Euskal kulturaren aktibista

LANDER FERNANDEZ ARROIABE / FOKU

 

Herenegun zendu zen euskal idazle eta militante ezaguna. Hainbat kultur aldizkariren sortzaile izan zen. Historiako irakasle aritu izan zen azken urteetan unibertsitatean.

Euskalduna zen beste edozeren gainetik Txema Larrea (Basauri, Bizkaia, 1954-Bilbo, 2018). Euskara eta Euskal Herria zituen ardatz une oro, eta «euskal kulturaren aktibistatzat» zuten askok. Kazetari, idazle, unibertsitateko irakasle eta militante izan zena, erreferente izan da euskal literaturan egindako ekarpenarengatik. Klandestinitatean hasi zuen jarduna, eta azken hatsera arte aritu da lan horretan, hizkuntza eta herria oinarri hartuta. Herenegun zendu zen, Bilbon.

«Euskararen abertzale bat zen; euskaragaixo bat, Ruper Ordorikak aipatzen duen moduan», gogoratu du Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak. Euskararen inguruan bizi zen Larrea, eta bere ibilbide guztian horren bueltan aritu zen: euskarari buruz idatzi zuen batez ere, herriaren eta hizkuntzaren arteko deskonexioaz, euskararen egoeraz edota euskal idazleez. Kezka horiek zituen; «min horrekin bizi zen».

Euskaldunagoa erroizturik saiakera da, hain zuzen ere, haren lanik esanguratsuenetariko bat. Doktoretza tesia izan zena liburu gisara argitaratu zuen Pamielak 1994an. Euskararen historia sozialaren kontakizuna da, kritika zorrotz eta hausnarketa sakonetan oinarritua. XIX. eta XX. mendeetan euskararen erabileran izandako galera aztertu zuen. Orduan plazaratutako ideiak erreferentziatzat hartu izan dituzte askok gerora ere. Gai horren bueltako beste hainbat liburu ere idatzi zituen. Ele neumatikoak (Pamiela, 1994) antologia, besteak beste. «Irakurle asegabea zen, liburugaixo bat. Euskal gaiez eta literaturaz ezagutza entziklopediko bat zuen», Elzabururen esanetan.

Hizkuntzaz gaindi, euskal idazleak ere pasio zituen Larreak: Axular eta Jon Mirande, beste askoren artean. Haien prosa klasikoa miresten zuen, eta bere idatzietan islatu zuen hori, nafar-lapurteran idazten baitzuen sarri. Miranderen olerkien inguruko bi liburu kaleratu zituen, hain zuzen: Miranderi buruzko Poemak 1984an, Erein argitaletxearekin; eta Miranderen lan kritikoak 1985ean, Pamielarekin. Ez ziren euskal idazleei lotutako lan bakarrak izan, hala ere, Elzaburuk nabarmendu duenez, XX.mendeko euskal idazleen inguruko beste bi liburu ere argitaratu baitzituen: Nafarroako euskal idazleak (1987), eta Nafarroako euskal idazleak II (1995). «Frankismotik ateratzen ari ginen garai hartan, loraldi kultural berri bat ematen ari zen, eta bera izan zen euskal idazleen inguruko memoria berreskuratu zutenetako bat». Pamielarekin sei liburu ditu argitaratuak, baina beste hainbat lanen edizioan ere parte hartu zuen.

Frankismo garaia

Klandestinitatean eman zituen Larreak euskarari eta Euskal Herriari lotutako lehen urratsak. ETAko militantea izan zen frankismo garaian. Atxilotu, eta preso sartu zuten, baina aske geratu zen 1977an, orduko Espainiako presidente Adolfo Suarezek agindutako amnistiari esker. Horren aurretik, halere, larri zauritu zuten tiroketa batean, eta hilzorian izan zen horren ondorioz. Elzaburu: «Inoiz ez zuen horren inguruan harrotasunez hitz egiten. Ez zeramatzan zauriak bistan, zentzu horretan, distantzia jartzen zuen».

1980ko hamarkadan eman zituen lehen urratsak prentsaren munduan: Zeruko Argia aldizkarian. Lau urte eman zituen Iruñeko berriemaile gisa lanean. Beste hainbat hedabiderentzat ere lan egin zuen gerora, hala nola Xaguxarra, Jakin eta A Nosa Terra.

Urte batzuk geroago, beste zenbait literatur aldizkariren sortzaile ere izan zen Larrea: Pamiela argitaletxeak kaleratu zuen Mazantini aldizkaria sortu zutenetako bat izan zen. Aingeru Epaltza, Luigi Anselmi, Aurelia Arkotxa, Jesus Etxezarraga, Jose Enrique Urrutia eta Dario de Zaurieta izan zituen, besteak beste, kide aldizkarian. «Apartekoa zen jendea harremanetan jarri eta sareak eratzen, ideiak berriak sortzen, egitasmo berriak bultzatzen… Pamielan gakoa izan zen guretzat euskal kulturako sortzaileekin zubi lanak egiteko», adierazi du Elzaburuk.

Hori bera berretsi du Jose Julian Bakedano lagunak ere. «Gizon konprometitua zen euskararekin, Euskal Herriarekin eta lagunekin». Ostiralero elkartzen ziren Bilbon, Alde Zaharrean, elkarrekin bazkaldu eta kontu-kontari aritzeko: literatura, euskara eta politika ziren Larrearen hizketaldi gustukoenak, lagunaren hitzetan. Haren umore fina eta ironia nabarmendu ditu, batez ere. «Hizlari fina zen, baina batez ere, lagunen laguna zen».

Lagun minak zituen Federico Krutwig eta Joseba Sarrionandia idazleak, eta «literatur konplizitate handia» zuten elkarrekin. 1984an Sarrionandiarekin batera argitaratu zuen Alkohola poemak (Pamiela) olerki bilduma. «Larreak idatzi zuen Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa berrargitaratuaren hitzaurrea ere», erantsi du Elzaburuk.

1980eko hamarkadaren erdialdean Euskal Herriko Unibertsitatera egin zuen jauzi, eta Historiako irakasle lanetan aritu izan zen azken urteetan. Haren jakinduria azpimarratu dute haren lagun eta ingurukoek. Elzabururen hitzetan «ezohiko» irakaslea zen, eta izaera berezia zuen: «Eskuzabala zen intelektualki. Lasai asko partekatzen zuen bere ezagutza. Belaunaldi asko euskararekin eta literaturarekin pozoitu zituen unibertsitatean».

 

Berria