Nolakoa izango da beste Espainia?

Hurbiltzen ari da egiaren ordua. Hamabost egun baino ez dira falta Kataluniaren autodeterminaziorako erreferendum iragarrirako, eta legitimitateen eta legezkotasunen talka —ezen ez trenena— atzera-bueltarik ez duen errealitate bat da. Joan den I-11ren ondoren, subiranismo katalana indartsu sentitzen da U-1ari arrakastaz aurre egiteko. Aurrekorik ez duen prozesu harrigarri bat da, errotiko aldaketa handi bat lortu nahi duena moderazio formal zorrotzenaren bidez. Alegia, gehiengo absolutu parlamentario baten bidez, haustura iragankor (hiru hilabete) eta mugatua (erreferendum baten emaitzen araberakoa) sortu da, argitu ahal izateko zein den katalanen nahia, eta horren arabera jokatzeko. Eta emaitza dena delakoa izanda ere, jada ezer ez da berdin izango sekula.
Espainiako Estatuak, berriz, ez du amore emango hori eragozteko ahaleginean, hala behar izanez gero —eta ikusi denez— zuzenbide estatu baten marra gorri guztiak gaindituz. Izan ere, Auzitegi Goreneko presidenteak irmo esan zuenez, Espainiako nazioaren batasun bereizezina da «estatu baten eskubide osoaren oinarri nuklearra eta azkenekoa». Beraz, oraintxe bertan urratzen ari dira irizpide oinarrizko batzuk, hala nola prentsa eta adierazpen askatasunak, eta bilerak egiteko eta elkartzeko askatasunak. Ziur asko, ez dute joko ez indar armatuetara ez indarkeria fisikora. Ziur asko. Eta nazioartea begira dutela jakite hutsak mugak ezarriko dizkie beren indar hertsatzaileak erabiltzeko orduan.
Baina nolatan iritsi dira atzera-bueltarik gabeko baina, bestalde, hain erraz aurreikusteko moduko egoera horretaraino? Katalanen aldetik, labur-labur esanda, gogoratu besterik ez dago herritarren erantzuna 2006an hasi zela, estatutuaren erreformaren porrotarekin. Alderdi subiranistak norabidea aldarazi dituen herri mugimendua duela hamar urtetik baino gehiagotik ari da hazten eta eusten. I-11 orotako manifestazioak urte osoan egindako lan jarraitu, nekaezin eta hurbilekoaren apar agerikoa baino ez dira. Eta hori ez da desegiten ezein fiskaltzaren jardunbidez, ez eta kargudun politikoak inhabilitatuz ere.
Espainiaren aldetik, bi osagai kontsideratu behar dira. Lehena, Espainiaren sorrera bera, nazio unitario eta unitarista gisa, zeinak ezin onartu baitu horretako kide izatea parteek berek libreki hartutako erabakiaren ondorio izan zitekeenik. 2007an eta 2010ean, baita 2012an ere, Espainian gelditzearen aldekoek aise irabaz zezaketen autodeterminazio erreferendum bat. Baina Espainiako nazionalismoari ezin onartuzkoa egiten zaio halako subiranotasuna aitortzea, ez sezesioa onartzeko, ez batasuna justifikatzeko.
Bada beste eragile bat oso kontuan hartu beharrekoa aztertu ahal izateko ea Espainiako Estatua nolatan iritsi den horraino: Kataluniako benetako egoerari buruzko interpretazio okerra, gobernuaren kontseilari ezinago txarrek eragindakoa. Nahiago izan da imajinatu dena jukutria bat izan dela. Lehenik, pentsatu zen zerga abantailak negoziatzeko zela. Gero, ustelkeria disimulatzeko. Ondoren, uste izan zen ezen dena manipulazio kasu bat baino ez zela, lider gutxi batzuek eta hedabide publikoek eragindakoa. Gobernuaren kontseilariek nekatu arte errepikatu dute —eta egunotan ere horrekin tematuta dabiltza— suflearen ideia, husten ari den globo batena, ebidentzia guztien kontrara. I-12 oro, Espainiako hedabideek beren azaletan ziur adierazi dute independentismoa amaitzen ari zela. Funtsean, historia bat asmatu dute ez onartzearren errealitate bat zeinak agerian uzten baitzituen, batetik, oraindik oraingo hutsegiteak —hala nola Auzitegi Konstituzionalaren 2010eko sententzia—, eta, bestetik, bere nazionalismo homogeneizatzaileagatik politikoki ezin onartu zituen nazioen aniztasun bat. Rajoy presidentearen tancredismoa beti baliagarri izan zaio aise desagertzen diren gatazka politikoekin borrokatzeko. Baina gatazka honetarako, ez dio balio izan orain arte, eta ez dio balio izango gerorako ere.
Egiaz, Espainiako Estatuaren eta Kataluniaren arteko pultsua galdua du Espainiak, U-1ean gertatzen dena gertatzen dela ere. Baldin eta erreferenduma egin egiten bada, independentismoak galduko balu ere, umiliazio nazioartekoak eta herrialde barrukoak berak estutasunean jarriko dute Alderdi Popularraren gobernua, M-15ek eta Podemosek jarri ez bezala. Eta ETAren indarkeriak ere sekula lortu ez zuen bezala. Baina erreferenduma ez baldin bada egiten, infernu politikoa are eta handiagoa izango da Rajoyrentzat. Haustura iragankor bat izan behar zuena ezegonkortasun politiko eta sozial enkistatua bihurtuko da, kudeatzeko oso zaila. Pentsatzea hauteskunde aurreratu batzuek —eite autonomikokoak— subiranismoa amaituko dutela, hori da oraindik ere ez ulertu nahia haustura emozional horrek ez duela atzera-bueltarik, Jose Montilla presidenteak iragarria zien bezala. Eta Katalunia ez da kolonia txiki bat Ameriketan edo Afrikan dagoena, besterik gabe gal litekeena, baizik eta hurbileko errealitate sozial eta politiko bat, zeinarekin zentzuzkoagoa izango bailitzateke berdinen arteko harreman batzuk adostea etorkizunerako. Urruneko posibilitate bat, oraingoz.
Zerk eraman duen Espainia honelako egoera batera —bide batez, bere aberkiderik onenek eta argienek lehendik iragarri ziotenera—? Bada, pentsatzeak ezen deszentralizazio administratiboaren eredu politikoa aplikatzea nahikoa zela Katalunia bezain nazio antzinako bat —baina, halaber, aurreratu eta irekia, ekonomikoki, sozialki eta kulturalki— hartu, eta estatu antzinako eta kultura politiko esklerotikodun batean desegiteko. Espainiak ez du inor izan estatua birpentsatu eta proiektu nazional gisa modernizatuko duenik. Eredu autonomikoa eredu estu geratzen hasia zitzaion, Jose Maria Aznarren FAESek teorizatu ohi zuenez.
Ez naiz ausartzen iragarpen handirik egiten hemendik hamabost egunera begira. Baina ausartzen naiz hemendik urtebetera edo bost bat urtera begirakoak egitera. Katalunia Europako estatu berri justu eta oparo bat izango da. Europa hegoaldeko Danimarka. Ez dakit, ordea, Espainia gai izango ote den bere burua bestela pentsatzeko, modu positiboan, bere baitara bildu beharrik gabe, 1898ko hondamendiaren ondoren bezala. Galdera, 2017ko irailaren erdialdean gauden honetan, ez da ea Katalunia bideragarria den estatu independente gisa, baizik eta ea Espainiak ba ote duen arrastorik ere zer izan nahi duen etorkizunean.

BERRIA