Izena ahantzi duen herria

Izanak badu izena. Izena duenak badu izana. Zein da, bada, gure herriaren izena? Zein da haren izana? Duela ez hain aspaldi arte, galdera horien erantzuna aski argia zen. «Egün oroz gogoan zütü, oi gaixo Ama Euskadi», zioen Etxahun Irurik, Zuberoako artzain batez ari zela. «Gu gira Euskadiko gazteri berria; Euskadi bakarra da gure aberria» kantatu zuen Mixel Labegueriek. Labeguerie Kanboko auzapez izan zen. Eta, aurten, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Kanbo ez dela Euskadin… Horra izenaren eta izanaren nahasmenduaren sintoma larri bat. Zer da, bada, Euskadi? «Gora Euskadi askatuta» oihukatzen zenean Baionako manifestazioen bukaeran, ez zen zehazki Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren askatasuna eskatzen.

Urte gutxiko epean, Euskadi hitzaren erabilera mugatu da Euskal Autonomia Erkidegora (EAE). Jatorrian, ordea, Euskadi (Euzkadi, hasieran) Sabino Aranak asmatu zuen hitza zen. Zazpi herrialdeak bilduko lituzkeen estatu independente baten izena zatekeen. Proiektu politiko bat adierazten zuen. Arturo Campion ez zen izen horren aldekoa, eta Euskal Herria hobetsi zuen. Hala ere, XX. mende bukaerara arte, Euskadi hitza biziki errotua zen mugimendu abertzalearen terminologian; azken urteetan Euskal Herria-k hartu du gaina. Dena den, biak sinonimotzat hartzen ziren eta bi izendapenek lurralde bera adierazten zuten (euskarazko Wikipedian, Euskadi orriak Euskal Herria orrira darama zuzenean).

Zergatik murriztu da, bada, Euskadi, lurralde ikuspegitik bezala, politikoki? 1979an sortu zen Euskal Autonomia Erkidegoko estatutuaren ondorioz. Euskadi hitza, aldarrikapen politiko independentistaren izena, bereganatu du indarrean dagoen sistemak. Espainiako unitate autonomiko baten izentzat hartu dute, lurraldez murriztuta eta, bereziki, zentzu politikoz hustuta: alderdi espainolistek hitz hori ez dute erabiltzen Sabino Aranaren zentzuan.

Gaur egun, Euskadi hitza lausoa eta nahasgarria da. Ez dakigu gehiago zertaz ari garen eta zertaz ez garen ari. Azken urteetako erabilera makurrak hitza erre du.

Ez da erretzen ari den hitz bakarra, ordea. Hain zuzen, azkenaldian erakunde batzuetakoek zailtasunak dituzte zazpi herrialdeek osatzen duten herri hori Euskal Herria deitzeko. Horrela, irakur dezakegu euskal lurraldeak, edo entzun dezakegu euskararen lurraldeak. Euskal erakunde batek euskararen eremu geografikoa aipatu du. Zehaztu behar izan du zertaz ari den: «Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Frantziar Pirinio Atlantikoen departamenduko euskal lurraldeak, hots, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa». Hori guztia, Euskal Herria izena ez erabiltzeko? Zergatik ote?

Alabaina, ofizialki, EAEren izen osoa da Euskal Herriko Autonomia Erkidegoa (eta espainolez, Comunidad Autonoma del Pais Vasco). Espainolentzat Pais Vasco (Euskal Herria-ren itzulpena) EAEra mugatzen da, hala mugatu nahi dutelako. Frantsesentzat, aldiz, Pays Basque Bidasoan bukatzen da; handik harakoa Espainia da. Nahasmena zabaltzen ari da Euskal Herria zer den zalantzarik ez zuten hainbat euskaldunen artera ere. Komunikabideetan irakurtzen bada «euskal errepideak», EAEko errepideak aipatzeko, murrizketa hori sendotzen da. Beste hainbeste, Euskadi baliatzen bada, EAEren ordez. Eta Eusko Jaurlaritzak Basque Country izena ere EAEko eremura mugatzea erabakitzearekin, ez da egoera hobetzen. Artetik errateko, ingelesezko hitzarekin ere ez dago adostasunik, batzuek Basqueland hobesten baitute.

«Autonomien Espainiak» zorrozki azpimarratu du autonomien arteko bereizketa, besteak beste ikurrina debekatuz Nafarroa Garaian (eta ikur baten esanahi politikoa itxuraldatuz) eta Euskal Herria zein Euskadi hitzak EAErako mugatuz. Azken urteetan borroka ideologiko gogorra ari dira egiten Nafarroak Euskal Herriarekin zerikusirik ez duela sinetsarazteko. Nafarroa [Garaia] eta «Euskadi» Espainiako bi autonomia gisa aurkeztu nahi dira, Kantabria edo Gaztela-Mantxa bezala. Horrek ere bultzatzen ote ditu eragile batzuk Euskal Herria kentzera beren hiztegitik?

Nafarroa izenarekin ere gertatu da antzeko murrizketa. Berez, Euskal Herriaren estatuaren izena da, baina horrek ere hartu du herriaren zati baten izena, gure estatuaren azken-aurreko eremu askea (Nafarroa Garaia) Espainiako administrazioaren araberako probintzia bihurtu ondoan. Nafarrek, ordea, ez zuten sekula erabaki uko egitea beren estatuari, ezta ere 1200ean Gaztelak konkistatutako gaur egungo EAEko lurrei.

Hots, sekulako nahasmena dugu gure herriaren izenarekin. Pentsa, espainolezko Wikipedian badago sarrera bat Pais Vasco (desambiguacion) izenekoa, ingelesezkoan badaude Basque Country (greater region), Basque Country (autonomous community), French Basque Country… Eta luze jarrai daiteke horrela, beste hizkuntzetako sarrerak ere aztertzen hasiz gero.

Egoera politiko bihurriaren isla da izen saltsa hau. Bada kezkatzekoa izenak ez badu izana izendatzeko balio edo ez badakigu izana nola izendatu. Izana bera galtzen ari ote gara, izenarekin batera?

Berria