Piratak XXI. mendean

Talde armatuekin bat eginez gero, itsaslapurrek sekulako eragin dezakete ekonomian

Piratak ez dira itzuli, ez baitute inoiz alde egin. Beti egon dira hor, itsasoan, miseriatik atera ahal izateko zerbait harrapatzeko prest. Garai bateko kutsu erromantikoa galdu egin dute, ordea Pirateria modernoaren» fenomenoa egunkarietako leen orrialdeetara ekarri du Euskal Herriko arrantza-ontzi bat Somalia inguruan eraso egin eta bahitu izanak. Egungo piratek, ordea, ez dute zerikusirik filmen eraginez daukagun ikuskera erromantikoarekin. Gaurko piratek itsas nabigazioa bera arriskuan jartzen dute, batez ere munduko puntu jakin batzuetan.

Egungo fenomenoak ez dauka burezurrak erakusten dituen banderarik, ez partxe batekin tapatutako begirik, ez egurrezko hankarik, ezta «ohol gaineko ibilaldirik» ere. Gaur egungo piratek komunikatzeko tresneriarik modernoena erabiltzen dute, ordenagailuak eta sateliteak barne, eta oso arma onak izaten dituzte, era guztietakoak gainera. Gauza bat behintzat ez da aldatu: garai batekoak zein egungoak, legues kanpokoak dira, nahiz eta egia den pirata batzuek garaiko Estatuen edo erresumen babesa izaten zutela.

Garai batean bezala, piratak itsasoan ibiltzen dira. Baina horien jomuga aldatu egin da, gaur egun edozein eratako itsasontziak lapurren jomuga bihur daitezke-eta: luxuzko yateak bezala, kargaontzi zaharrak; arrantza-ontziak baztertu gabe, euskaldunekin Somalian gertatu den moduan.

Leku bakoitzeko ezaugarriak

Azken hamasei urteotan mundu osoan piratek 4.000 eraso inguru egin dituzte. Adituek egindako kalkuluen arabera, 350 bidaiari edo tripulatzaile hil dituzte eraso horietan. Azken urteotan badirudi eraso kopurua behera egiten ari dela, 2003ko 444 erasoetatik iazko 249ra pasa baikara. Baina ahalegin horietan erabilitako indarkeria ikaragarri hazi da, batez ere Afrikako Adarrean, kontinenteko ekialdean. Pirateriak gora egin du Somalian eta inguruetan. Jarduera zahar honetan munduko leku ezberdinetan aritzen dira; hori bai, bakoitzean ezaugarri propioekin. Arrazoiak eta erasoak egiteko erak edo modus operandiak ere aldatu egiten dira. Horrela, Nigeria eta Ginea aldean, Afrikako mendebaldean, petrolioa eta beste erregaiak lapurtzea izaten da pirata modernoen helburua. Asiako hego-ekialdean, berriz, kargaontziak eta turisten ontziak ere erasotzen dituzte, batez ere Malakako itsasartean eta Txinako Hegoaldeko itsasoan. Saria eskatzeko bahiketak egiten dituzte. Afrikako Adarrean, aldiz, edozein ontziri egiten diote eraso. Berdin da arrantza-ontzia, kargaontzia edo turisten yatea izan, piratek eraso egingo dute.

Nazioarteko bitartekariak

Afrikako ekialdeko piraten kasuan, erasoak normalean ontzi txikiak erabiliz egiten dituzte, sekulako abiadura harrapatzen duten ontzietan. Inork espero ez dituenean azaltzen dira, inork espero ez dituen lekutik gainera; konturatzerako, eraso egin nahi duten ontziaz jabetzen dira. Orduan Somaliara eramaten dute ontzia, itsasontziak daraman karga lapurtzeko eta bahitutako tripulatzaileen Askatasuna negoziatzen hasteko.

Adituek diote Afrikako ekialdeko piratek ez dutela indarkeriarik erabili nahi, bahitutakoen segurtasuna oso garrantzitsua da-eta gero erreskatea kobratu ahal izateko. Hori bai, gertatu izan da aurkakoa ere: norbaitek aurre egin bahitzaileei, horiek erantzun indarra erabiliz eta hildakoak suertatzea.

Bahiketak piratek nahi bezala amaitu daitezen, IMB Nazioarteko Itsas Bulegoak eta tankerako erakundeek eskaintzen dituzten bitartekariak aritzen dira lanean. Horiek izaten dira negoziazioak ahalbidetzen dituztenak.

Zergatik hazi da horrenbeste pirateria mota hau? Arrazoi ugari dauzkagu. Somaliaren kasuan, nabarmentzekoa da kosta kontrolatzeaz arduratzen den inor ez dagoela, eta Estatuari dagozkion Gobernu eta Justizia sistemak ere desagertuta daudela herrialdean.

Gainera, itsasontzi batzuek ez diote kasurik egiten IMBk ematen dien aholkuei; hau da, Somaliako itsasertzetik gutxienez berrogeita hamar kilometrora ibiltzea. Dirua eta denbora aurrezteko hartzen dute arrisku hori. Gaizki ateraz gero, azkenean oso garesti ordaindu behar izaten dute.

Bestalde, itsasontziak irratiz egiten dituen komunikazioak arriskutsuak dira, beharrezko diren segurtasun neurriak hartu gabe utziz gero. Piratek ere entzuten dituzte mezu horiek, eta horrela izaten dute ontziaren ibilbidearen eta kargaren berri. Azkenik, ez dira ahaztu behar Somaliako egoera ezegonkorra beraien probetxurako erabili nahi dutenak. Badakite Somaliako Gobernua edo erakundeak ez daudela itsasoa kontrolatzeko moduan, eta legez kontrako arrantza egiten dute. Horrexegatik, pirata bihurtzen diren milicia batzuek esan izan dute «zergak kobratzen» ari direla bahiketa bat negoziatzen ari direnean. Gero, lapurtutako guztia oso merke saltzen dute inguruko azoketan, eta herritarrek asko estimatzen dituzte piratek saldutako, ia oparitutako, produktuak.

Piratak aritzen diren itsaso guztietan langabeziak eta pobreziak eragin handia dute. Gazte batzuek hortxe ikusten dute miseria atzean uzteko aukera beraien herrialdeetan aurrera egiterik ez dagoenean. Pirateria egoera horretatik berehala ateratzeko formula moduan ikusten dute gazte horiek.

Malakako itsasartea

Piratek itsas nabigazioan duten eraginak makina bat pertsona kezkatuta dauzka. Kezka gero eta handiagoa da, gainera. 150 Operazio Taldea izeneko erakundea eratu zuten orain bost urte itsas nabigazioari segurtasun gehiago eman nahian. AEBetako, Britainia Handiko, Pakistango eta beste Estatu batzuetako itsas indarrak erabiltzen ditu. Kezka areagotzeko, gero eta maizago esaten dute adituek ez dela baztertu behar pirata modernoek Al Qaeda bezalako erakunde armatuekin bat egitea. Nazioarteko itsas nabigazioarentzat oso arriskutsua litzateke bat egite hori. Arma eta baliabide ekonomiko hobeak izanez gero, piratek Malakako itsasartea itxi dezakete, esaterako, eta horrek sekulako eragina izango luke mundu osoko ekonomian. Estatu batzuek publikoki aipatutako kezka da hori.

Piratak ez dira itzuli, beti hor egon baitira. Baina orain itxura berri batekin datozkigu, filmetan ikusi dugun kutsu erromantikorik gabe eta edonon kezka eragiteko moduan.

* TXENTE REKONDO.- Gabinete Vasco de Análisis Internacional (GAIN)