Kanakytik Kaledonia Berrira

Kanaky eta Kaledonia Berria. Bi izen, leku berarentzat. Lehena da hango autoktonoek ematen zioten izena; bigarrena, kolonoek. Kaledonia zen oraingo Eskozia. Eta James Cookek Kanakyko uharteak aurkitu zituenean, bere aitaren sorlekuaren omenez, Kaledonia Berria izena eman zion artxipelago hari. 1860an, Frantziak konkistatu eta kolonizatu zituen hango lurrak, eta geroztik, Kaledonia Berria Frantziaren kolonia baten izena da. Ez da gauza bera, beraz, Kanakyk erabakitzea edo Kaledonia Berriak erabakitzea.

Kaledonia Berria eraiki zuten Kanaky suntsituz. Napoleonen garaiko inbasioa bortitza izan zen, Kanakak trumilka hil zituzten, eta Kanakek ez zuten baliabiderik hari buru egiteko. Frantziako kolonoek Kanaken lurrak berenganatu zituzten, eta hango herritarrak miseriara kondenatu.

Mende bateko genozidio horrek, azkenean, lekuko herritarren erresistentzia eragin zuen. 80ko hamarkadan istilu gogorrak gertatu ziren, eta errepresioa are bortitzagoa izan zen. 1984an hamar Kanak erail zituzten, eta epaileek hiltzaileak errugabetzat jo zituzten. 1985ean, Eloi Machoro lider independentista eta haren kide bat hil zituen poliziak. 1988an, Ouveako harpeko bahiketa odolputzutan bukatu zen: poliziek hemeretzi militante Kanak hil zituzten, gehienak buruan tiro batekin. Frantziak garbi erakutsi zuen nork zuen indarra eta noraino joateko prest zeuden.

Handik laster, urte berean, hasi ziren negoziazioak eta izenpetu zen Matignoneko akordioa. Handik dator joan den azaroaren 4ko erreferenduma. Frantziak antolatua eta bere baldintzetan. Bai, errolda izoztea “onartu” zuen Frantziak, segurtatzeko 1988tik landa joanen ziren kolonoek ezin izanen zutela bozkatu. Hala ere, Frantziak garaipena segurtatua zuen, 1988ko erroldaren arabera ere, kolonoak nagusi zirelako.

Aitzineko ehun urteetan Kanak masiboki hil, bizirik gelditu zirenei lurrak ebatsi, miseriara kondenatu eta herria kolonizatu ondoan nagusitu ziren kolonoak, kopuruz.

Autoktonoak bizi diren lurretan, independentziaren aldeko bozak nagusitu dira airez aire; hirigunean, kolonoen bizilekuan, independentziaren kontrako bozek irabazi dute.

Argi da, beraz, nork erabaki duen: Kaledonia Berriak erabaki du Kanakyk ez duela berreskuratuko askatasuna.

Batzuek diote oraingo biztanleak ez direla iraganekoen kolonizazioen erantzule. Haiek ere hangoak direla, han sortuak eta haziak, eta Kanakek bezala dutela bozkatzeko eskubidea. Lur batean bizi den gizarteak erabaki behar omen du… Herrien berezko eskubideak edo estatuen eragin ikaragarria existituko ez balira bezala…

Frantziak eskubiderik gabe eta genozidio bidez bereganatu zuen Kanaky, eta bere beharretara moldatu zuen hango gizartea. Zuzen-kontrako okupazioa bada, Frantziak egin behar lukeen bakarra da independentzia itzultzea eta kalte-ordainak ordaintzea.

Gainerakoa da kolonizazioari zilegitasuna ematea edo negazionismoa. Zapalkuntza pean antolatzen diren erreferendum horietan, eskatzen dena da zapalduek konbentzitu dezaten jendea, independentziaren alde. Eman dezagun bi lagunek erabakitzen dutela lasterketa bat egitea, antolatzailea dela bi horietako bat, eta aurkaria igortzen duela abiapuntua baino hamar kilometro gibelago. Nork irabaziko luke? Eta galtzaileak poztu behar luke, gutxienez lasterketan “lehiatzeko” aukera izan duelako?

Gauza bera da herri zapaldu bati eskatzea berak konbentzitzea zapalduak eta zapaltzaileak. Eta ez da zilegi herri zapaldu eta ahulduari eskatzea, egitea ez dagokion indar gehigarri eta ikaragarri hori.

 

Kanakytik Kaledonia Berrira

ZUZEU