egiten du, baina subjektibitatetik, sentsibilitatearen galbahetik igaro ondoren. Guzti horregatik, historialarien lanbidea daukatela ulertu behar dugu, asko daukate esateko, baina ezin dute sekula memoriaren jabeak direla pentsatu. Memoria jendearena da, subjaktibitatearena, kolektibitatea eratzen duena oinarritzat hartuz.

Furiók memoria indartsu eta ahulez hitz egin zigun, betiere Estatuen araberakoak izaten direnak (ofizial bilakatzen dituzte); edota naziorik gabeko Estatuen araberakoak, identitatearen oinarri bezala mantentzen dutenak. Ez dira hain desberdinak, baina horietako bat da ofiziala.

Edonola ere, memoriak proiektu politiko bat dakar. Honen inguruan, ‘ondarea’ (eta memoria, ondare horren parte da), iragana eta oraina bat egiten duten elementu hori da. Ez da iragana, orainean bizirik dirauelako, eta etorkizuna eraikitzeko tresna izan daiteke, gizarte zehatz bat eraikitzeko tresna. Memoria lekuak materia horren tresnak dira, bakoitzaren memoriaren erreferenteak osatzen dituztenak.

Memoria Lekuak

Furió irakaslearen hitzaldiaren ondoren, hurrengo egunean eskaini ziren hitzaldiak kontzeptutik aldendu eta leku zehatzetan kokatu zuten eztabaida, horietako batzuk euren xehetasun eta kontraesanekin. Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleak eskainitako hitzaldia izan zen, kasuan kasu, kontzeptuan gehien zentratu zena, Lehenengo Mundu  Gerraren ondorioz Iparralden ezarri ziren memorialen gaia jorratuz. Agertu zuen irudietako bat oso paradigmatikoa izan zen zentzu horretan: memorial horretan, bi figura agertzen ziren, haur bat eta zahar bat, oroitzapenak ez desagertzeko beharra irudikatzen zutenak. Gertakariak kontatu behar dira. Belaunaldiz belaunaldi igaro behar dira. Materia guzti honen funtzionamendua agertzen duen adibide bat da: memoria transmisioa baita, eta ahazten bada desagertu egiten da. Memoriarik gabe gu gara desagertzen garenak, gure kolektibitatea.

Amaia Nausia historialariak “emakume maltzurren” memoriaz hitz egin zigun, izan ere, ideia hori zian da inkisizio garaian, Logroñoko prozesuaren bitartez sutan hil zituzten Zugarramurdiko emakumeen inguruan iritsi zaigun errelatoa. Sorginaren mitoa. Irudi deformatua da egunotara iritsi zaiguna, errepresio politiko baten ordez. Nausiak, emakumearen kontrako errepresioan kokatu zuen hitzaldia, betiere bere testuinguruan kokatuz (Errenazimendua) eta Nafarroaren konkistaren eszenatokian ezarriz. Dominazio politikoa argia zen. Memoria leku honek emakumearen irudi zehatz bat transmititzeko balio izan du: emakume dependientea, zuhurra, zuzenarena; botereak kolokan jartzen zituen beste emakume jakintsu, enpoderatu eta bere erabakien jabe zen horren kontra. Euskara, gainera, deabruaren hizkuntza zela ere zabaldu zen.

Nausiak kontatu zigun bezala, Zugarramurdiko gertakariak prozesu inkisitorialaren amaiera ekarri zuen, inkisidoreek ikusi zutenean prozesuak arazo gehiegi eragiten ziela. Gizarte ordena nahasten zuen, delirioak eta fantasia kontrolaezinak sortuz.

Iñaki Sagredo arkeologoak, bere aldetik, Orreagako bataila izan zuen mintzagai, gesta kantuen bitartez transmititu zaigun gertakaria. Kapitulu honek, etsaiaren memoria goraipatzearen paradoxa irudikatzen du; hau da, garaitua izan zen horrena, Roldanena. Gure memoriaren jabe ez garenaren froga dela esan dezakegu.

Sagredok, halaber, Nafarroako gazteluen suntsiketa aipatu zuen, Cisnerosen aginduz Nafarroako konkistaren garaian eman zena. Eta Villalba koronelaren esaldia aipatu zuen. Bertan, suntsiketaren ondorioz nafarren gogoa bere okerrenean zegoela adierazten zuen, gure porrota azpimarratuz. Espainiako botereek zer egiten ari ziren bazekitela argi uzten du, gure erreferenteak zeintzuk ziren bazekiten, gure memoria lekuak eta herriaren iruditeria kontrolatzen zuten.

Mikel Sorauren historialariak, bere aldetik, Iruñeak memoria leku bezala duen garrantzia azpimarratu zuen. Honen baitan biltzen diren gertakariak anitzak dira. Hasteko, Pompeyok Iruñea eraikitzeko aukeratutako lurraldea izan zen, baskoien herrixkaren gainean, komunikazio gune estrategikoa zen eremu batean. Dena igarotzen zen Iruñetik (iparraldetik hegoaldera joaten ziren bideak, Mediterraniotik Kantauri Itsasora, menditik lautadara, itsasotik barrualdera). Erabakigarria izan zen erromanizazioaren joeran, mendialdeko urbanizazio prozesuaren lehenengo urratsa izan zen. Gizartearen eraketa izan zen. Ordutik, Iruñea Baskoniaren eraketa politikoaren oinarria izan zen. Mendez-mende, gertakariek Iruñera eramaten gaituzte: bisigodoen gerra, Carlomagno eta bere erasoak, musulmanak eta Banu Casitarrak, Iruñeko erresuma, errege-erreginak eta euren erakundeak, sarraskiak, botereak, hizkuntza, ekonomia, defentsa…

Fernando Sánchez Aranaz idazleak (Martin Ttipia talde gasteiztarrekoa), Gebarako gaztelua izan zuen mintzagai, gure herrialdeko karlismoaren memoria gune bezala. Hasteko, beste memoriak biltzen dituen leku bat da: Nafarroa tenentziatan banatzen zenekoa, jauntxoen senitartekoak; Arabako lautadako lurralde antolakuntzaren baitan leku erabakigarria (Al Laua: Araba). Sánchez Aranazen arabera, lehenengo gerra karlistan paper garrantzitsua izan zuen gaztelu honek, Bergarako besarkadaraino karlistek kontrolatu zuten gotorleku bezala. Porrotaren ondoren ere hor mantendu ziren hilabete batez.

Xabier Irujo, Renoko Unibertsitateko (Nevada, AEB) Euskal Ikasketa Zentroko zuzendari ordeak, Gernikaren sinbolismoaz hitz egiten zuen bideo bat bidali zigun. Jatorrian, batzarreko bilerak egiteko gune bezala kokatu zuen arbolaren espazioa; eskubideen, antolakuntza politiko propioaren eta askatasunen sinbolo bezala. Eta horrekin, herriaren identitatearen sinbolo bezala ere. Horregatik, Gernikaren esanahia zabaldu egin zen (Rousseau, Voltaire…), eta frantziar soldaduek Erregimen Zaharraren kontra borrokatzeko sinbolo gisa erabiltzera iritsi ziren. Karlistek ere bertan irudikatu zituzten euren foruak. José Antonio Agirre lehendakariak ere bertan zin egin zuen. Horregatik bonbardatu zuten frankistek Gernika. Guzti honetan, memoria lekuen polisemia nabarmentzen da. Bonbardaketa zital horrekin eta Picassoren margolanarekin, Gernika herri baten sufrimenduaren nazioarteko sinboloan bilakatu zen.

Amaia Apraiz historialariak, ondare industrialaz hitz egin zigun, beste mota bateko memoria leku bezala. Egunerokotasunetik hurbil kokatzen den guneak dira, historiaren karga epikotik hurrun. Burniaren memoria da, euskal herriaren genetikan barneratua daukaguna. Halaber, erreferente hauek gogoratzen ez direnean gure memoriaren zati bat galtzen dugula azpimarratu zuen Apraizek, eta hor hasten dela herriaren gaineko boterea.

Beñi Agirre historialaria, hizkuntzek identitatea islatzeko daukaten gaitasunaz aritu zen, zeta zehazki, euskeraren indarraz aritu zen, izan ere Estatuari izena jartzen dion hizkuntza da: Euskal Herria. Memoria leku inmaterial honen eta identitatearen arteko harremana zuzena da, emozionala, enblematikoa. Toponimian ere agertzen zaigu guzti honen islada, baina askoz ere harago doan errealitate bat islatzen du.

Azken hitzaldian, José Antonio Azpiazuk itsasoaren eta euskaldunon arteko harremana izan zuen gai nagusi. Herrialde honetako marinelak enbaxadoreak izan dira mundu zabalean, enbaxadarik ez geneukan mende luzeetan. Burdina eta beruna izan dira lurrak eman digun altxorra, eta zabaldu beharra zen. Baina arrantza, balearena zehazki, eta ontzigintza bera gure industriaren parte izan dira. Euskal itsasgintza erreferentzia izan da mundu osoan.

Ikusten den bezala, gure erreferentzia lekuak diren gune guzti horiek gure kokalekua azaltzen diguten mapa modukoak dira. Eta mapa horretan eraikitzen dugu gure gizartea, bertan bizi gara. Jardunaldi honetan hala azaltzen saiatu gara, eta oso serio gainera. Umorea ez dugu, hori bai, ahaztuko. Mikel Sorauren historialariak Iruñeaz hitz egiterakoan esan zuen bezala: “Pamplona, clima sano; curas en invierno y curas en verano”.