Euskaldun etnokulturala eta nazionala

Joxe Manuel Odriozolak gaur egungo euskalduntasunaren egoera aztertu du Nora Goaz Euskalduntasun Honekin? liburuan. Euskalduntasun etnikoa antzua dela dio, eta euskarak eta Euskal Herriak bizirik irautekotan, euskalduntasun nazionala beharrezkoa dela azpimarratu du. XX. mende erdialdera arte, euskaldunon identitate etnikoak funtzionatu du, baina azken hamarkadetan, identitate etniko horrek ez du gehiago aukerarik ematen euskalduntasunak irauteko. Hain zuzen, modernizazioa handitu ahala, estatu menderatzailearen identitatea gero eta gehiago errotu da, eta hizkuntza zapalduak desagertzen hasi dira.

Horrela dio Odriozolak: “Estatu menderatzailearen asmoa bat eta bakarra izango da identitate nazionalen alor gatazkatsu honetan: alegia, kontzientzia nazionalaz jabetzen ari den komunitate historiko etnikoa ez dadila bere identitate etnokukltural horretatik haratago joan. Ez dadila naziogintzaren prozesuan benetan jardun. Ez dezala pentsa estatu bat eraikitzeko eskubidea daukan nazio zilegi bat denik”. Euskaldun etnokulturala izatea da Frantziako edo Espainiako azpi-kultura bat izatea; eskubide eta estatus sozioekonomikoak frantsesak edo espainolak ematen dizkie euskaldunari. Euskara, aldiz, etxekoa baizik ez daiteke izan, bigarren mailakoa, betiere. Ez du balio sozializatzeko. Odriozolak dio hizkuntza identitateak ez direla bateragarriak biek nazio estatusa baldin badute; bateragarriak dira bata bestearen gainetik dagoenean, hots, bat denean hizkuntza nazionala eta bestea etnikoa. Eta kasu horretan, hizkuntza nazionalak “etnikoa” edo zapaldua desagerrarazten du. Gatazka hori iraungitzen da, hizkuntza zapaldua desagertzen denean.

Odriozolak aipatzen ditu “euskalduntasun nazional kulturala garatzeko gai ez diren euskalduntze-estrategiak”. Haren ustez, euskal hiztunen gaitasun komunikatiboa mugatua da prozesu horien ondoren, “euskararen transmisioa formala eta akademikoa delako”. Horrez gain, “euskaldun berri gehienen eta euskaldun zahar askoren hizkuntza leialtasunak huts egiten” duela dio, hain zuzen, “nazio identitatearen kontzientziarik” ez dagoelako. Nazio identitatearen kontzientzia beharrezkoa da, beraz, euskara behar bezala transmititu ahal izateko. “Nortasunik gabeko euskaldunak sortzen ditu gehienbat gaurko euskalduntze politikak”.

Liburu honek balio du hausnartzeko gaur egungo hezkuntza sistemaz edota euskarak gizartean eta kulturan duen benetako lekuaz. Euskalkien eta euskara batuaren arteko azken eztabaida irakur daiteke, halaber, Odriozolak proposatzen duen planteamendutik.

Odriozola, Joxe Manuel. 2017. Nora Goaz Euskalduntasun Honekin? Donostia: Elkar.