Nazionalismoaren eta abertzaletasunaren txirristan

Nazionalismoak eta abertzaletasunak* jarri dute hizpidea Slavenska Drakulicen ahotik Donostian ostiralean; solasaldirako parada polita eman du horretarako Literaktumek. Drakulicek gerraren izugarrikeria landu du, emakumeen pairamenei erreparatuz. Joan den azaroaren 11n izan zuen mendeurrena, hain zuzen, I. Mundu Gerraren amaierak, eta Euskarazko Wikipediak asteko artikulu nabarmendu gisa atera zuen hari buruzko artikulua. “Gerra guztiekin amaituko zuen gerra” deitu zioten. Artean ere, baina, indarrean dira gerrak, bizi-bizi (eta hil-hil).

Egungo gerren zuzendariak (Trump, bat esateko, Putin ere tartean) Parisen bildu ziren egun horretan elkarri agurtu eta gerra amaiera horren mendeurrena ospatzera. Guztietan, Macron presidente gaztea (samarra, pixkanaka denok ‘hazten’ ari baikara…) izan zuten anfitrioi, eta ez zuen aukera galdu frantsestasunaren erakusgarri handienean, l’Arc de Triomphe and Champs Elyséesen, diskurtso pedagogiko bat botatzeko, espainiar politikarien erretolikaren estilo peto-petoan.

Bere diskurtsoan, nazionalismoaren alde makurrak nabarmendu zituen frantses presidenteak. Kontzeptuen joko bikoitza hautatu zuen, barrura zein kanpora begiratzen duen amarru bihurria: batetik, “nazionalismoa” Donald Trumpena izan daiteke (nazionalistatzat jo omen baitzuen bere burua), zital, berekoi (beste bertute batzuez gain), baita populismoak deritzatenak ere, baina bestetik, nazionalismoa da Frantziaren, eta Espainiaren batasuna eta berdintasuna auzitan jartzen dutenen ideologia. Bada, bitasunen diskurtso moralizatzailean garaile ateratzeko, presidenteak *euskaldunok artean bereizketa praktikorik egiten ez dugun kontzeptu bati heldu zion bere hitzaldian: “abertzaletasuna” (patriotism), eta abertzaletasuna nazionalismoa ez dela, abertzaletasuna “balio moralek” eusten dutelakoan.

Frantses presidenteak ondorioztatzen du soldaduak I. Mundu Gerrara abertzaletasunak bultzatuta joan zirela gerrara, bake nahiez (ideien lotura bihurri batez), esan nahi baita “balio unibertsalak” defendatzera (edo), halaxe adierazi du Macronek lubakietako hiltegira saldotan eramandako milioika pertsonei buruz. Horrek zirikatu ote zuen berriz zerbitzu militar nazionala proposatzera, 2018ko ekainean eman zuen hitzaldian? Gerra berdintzaileak dituen balio ustez garbitzaileez, kohesiboez jabetuta, beharbada.

Izan ere, patriotism neutroa, unibertsala, zibikoa, ez markatua dugu, nazionalismoa ez bezala (galdetu Rivera-Ciudadanosi bestela, edo Idoia Mendiari…)

Eta patriotism horrek ekarri zuen Frantzia Ipar Euskal Herrira 1914an, gerra erauntsi batez, eta antzera heldu zen 1794an, Lapurdi hegoaldeko milaka herritar deportazio ilara batean Landetara egotzi zituztenean. Deportazioaren trukean, frantses “abertzaleei” (patriotes) eman zizkieten kanporatutako herritarren ondasunak eta etxeak (esan nahi baita, erre ez zituztenak), ez baitzuten ogen edo erru txikia lapurtarrek:

Airean zebilen agintari etorri berriek jaulkitako salaketa, “euskaldunek frantsesen kontrako gorrotoa” zutela, noiz eta euskaldunen lege eta erakundeak Parisetik kendu berritan (1790).

Ez, egungo Espainia eta Frantziako politikako kontzeptuak ez zaizkigu berri. Balkanetako gerrarekin ulerkor entzun nituen Donostiako Koldo Mitxelenan Slavenska Drakulicen [nazionalismoa = baztertzailea = gorrotoa] / [patriotism = integratzailea = ona] ekuazio absolutu eta dualistikoak, baita harriduraz eta penaz bestalde: baten batek Espainian tentagarri/probetxugarri ikusiko ditu idazle kroaziarraren hitzak zalantzarik gabe. Mundua zabala baita eta hitzen jokoaren matazan, edukiontzi berdina edukiagatik, edukia ez baita berdina izaten.

https://zuzeu.eus/mundua/nazionalismoaren-eta-abertzaletasunaren-txirristan/