Memoria Lekuak jardunaldia, maiatzan, Oñatin

Erakusketak, emanaldiak, hitzaldi eta mahai-inguruak… Gure memoria lekuak mintzagai izanen ditugu Oñatin, maiatzaren 20tik 26ra

Zer dira memoria lekuak? Zeintzuk dira gure identitateaz, gure historiaz mintzatzen diren leku horiek? Merezi duten bezala baloratzen ditugu? Galdera horiei erantzun eta hausnarketari ateak zabaltzeko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak eta Hernani Errotzen elkarteak Memoria Lekuak izeneko jardunaldia ospatuko dute Oñatin, datorren maiatzaren 20tik 26ra. Programaren baitan, gaiaren inguruko adituak bilduko dituen hitzaldi eta mahai-inguruez gain, bestelako aktibitateak ere prestatu dira: Orreagara mendi irteera bat, Beloagako gazteluaren inguruko dokumental emanaldia eta Nafarroako Artxibo Nagusiak egindako Navarrorum erakusketa.

Angel Rekalde Nabarraldeko zuzendariak Oñatiko Udaletxean bertan eskainitako aurkezpenean azaldu zuen bezala, “itsasoa, piriniar mendialdea, Orreaga, Gernika, Iruñea, Zugarramurdi, Amaiur, Noain, Leire, Sartaguda, Montejurra, Sara, Mitilike, Gallarta… Gure historiaren eszenatokiek, berez, gure nortasunaren paisaiak erakusten dizkigute. Leku horiek gara, gutaz hitz egiten dute”. Horiek izango dira, hartara, jardunaldiaren egun nagusietan, maiatzaren 25 eta 26an, landuko diren gai nagusiak.

Maiatzaren 25ean, 18:30ean, ospatuko da jardunaldiaren irekiera ofiziala, Antoni Furió Valentziako Unibertsiateko Erdi Aroko Historian katedradunaren hitzaldi batekin. Harekin batera, Mikel Biain Oñatiko alkateak, Luis Mª Martinez Garate jardunaldiaren zuzendariak, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako zuzendariak eta Xabier Barandiaran Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete buruak emango diete hasiera jardunaldiari, Rekaldek azaldu bezala.

“Egun indartsuena larunbata izango da, goizetik arratsaldera luzatuko den programarekin”. Egun horretan, Amaia Nausia, Iñaki Sagredo, Mikel Sorauren, Eneko Bidegain, Fernando Sanchez Aranaz, Xabier Irujo, Amaia Apraiz, Beñi Agirre, Jose Antonio Azpiazu, José Luis Orella eta Ainara Martinezek osatuko dute hizlari taldea, eta anitzak izanen dira landuko dituzten gaiak: Zugarramurdiko sorginen mitotik hasita, nafar gazteluetatik edota Iruñeko erresumatik igaro eta industrializazioaren gaira iritsita, Gernika edota itsasoa bezalako gaiak ahaztu gabe. “Gure komunitatea leku horietan islatzen da, irudikatzen gaituzten gertakarietan. Gure memoriaren mugarriak dira, gure iruditeria konpartitua eskaintzen dizkigute, gure herrialdeko biztanleria errekonozitu egiten da bertan”, azpimarratu zuen Rekaldek.

INFORMAZIO OSOA ETA IZEN-EMATEAK, HEMEN

Mendi irteera, ‘Navarrorum’ erakusketa eta Beloaga dokumentala

Memoria Lekuen jardunaldiaren baitan, hainbat ekitaldi prestatu ditugu. Hasteko, maiatzaren 20an (igandea), Orreagarako mendi irteera bat prestatu dugu Oñatiko Aloña Mendi kirol elkartearen laguntzarekin. Orreaga, erresuma baten sorrera izenburupean, mendi irteera Beñi Agirre historialak gidatua izango da, berak emango baitu nafar historiarentzat erabakigarria izan den paraje honen inguruko azalpenak. Autobusa goizeko 07:00etan aterako da Oñatitik. Informazio gehiagorako (ordutegiak eta izen-ematea), Aloña Mendikoekin harremanetan jarri beharra dago (alona.mendi@gmail.com).

Maiatzaren 22an, asteartea, Nabarraldek ekoiztutako azken dokumentala emango dugu Oñatiko Kultur Etxeko zinema aretoan: Beloaga. Memoriaren behatokia. Izan ere, Oiartzungo Arkaleko haitzetan eraiki zen Beloagako gaztelua, Nafarroako erresumaren garaira eramaten digun kokalekuetako bat da eta, emanaldian nabarmenduko den bezala, gure historiaren gertakari desberdinak gogora ekartzen digu. Saioan, Beloaga Bizirikeko kideak bertan izanen dira hitzaldi txiki bat eskaintzen.

Bestalde, Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea erakusketa eramango dugu Oñatiko San Miguel eliz-parrokiako klaustrora, maiatzaren 23tik ekainaren 3ra. Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak sortutako erakusketa honetan, gure mintzairak Antzinako Erromatik XIX. mendera arte izan duen agerpena jasotzen duten dokumentuak ikus daitezke. Benetan interesgarria suertatzen den erakusketa dugu, eta luxuzko bisita gidatua eskainiko dugu maiatzaren 24an: Peio Monteano erakusketaren komisarioak zuzenduko du bisita.

Hitzaldi eta mahai-inguruak
Maiatzaren 25 eta 26an bilduko dira Memoria Lekuak jardunaldiaren bueltan eskainiko ditugun hitzaldi eta mahai-inguruak, Oñatiko Unibertsitatearen klaustroan.

Irekiera ofizial moduan, maiatzaren 25ean arratsaldeko 18:30etatik 20:30era, gurekin izanen dugu Quim Torra idazle eta politikari katalana. Kataluniako independentziaren aldeko mugimenduaren kide eta sustatzaile, 2011n Kataluniako Asanblea Nazionaleko kide izendatu zuten, eta Òmnuim Culturaleko presidente orde aukeratu zuten. 2012an Born zentro kulturaleko zuzendaria izan zen. 2015ean Òmnium Culturaleko lehendakari izendatua zuten, Muriel Casals ordezkatuz urte amaierara arte, Jordi Cuixartek kargua hartu aurretik. Haren aurretik, Mikel Biain (Oñatiko alkatea), Luis Mª Martínez Garate (jardunaldiko zuzendaria), Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza) eta Xabier Barandiaran (Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabinete burua) mintzatuko dira.

Hurrengo egunean, jardunaldia goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak arte luzatuko da, eta hainbat aditu eta historialarik eskainiko dizkiguten hitzaldi, solasaldi eta mahai-inguruekin osatuko da programa. Hartara, dagoeneko euren parte hartzea baieztatu dutenen artean, Eneko Bidegain, Xabier Irujo, Amaia Nausia, José Luis Orella Unzue, Mikel Sorauren, Amaia Apraiz, Fernando Sanchez-Aranaz eta Jose Antonio Azpiazu  izanen ditugu gurekin.