Euskal sena: euskerak ematen digun izateko era

Askotan esan ohi da hizkuntza bakoitza mundu ikuskera bat dela, ingurumenarekin harremanatzeko modu bat. Euskera ere hizkuntza oso berezia da, eta Euskal Herria milaka urtez irautearen oinarrietako bat izan liteke, komunitate elkartua izateko laguntza ematen omen digulako. Kontua da, askotan, ez garela gai izan dugun altxor hori ikusteko eta euskera etxetan, ikastetxetan zein euskaltegitan transmititzen dugunean, geure hizkuntzaren oinarri horiek ez ditugula lantzen edo biziberritzen, besteak beste, behar bezala ezagutzen ez ditugulako.

Oteitzak zioen moduan, gure herriaren nortasuna eta izateko era beste paradigma baten gainean eraikita dago, aurreindoeuroparra den ikuspegi baten gainean. Eta euskera galdu duten askok ere nortasun horri eutsi diote. Baina inguruko herrien eraginez eta haiek dituzten ikusmolde horien indarrez, gero eta lausotuagoa dugu geurea baina ez genuke alboan utzi behar, gure herriaren biziraupena kolokan jartzen ari garelako. Horregatik, geure hizkuntzaren baitan dagoen paradigma hori hobeto ezagutzeko, maiatzaren 13an, Irurtzunen, Euskeraren Jatorriaren 11. Biltzarra egingo dugu, “Euskera eta euskal sena” lelopean.

Gure hizkuntzak komunitate zentzua, baina aldi berean, norberaren burujabetasuna nola bultzatzen duen adibide asko eman daitezke. Esate baterako, gure paradigman “denok gara LAGUN” ikuspegitik abiatzen gara eta, ildo horretan, “hainbat lagun batu dira gaur” esaten dugu. Euskeran “lagun” hitza “pertsona” edo “jendearen” sinonimoa delako eta hori uste baino garrantzitsuagoa da. Denok, noiz edo noiz, galdetu izan diogu geure buruari, sinonimia horren zergatiaz. Bada antzina gure arbasoek argi zuten: ondo zein txarto konpondu orain, izan denok gara “lagun”, beraz litekeena da noizbait konpontzea, denok “komunitate” baten partaideak garelako. Giza taldea sendotzeko berba berezia da, beraz.

Gure paradigman “DENa BATetik” abiatzen gara: DENa guztia da, denok gara bat. Hau da, “todo” edo “tout” esateko “izan” aditza erabiltzen dugu: DENa. ETORRI, bat gatoz, edo ez gatoz bat. Baina IZAN, denok gara bat. Bat izate horretan simetrikoak gara denok, berdinak, maila berekoak.

Geure hizkuntzan “EMAN” ikuspegitik abiatzen gara, ez hartutik: “Sikeran be, etxe inguruari JABEtasuna EMAN diogu!” Jabe, jabon, jagon, zaindu. Jabeak “jabon” egiten du, “arduratu” egiten da, geurean ez omen zegoen lehen jabetza huts bat, guztiz kontrakoa baizik, gauza baten jabea izateak horren arduraduna izatea zekarren. Edo “zu etxerako” esaten dugu eta ez “etxea zuretzako”. Inguruko hizkuntzen paradigman ordea “propietatea” ez da jabetasuna ardura modura ikusten, propietate soil modura baizik: ondasunak erosi, hartu, saldu…

Euskeraz “NON-GO” ikuspegitik abiatzen gara, NOR-ENengandik bereiztuz: Ana Mari AgarreKO; Ana Mari “Agarre” etxekoa da, eta ez etxea Ana Marirena. Lurrak kokatzen gaitu. Euskaldunok lurrei izena eman baino, guri inguruneak izendatzen gaitu. Ekologiaren eta gizabidearen oinarria horixe delako: gu jendearen edo ingurunera moldatzea burujabetasun batetik, ez jendeak edo inguruneak norberari, menpekotasuna sortuz. NON-GO eta NO-REN bereiztea inguruko hizkuntzek duten NOREN kasu bakarra baino askoz hobea da, nongotasuna eta norentasuna desberdintzen dituelako.

Geure hizkuntzan “GU” ikuspegitik abiatzen gara: “gure etxean”, “gure amak”, “gure herrian”, “gurean…”, berriz ere BAT egiteko lagungarria den beste osagai baten ikuskeratik. Antzina ez genuke inondik inora esango “nire ama”, “nire etxea”… beti “ama” edo “gure ama” baizik. Gure hizkuntzan ere “zuk eta biok” esaten dugu, “ni” ahalik eta gutxien erabiltzeko ere. Hau da, GU ikuspegi horri esker euskaldunok kolektibitate zentzua indartu ahal izan dugu.

Euskeran “jaun-andreak”, “gurasoak”, “izeko-osaba”, “umeak”… esaten dugu, genero bien berdintasuna etengabe azpimarratuz, ondoko hizkuntza gehienek ez bezala. Zergatik? Gure hizkuntzan den guztiak izena duelako. Izena duen guztia bada esaldi famatua, alegia, atzean itzelezko filosofia duena, nahiz eta euskeraren beste kontu guztiekin bezala, inongo filosofia liburutan inoiz ere ez agertu.

Adibide gehiago entzuteko aukera izango dugu maiatzaren 13an. Horretarako hainbat hizlari izango dugu. Batetik Agurtza eta Aintzane Lazkano ahizpek euskeraren ekosistema linguistikoan ardatz diren zenbait hitzen garrantzia azalduko digute: elkar, lagun, ote-omen-ei, -ok…. Ondoren, Felix Zubiaga Legarretak gure hizkuntzaren sustraietan dagoen ama ikuskerari buruz egingo du hitz. Odon Ulibarrena Irozen audio hitzaldian, Gizabideak eta euskerak euskal etniaren biziraupenerako eta orekarako duten garrantzia izango dugu mintzagai. Jabier Goitia Blancok giza portaerako hitz pilo bat, gaztelerazkoak barne, nondik etor daitezkeen azalduko digu.

Arratsaldez Jose Mari Ulibarrenak sortutako Artetako Museo Etnografiko liluragarria bisitatuko dugu eta beste lau hitzaldi interesgarri izango ditugu. Batetik Felix Rodrigo Morak elkarbizitzan hizkuntza lagungarri edo oztopo izan daitekeela azalduko digu. Ondoren Imanol Agirren Vinculos del Euskera con las lenguas del mundo liburua aurkeztuko digu bere semea den Luisek. Ondoren Poza Lizentziatuak 1587an idatzitako lana ezagutzeko aukera izango dugu Antonio Arnaiz Villenaren bidez eta, amaitzeko, Iruña-Veleia, euskal historiarako eta hizkuntzalaritzarako mugarria izanik ere, lotsagabeki nola zokoratzen ari diren aztertu eta horri aurre egiteko partaideen ideiak jasoko dira World Kafe bidez.

Batzuek oraindik uste dute, geurean, auzolanak, komunalak, kooperatibismoa, generoen artean hemen dugun egoera… kasualitateak omen direla. Bada ordua euskera sortu zutenei begiratzeko eta herri gisa bizirauteko izan zuten “magia” hori berreskuratzeko, taldea indartuz baina aldi berean norbere burujabetasuna zainduz, ingurumenaz baliatuz baina aldi berean ingurumena zainduz, gizaki guztiok “lagun” gisa tratatuz baina aldi berean denok emanez eta hartuz.