Sara, bi egunez idazleen elkargune

Kulturzale ugari erakarri ditu Idazleen Biltzarrak, baina ez da jende pilaketarik egon erakusmahaietan. Auxtin Zamora idazlea eta Jean-Claude Larronde historialaria omendu dituzte aurten.

Aurtengo edizioa “lasaia” izan da;parte-hartzaileek abantaila nabarmena ikusi diote egitaraurari, izan ere, erakusmahaien aurrean ez da jendea pilatu.

egun bateko hitzordua zena bi egunera luzatu zuten iaz Sarako Idazleen Biltzarreko antolatzaileek, Lapurdiko herri hori, Pazko Astelehenean ez ezik, bezperan ere letren topaleku izan zedin. Berritasunera egokituta, parte-har-tzaileek abantaila nabarmena ikusi diote bi eguneko egitarauari: publikoa erruz gerturatu da azokara, baina erakusmahaien aurrean ez da jendea pilatu, denek aipatu dute aurtengo edizioaren “lasaitasuna”.

Dena dela, oraindik ere Pazko Astelehena da Idazleen Biltzarraren egun handia. Hala, atzo egin zituzten aurkezpen nagusiak eta omenaldiak. Ipar Euskal Herriko liburugintzaren nobedadeak ezagutu ahal izan zituzten bisitariek: literatura zein saiakera, ume, gazte eta helduentzako produktuak… hizkuntzaz ere aberats, frantsesa eta euskara nagusi, baina ondo bilatuz gero gaztelania, okzitaniera eta abar ere baziren zenbait liburutan.

Idazleen eta irakurleen arteko elkargunea da, nagusiki, Sarako Idazleen Biltzarra. Antolatzaileek egile eta hartzaileen arteko kontaktu zuzen hori dute azokaren bereizgarri nagusitzat. Aurtengo edizioan kasik 150 idazle izan dira, jendearekin solasean eta liburuak sinatzen. Jean-Michel Garat Biltzarraren arduradunaren esanetan, “Sara ez da Durango bezain komertziala, baina badu idazleen eta publikoaren arteko hurbiltasun hori”. Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak uste du Sarakoa “topaketa eguna” dela.

Halaber, idazleen arteko harremana sendotzeko aukera ematen du Biltzarrak. “Bakoitza bere gauzetan aritzen da urtean zehar eta Sarara elkarren berri izatera etortzen dira, idazleek beraiek kontaktu hori galdegiten dute”, dio Garatek.

omenaldi jendetsuak

Biltzarra bi egunera luzatzea erabaki egokia dela uste du Garatek, egun bakarrerako aurkezpen eta ekitaldi gehiegi antolatzen direlako. Aldaketa horrekin ere, jendaurreko saioetako aretoa txiki gelditu da, bereziki atzoko bi omenaldietan. Batetik, Sarako Herriko Etxeak Koldo Zuazoren lana saritu zuen, Sarako berezko euskara bildu eta aztertu baitu. Herriko hainbat euskaldunekin mintzatu da hizkun-tzalari eibartarra eta Sarako euskara liburu mardulean plazaratu du jasotako guztia.

Bestetik, Biltzar Saria Auxtin Arrieta idazleari eta Jean-Claude Larronde historialariari eman zieten antolatzaileek, Idazleen Biltzarrari nahiz Euskal Herriari eman dioten guztia eskertzeko. Hatsaren Poesia bildumaren 20. alea heldu den astean aurkeztuko dute Senperen, eta Arrieta hasieratik izan da bultzatzaile. Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinen eskutik hartu zuen oroigarria.

“Poesiak pertsona bakoitza bakarra dela erakusten du, poesia gure libertate pertsonalaren adierazpena da”, esan zuen Auxtin Arrietak omenaldian. “Poesia beste dimentsio bat da, non zuhaitzak txoriekin mintzatzen ikus ditzakegun”. Saria jaso izana ez zion inori eskertu nahi izan, baina “poesiak zoriontsu egin zaitzatela” esan zien bildutakoei.

Jean-Claude Larronde, aldiz, Ipar zein Hego Euskal Herriko historia garaikidea ikertzen aritu da 1960ko hamarkadatik gaur egunera arte. Jean-Michel Garatek eman zion Biltzar Saria. Martxoan zendutako Jean-Michel Larrasqueti eskaini zion Larrondek. Eusko Ikaskuntzak 25 urte bete ditu Ipar Euskal Herrian eta Larrasquet erakunde horretarako arduradun izan zen luzaroan, Larrondek azaldu zuenez. “Bere historia ezagutzen ez duen herria, memoria galdu duen pertsonaren gisakoa da”, gehitu zuen historialariak.

Omenduak beren azken lanak gizarteratzeko itzuli ziren ekitaldien gunera. Hatsaren olerki bustiak proiekzioa aurkeztu zuen Auxtin Arrietak, Hatsaren Poesia bilduman aurten bildutako olerkien bideo eta argazki bidezko errepresentazioa. Jean-Claude Larrondek, berriz,Histoire du nationalisme basque liburua izan zuen mintzagai. Eguneko beste aurkezpen nabarmenen artean egon ziren Asisko Urmenetaren Eusklabo alaiak eleberri grafikoa eta Xabier Elosegiren Senpereko (eta Lapurdiko) euskara XVIII. mendean azterlana.

familiari bisitaAntolatzaileen esanetan, 25 elkarte eta 19 argitaletxe izan ziren erakusmahaietan. Jendea bazebilela somatu zuen Luzien Etxezaharretak, baina, aurreko urteekin alderatuta, salmentak “berdintsu” joan omen ziren Maiatzen mahaian. Edizio zaharragoekin batera, bost nobedade prestatu zituen Maiatzek Sararako: Ttotte Etxebesteren Ezin erranezko hitzak poesia bilduma;Agusti Xahok 1836an frantsesez idatzitako Bidaia Nafarroan liburuaren euskara batuko itzulpena, Lola Sarratearen ipuinak, Juankar Mugartzaren Arima animalia poemategia eta Txomin Peillenen azken eleberria, Zaldi beltzak zeruan.

Elkar argitaletxean, bestetik, pozik ziren salmentekin, Sarara eramandako liburu gehienak salduko zituztelakoan zeuden. Haur eta gazteentzako literaturak izandako arrakastak harritu zituen Elkarren erakusmahaiko arduradunak: “Idazleen Biltzarra ez da soilik zaharren kontu bat, familia anitz etortzen dira”. Gazteluma sariketaren liburua ere ondo saldu zen eta baita Sarako euskara ere, noski. Koldo Zuazoren liburua azokako izarretako bat izan zen, herritarrek gogoz hartu baitzuten haien euskararen inguruko ikerlana.

Sarako euskara zaharrak ere izan zuen tokia Biltzarrean, Euskaltzaindiaren erakusmahaian hain zuzen. Labetik atera berri, han zen Esteve Materrak 1617an idatzitako Doctrina Christiana liburuaren edizio kritikoa, Aziti Bihia taldeko ikerlari gazteek egina. Gaurkotasunari lotuago, Euskal Elkargoaren sorrera eta euskararen geroa liburua izan zen Euskaltzaindiaren beste berritasuna.

Sarako kiroldegian jarritako ia 70 erakusmahaien artean, salmentarik egin ez zuen bat ere izan zen. Izan ere, Euskal Kultura elkarteak urtero parte hartzen du Idazleen Biltzarrean, saltzeko argitalpenik izan gabe ere, euskal diaspora zabalaren berri emateko asmoz. Amerikako Estatu Batuen mapa handia ikusgai zeukaten mahaiaren gainean eta bertan adierazita euskal komunitateak bizi diren hiri eta herriak. Euskal Kulturaren arduradun Joseba Etxarriren esanetan, Ameriketan ibilitako jende asko hurbildu zitzaien.

Hortaz, Euskal Herriko kulturzaleen eta idazleen elkargune izateko helburua bete du Sarak beste behin. Luzien Etxezaharretak datu positibo bat azpimarratu nahi izan zuen: “Euskarak toki handiagoa du orain, azken urteetako berritasun nagusia hori dela uste dut, lehen ia dena zen frantsesez eta orain argitaletxe guztiek dute zerbait euskaraz”.

Noticias de Gipuzkoa