Langabezia: nagusi nonahi

International Labour Organization delakoaren azken txostenaren arabera, gaur egun langabe gehiago daude munduan orain dela hamar urte baino. Okerrago oraindik, mundu osoan, nahiz eta Barneko Produktu Gordina handitu, langabezia-tasa ez da jaitsi. Zeri dagokio langabezia?

Jakina denez, langabezia edo deflazioa, eskariaren eskasiarekin loturik dago. Keynesen ustez, langabezia alboratzearren, eskariaren urritasunari begiratu behar zaio. Hortaz, langabeziari aurre egiteko Keynesen erremedioa: Estatuaren parte-hartzea eskari osoa handiagotzeko asmoz. Erremedioa aspalditik jarri zen martxan. Kontua da beste arazo bat agertu zela: inflazioa. Eta okerrena orain ezagutzen dugu: stagflazioa (langabezia gehi inflazioa).

Arazo bikoitz horri aspalditik eman dio erantzun teorikoa Schmittek (Schmitt, 1984, “Inflation, Chômage et Malformations du Capital”). Ekonomista horrek honako hau argudiatzen du: ondasunen produkzioan parte hartzen duten faktore-kostuen ordainketak erosketan gastatuko den diru-errenta sortzen duela. Horrek ez du esan nahi eskari osoaren prezioak halabeharrez hornikuntzaren prezioa berdintzen duela. Izan ere, mozkina produkzio-faktoreen kostuen gainetiko salmenten soberakoa da.

Modu honetan eskari osoa errenta-banaketaren teoria bati dago loturik: mozkinak alokairuen birbanaketak dira, erosleek enpresei transferitzen dizkietenak, prezioak faktore-kostuak baino handiagoak direnean.

Schmitten arabera, errentaren banaketan mozkinak alokairuen birbanaketari dagozkio. Prezioak produkzio-faktoreen (langileen, zentzu zabalean) kostuak baino handiagoak direnean, erosleengandik enpresetara doaz mozkinak. Horrek honako hau esan nahi du: lan-indarrari ordaindutako alokairuek, eta soilik haiek, output osorako ordaintzeko behar den diru-errenta beharrezkoa eta nahikoa eratzen dutela. Beraz, funtsean, mozkinak eratzea eta gastatzea alokairuen fluxu zirkularraren barnean sarturik daude: alokairuak enpresek ordaintzen dituzte eta langileek eta (haiei alokairuak transferitzen zaizkien heinean, langileen tokia hartzen duten) mozkin-irabazleek ondasun-merkatuetan gastatzen dituzte.

Nahiz eta enpleguak output osoa ordaintzeko beharrezkoak eta nahikoak diren alokairuak (hots, errentak) sortu, produkzioaren errentagarritasuna merkatuen menpe geratzen da, hau da, erosketen menpe. Hortik etorriko dira, etortzekotan, mozkinak.

Demagun ondoko kasu hau. Produkzio-maila baterako, eta, ondorioz, enplegu-maila baterako (eta kontsumorako jarrera kontuan edukiz), alokairu-irabazleak ez daude nahitaez prest produzitutako ondasunak enpresek nahi duten mozkina barnean duen prezioan erosteko. Kasu honetan, enpresek beren produkzioa murriztu egingo dute, eskain- tza eta eskariaren arteko ratio egokiagoa segurtatzeko. Hortaz, enpresen mozkinak produkzio-faktoreen gaineko prezioen gehikuntza dira, ez ekonomia osorako inolako errenta gehigarria. Mozkinak alokairu transferituak dira, langileengandik enpresetara transferituak. Schmitten teoria berri horren arabera, mozkinak ez dira alokairuei gehitu behar zaien ezer; mozkinak langileengandik enpresetara, ondasunen salmentan, transferitutako alokairuen parte bat dira. Mozkin-irabazleek langileen lekua hartzen dute, alokairuak haiei transferitzen zaizkien heinean.

Enpresaburuek mozkinak alokairu-irabazleen (langileen, oro har) kontura bereganatzen dituzte. Izan ere, produzitutako ondasunen (kontsumo-ondasunen eta kapital-ondasunen) erosketan mozkinak gastatzen direnean, mozkinen birbanaketatik probetxu ateratzen duten agente ekonomikoek (interesetan eta dibidenduetan) eta enpresaburuek ondasunak eskuratzen dituzte, alokairu-irabazleek irabazi ordez.

Beraz, A alokairuak produzitutako ondasunak erosten gastatzen dira zuzenki edo zeharka (hots, mozkinen forman). Baina enpresaburuek ondasunetan mozkinak gastatu barik, mozkin horiek gorde ditzakete beren enplegatuei alokairu gisa ordaintzeko. Kasu horretan, M mozkinak ez dira gastatzen merkatuan hornitutako ondasunak erosteko: haiek A’ alokairu berriak eratzen dituzte, berriki produzitutako ondasun gehigarriei dagozkienak. Hortaz, M mozkinek eta mozkinetatik or- daindutako A’ alokairuek A’ berdintzen duen eskaria definitzen dute, ekonomian (M+A’) eraturiko errentaren ordez. (M transferitua da, langileei aurretik ordaindutako alokairuetatik).

Bide horretan eraturiko eskariaren urritasuna ez da, berez, itzulezinezkoa, zeren, alokairu-irabazleek beren alokairu berriak gastatzen dituzten heinean, enpresaburuek beren mozkinak berreskuratu egiten baitituzte, eta haiek ondasunetan gasta baititzakete.

Baina baldin eta mozkinak behin eta berriz, eta proportzio handietan, alokairuak ordaintzeko erabiltzen badira, eskariaren urritasunak kalte egin diezaioke enpleguari.

Malformazio hori mozkinetatik egindako alokairuen ordainketari dagokionez, Schmittek banku-sistemaren fluxu monetarioen eta finantzarioen aldaketa sakona proposatzen du, errentaren gastua mozkinak eta errenta eratzea alokairuak ordaintzea erabat bereizirik. Bide horretatik, alokairuak ordaintzeak eta mozkin-gordailuak bankugin- tzan bertan bereizten dira. Hortaz, langabeziari aurre egiteko, lehendabizi bankugintzan ondoko bereizketa bat egin behar da: alde batetik, dirua jaulkitzea alokairuak ordaintzearren, bestetik, bankuek gauzatzen duten finantziazioa diru-gordailuak eta hura mailegatzea, bi departamentu horiek bereiztea.

Eskari osoa eta eskaintza osoa ez dira egokitzen prezioen eta alokairuen bitartez, alokairuen fluxu makroekonomikoen bidez baizik. Langabezia, bere erarik patologikoenean, eskari osoaren gabeziari dagokio. Beste hitz batez esanda, defla- zioa ez dagokio inolako azterketa mikroekonomikori, ezta portaerazko inongo mekanismori edo eragileri ere. Izan ere, ikuspuntu mikroekonomikotik esan litekeenaren kontra, eskari osoa ez du zehazten agente ekonomikoek gastatu nahi duten errenta kopuruak, baizik eta globalki eskuragarri dagoen errenta kopuruak. Azken artekari moduan, bankuek maileguz ematen dute beraiei maileguz ematen zaiena. Are gehiago, partida bikoitzeko kontabilitatearen arauen arabera, bankuek beren bezeroek gordailuturiko kopuru zehatza besterik ezin dute maileguz eman. Aktiboen eta pasiboen arteko beharrezko balantzeak erakusten du hori horrela dela. Ondorioz hauxe esan behar da: aurrezki mikroekonomikoek ez dute sortzen inolako eskari makroekonomikoren murrizketarik. Baina, orduan, nola izan daiteke eskari korrontea eskaintza korrontea baino txikiagoa?

Produkzioak errenta sortzen badu eta errenta osoak eskari osoa sorrarazten badu, nola egon daiteke desberdintasun numerikoa eskaintza osoaren eta eskari osoaren artean? Eta baldin eta eskari osoaren gabezia langabezia patologikoaren ezaugarria bada, nola adieraz daiteke stagflazioa? Inflazioa eskaintza osoaren gaineko eskari osoaren gehitze gisa definituz, gerta ote daiteke benetan eskari osoa, aldi berean, eskaintza osoa baino handiagoa eta txikiagoa izatea?

Schmitten arabera, inflazioak eta deflazioak, berez, jatorri komuna dute kapital-metaketaren prozesu patologikoa, zeinak elkarrekin bateragarriak izatea lortzen baitu. Horrek ez du esan nahi, hala ere, bi anomaliak halabeharrez konkomitanteak direnik.

Inflazioa da gure sistema monetarioen desfuntzionaltasunaren lehen anomalia. Mozkin inbertituen gordailu berrituak numerikoki eskari osoa gehitzen du, eta sisteman eskuragarri dagoen unitate monetario bakoitzean erosteko ahalmenaren galera eragiten du. Inflazioak anomalia bakarra izaten segituko du, inbertsioak mozkingarriak izaten jarraitzen duen bitartean, hau da, interes-tasa naturala merkatuko interes-tasa baino handiagoa den artean, Wicksell-ek aspaldian erakutsi zuen moduan (1898/1965, Interests and Prices). Hala ere, egoera hori behin-behinekoa da. Izan ere, kapital finkoaren amortizazioak gainmetaketaren prozesua dagoela esan nahi baitu. Horrela, kapitala gero eta arinago handitzen da; horrek mozkinen eta kapitalen arteko ratioa txikiagotu egiten du nahitaez. Ratio hori merkatuko interes-tasara hurbiltzen denean, enpresek utzi egiten diote beren mozkinen kopuru osoa ondasun instrumentalen produkzioan (hots, kapital finkoan) inbertitzeari. Kapitalean gehitze handiegia zeinak hura ordaintzea ezinezko bilakatuko baitu alboratzearren, enpresen multzoak bere mozkinen parte bat kontsumo-ondasunen produkzioan inbertitzen du. Horrek gehitu egiten du ondasun-merkatuan ondasunen eskaintza osoa, eta hura erostea finantzatzeko errenta eskuragarria aldatu gabe uzten da.

Banku-kontabilitatean departamentu finantzarioa eta kapitalaren departamentua (hirugarren departamentua, berau) bereizirik ez daudenean, inbertsioak errenta erreal bat errenta nominal huts batez ordezkatzea eragiten du. Kapital-metaketaren prozesuaren maila goiztiarrean hori gertatzen de- nean, gehitze nominalak inflazioa baino ez du ondorioztatzen. Hala ere, geroagoko maila batean gertatzen bada, kapital finkoko ondasunen produkzioa neurri batean alokairu-ondasunen pro- dukzioak ordezkatzen duenean, gehitze nominala ez da gai eskaintza errealeko gehikuntzara iristeko. Kontsumo-ondasun berriak erosteak erosketa-ahalmen positiboa behar du, eta errenta erabat nominalak ez du ahalmen hori. Beraz, deflazioa kapital-metaketaren prozesu patologikotik dator. Prozesu hori maila jakin batera iritsiz gero gertatzen da, non kapital finkoak ezin baitu gehiago hazi lehen handitu zen abiaduran.

Kapitalaren gainmetaketa (eskari osoaren hedadura inflaziogilearen bereizgarria) eta kapital-metaketaren gutxitzea (eskaintza osoan gehikuntza deflaziogilearen bereizgarria) biak gertatzen dira errentaren eta kapitalaren bereizketa logikoa ez delako islatzen bankuetako kontabilitate-egituran. Hortaz, anomalia inflaziogileari eta deflaziogileari amaiera emateko, halabeharrezkoa da kontabilitatean moneta-erreforma egitea, alegia bankugintzan hiru departamentu bereiztea: departamentu monetarioa, departamentu finantzarioa eta kapital finkoari dagokion hirugarren departamentua. (Arazo sakon horretaz sakontzeko ikus “Langabeziaren aurka: bankugintzaren garrantzia”, 2005, Elhuyar).

Gara