Solidarioak, espioiak eta emakumeak

Aurten bete dira 75 urte frankistek Luis Alava fusilatu zutenetik: haren omenez, ‘Alava sarea’ izena hartu zuen 36ko gerran presoei laguntzen ibili zen taldeak. Sarea ez da oso ezaguna, eta are gutxiago hura sortu zuten emakumeak: Bittori Etxeberria, Itziar Mujika, Delia Lauroba eta Tere Verdes. Donostian jarri dute haiei buruzko erakusketa.

Ezkerretik eskuinera: Verdes, Mujika, Etxeberria eta Lauroba, espetxetik atera ostean. SABINO ARANA FUNDAZIOA

Santoña (Kantabria, Espainia): 1937ko abuztua. Euskal armadaren zati handi batek errenditzea sinatu zuen italiarrekin. Erbestean zen ordurako Eusko Jaurlaritza, eta, beraz, ezin ziren euren kabuz aritu; ez, behintzat, Hego Euskal Herrian. «Jaurlaritzaren informazio zerbitzuko Jose Maria Lasarte eta Pepe Mitxelena Baionan zeuden: bazekiten milaka gudari zeudela preso Duesoko kartzelan, eta jakin nahi zuten zein egoeratan zeuden, zer ari zen gertatzen akordioarekin», azaldu du Josu Chueca historialari eta EHUko irakasleak. Konplize bat behar zuten, eta baita aurkitu ere: Bittori Etxeberria. «Abertzale ezaguna zen bere inguruan, Baztanen [Nafarroa]: leku inportantea zen, mugan dagoelako; izan ere, sarea hasi baino askoz lehenago hasiak ziren jendea Iparraldera eramaten. Hain justu, Javier Landaburu —EAJko diputatua Madrilen eta Araban— handik eraman zuten; hark esango zien Baionan zein Parisen zeudenei: ‘Hemen nago, hauei esker’».

Huraxe izan zen sarearen abiapuntua: 1940ra arte jardun zuten lanean, atxilotu zituzten arte. Oso gutxi ikertu da horri buruz, eta aurten, Luis Alava fusilatu zuteneko 75. urteurrenean, haien memoria berreskuratzeko lanak ari dira argitaratzen. Maiatzean, Alava Sarea, emakume espioi ikusezinak dokumentala (Baleuko) estreinatu zuten ETBn; sareari buruzko erakusketa orain iritsi da Donostiara, Gasteizen eta Baztanen (Nafarroa) egon ostean: Aieteko kultur etxean dago ikusgai.

Gauzarik arruntenak ere zaildu egiten dira gerran, eta Etxeberriak berak ere behar zituen konplizeak. «Orain hitz egiten dugu gauzak oso sinpleak balira bezala, baina gerra betean justifikatu behar duzu zertarako zoazen, esaterako, presondegi batera», ohartarazi du. Orduan jarri ziren martxan sareko beste bi kide: Delia Lauroba eta Itziar Mujika. Etxeberria bezala, abertzalea eta militantea zen Mujika; Lauroba ez, baina Mujikaren laguna zen, eta bazuen abantaila bat: preso zeukan Jose Azurmendi senarra, eta, beraz, alibi on bat kartzelara joateko. Lauroba joan zen Duesora, eta Santoñako hitzarmena eskuratu. Baztan, Santoña, Baiona: hortxe sarearen hasierako muina. Etxeberriak kontatu zuen Laurobak eskuratutako ituna «kolkoan» eraman zuela Baionara: gai izan zela ikusita, presoekiko elkartasunean eta informazioa lortzen lagunduko ote zieten galdetu zioten Etxeberriari Lasartek eta Mitxelenak. Eta Etxeberriak, baietz.

Mujikak bi anaia zituen preso: bata, Dueson, eta bestea, Ondarretan, Donostian. Tere Verdes bilbotarrarekin egin zuten Bilboko eta Burgosko (Espainia) kartzelekin lotura; hasierako talde horretan sartzen azkena izan zen. Gainera, lokal bat zeukan Verdesek, eta ez zen bakarra: familiaren ostatua zuen Etxeberriak, kapelak egiten zituen Mujikak, eta liburu denda bat zuen Verdesen familiak. Eta oso lagungarria zitzaien hori harremanak egiteko.

Sarearen egiteko nagusia, hasieran, presoen babes sare izatea izan zen. Ez zieten soilik euren gertukoei laguntzen, denei baizik, ahal zuten neurrian: arropak eta botikak eramaten zizkieten, batik bat. Eta, noski, informazioa: kanpotik barrura eta barrutik kanpora. «Presoen egoera judiziala ezagutu nahi zuen Jaurlaritzak: informazio zehatza behar zuten, zein zegoen preso zein kartzelatan, zein zigor jarri zioten haietako bakoitzari… Gerra bukatu artean, trukaketak egiten ziren Hendaiako (Lapurdi) geltokian, preso nazionalen eta preso errepublikanoen artean».

Preso batzuk askatzea ez ezik, batzuen zigorrak aldatzea ere lortu zuten. Verdesek conmutada jartzen zuen zigilu bat lortu zuen —zuzenbidean, zigor bat arinagoa den beste zigor batekin aldatzea esan nahi du—: horri esker, batek baino gehiagok saihestu zuen heriotza zigorra. Gainera, Bigarren Mundu Gerraren aurretik, sareak bildutako informazioa baliogarria zitzaion ez soilik Eusko Jaurlaritzari, baita Frantziari eta Erresuma Batuari ere: Espainiako armada non zegoen, zenbat gotorleku eta kuartel zeuden mugaren inguruan, itsasontzien mugimenduak, alemaniarren joan-etorriak…

Ezagutarazteko lanak

Gerrak aurrera egin ahala, jende gehiago batu zitzaien sarera: Chuecaren esanetan, litekeena da 40-50 inguru izatea. Gehienak gizonak ziren, baina lau emakume horiek eman zioten hasierako bultzada. «Alava sarea bera apur bat ezkutatuta egon da, asko ikertu barik; badaude garai hartako kontu batzuk hortik, baina sozialisten eta komunisten gauzak lantzen dituzte. Hauek apur bat desberdinak ziren, baita kartzelan ere, eta hori ez da inoiz kontatu». EHUko irakasle Begoña Bilbaoren hitzak dira: lau emakume horien biografiak osatu ditu Karmele Perez Urraza eta Gurutze Ezkurdia lankideekin. Gerrako joan-etorriak ez ezik, haien istorioa ezagutu eta ezagutarazi nahi zuten, haien «alde humanoa» landu.

Eta horixe egin dute. «Formazioz eta ogibidez, ibilbide desberdinetakoak ziren laurak», nabarmendu du Perezek. Etxeberria izan zen liderra, Perezen esanetan: «Elizondon bizita, kontrolatzen zituen mugalarien ibilbideak: sarea sortu aurretik ibilia zen muga-pasan; bere gain hartu zuen ardura hori». Gainera, EAJkoa zen, militante oso ezaguna bere inguruan. «Esaten zuen EABko [Emakume Abertzale Batza] militantea zela Nafarroan, Nafarroan EAB antolatu baino lehenago: oso argi zeukan zer zen eta zer egin behar zuen».

Mujika ere gaztetan hasi zen militatzen: 16 urterekin eman zuen izena Nazaret emakumeen sindikatuan. Bilbaok gogoratu duenez, interes handia zuen gizarte arloan, eta beti emakumeen defentsan aritzen zen. «Nahiz eta gerraren ostean Nazareten oinarria aldatu, beti dedikatu zen emakumeen formakuntzara, denbora librea zuenean behar zuenari laguntzen eta abar».

Lauroba zen EAJkoa eta EABkoa ez zen bakarra. Haren senarra, Jose Azurmendi, ANVkoa zen, gudarien kapitaina. Azurmendi 1938an hil zuten arren, Laurobak lanean jarraitu zuen sarean. Derioko (Bizkaia) kanposantuan hil zuten, Bilbaok gogoratu duenez: «Egun horretan bertan botikak eta arropak eramatera joana zen Lauroba kartzelara; dena den, eramaten zituenak ez ziren senarrarentzat bakarrik, beste presoei ere laguntzen zieten Deliak zein besteek».

Sabino Arana fundazioko artxiboaz gain, Verdesen eskutitzek asko lagundu diete Bilbaori, Ezkurdiari eta Perezi lau emakumeok gehiago ezagutzen. Alava sareko kideak atxilotu zituztenean, 1940 amaiera eta 1941 hasiera artean, hark idatzitako eskutitz motz bat topatu zuten, Chuecak jakinarazi duenez: «Beste gauza batzuen artean dio 25 daudela atxilotuta, gehiago espero dituztela, eta atxiloketarekin zerikusia izan zezaketela Parisen topatutako paper batzuek». Azkenean, 28 atxilotu zituzten, baina epaitu, 21 epaitu zituzten.

Eta halaxe zen. 1940ko ekainean naziak Parisera iritsi zirenean, erbestean zegoen Eusko Jaurlaritzaren egoitza hartu zuten, eta frankisten esku utzi: hantxe topatu zuten Barne Zerbitzuaz izeneko txostena. Sareko kideen joan-etorri guztiak zeuden han, eta ezizenez izendatzen zituzten arren —Etxeberriaren gerra ezizena Pepita Etxano zen, esaterako—, ematen zituzten xehetasunek oso erraz egin zieten frankistei ezizen horien atzean zeintzuk zeuden deszifratzeko lana.

Emakume, koloreez harago

Etxeberriaren, Laurobaren, Mujikaren eta Verdesen biografiak lantzen hasi zirenean, Francoren denboretako dokumentu historiko batzuk desklasifikatu egin ziren. Eta dokumentu horien artean zegoen, esaterako, Alava sarearen aurkako sumarioa. Sabino Arana fundazioak eskuratu zuen, eta horixe erabili dute EHUko irakasleek sarearen sustatzaileen biografiak egiteko.

Alava sareko emakumeek une oro izan zuten eskuzabaltasuna nabarmendu dute. «Emakume hauek, koloreen gainetik, errepublikazale guztiei lagundu zieten: berdin komunistei edo sozialistei. Emakume militanteak ziren, eta emakume moduan elkartasun hori adierazi zuten beste talde batzuetako emakumeekiko», nabarmendu du Ezkurdiak.

Sumarioa irakurtzean konturatu ziren Alava sareko kideak zigortzeko hitzez hitz kopiatu zituztela Jaurlaritzari atzemandako txosteneko zenbait pasarte. Erakusketan, arkatzez azpimarratuta jarri dituzte. Lehenengo epaiketan, 21etik hemeretzi zigortu zituzten heriotzara; errekurtsoa jarri, eta, azkenean, bakarra zigortu zuten. Luis Alavari egokitu zitzaion «dena irenstea». Egin ziren Alava libratzeko ahaleginak, baina alferrekoak izan ziren. «Informazio militarra pasatu zuten, militarren muturren aurrean: hiru urtez eta inpunitate osoz; ezin zuten onartu denak zigorgabe ateratzea», azaldu du Chuecak. 1943an askatu zituzten Etxeberria, Verdes, Mujika eta Lauroba, baina 1947ra arte deserrian egon behar izan zuten.

Bilbaok, Ezkurdiak eta Perezek eskaera bat egin dute: «Hau guztia eskoletara eraman behar da: erakutsi egin behar da, ez baitugu gure historia ezagutzen».

Berria