Mintza gaitezen bortxa politikoaz

Artikulu honetan bortxa politikoaz isuriko ditudan ideia nagusiak ez dira gure uztakoak, iturri eta jakintza oparoagoa dute sorburu. Rosa Maria Suñé Domènech-en doktore tesia dute oinarri, eta sareen s@rean dago irakurgai irakurri nahi duenarentzat: Los fundamentos éticos de la violencia revolucionaria, 2009.
Hasteko, zer dio Suñék «terrorismoaren» gainean, doktore tesia 2009koa dela kontuan izanda? Funts-funtsean, hauxe: auzi honetan egia ofizialaren muina hitz madarikatu horretan ainguratua dagoela. Diskurtso ofizialak ez daukala kontra-bortxa politikoaren arrazoiaz eta justifikazioaz zertan hausnartu: kontra-bortxa terrorismoa da, eta kito. Beraz, «heresiarekin eta sorginkeriarekin» gertatzen zen bezala, terrorismoaren aferak ofizioko bere «inkisidoreak, prokuradoreak eta aguazilak» dauzka ordenaren erakundeak zaintzeko. Terrorismoaren gaineko diskurtsoaren mezua diskurtso ofizialaren barruko, inguruko eta batzuetan berarekin kritiko diren iritziz osatua dago. Diskurtso hegemonikoa ez da diskurtso itxi eta zurruna: aitzitik, batzuetan estatuak terrorismoaz daukan bertsioarekin oso kritikoak direnak ere bere orbitara aise erakartzen ditu. Horretan datza, hain zuzen, terrorismoari buruzko diskurtso hegemonikoaren eraginkortasun aparta.
Justifikagarria ote da bortxa politikoa ezarrita dagoen estatus quoa aldatzeko? Gauza bat omen da bortxa «zurigarria» dela esatea eta beste bat «bidezkoa» dela pentsatzea. Bortxa politikoa justifikagarria dela frogatzeko arrazoi zentzuzkoak egon litezke; bidezkoa dela aitortzeko, berriz, lehian dauden justiziaren gaineko ideiak zertan diren jakin beharko genuke. Ez al da, ordea, oximoron bat «bidezko bortxa» bezalako baieztapena? Edota agian bortxaren erabilera zuritzeko oinarri etikoren bat ere egon badago? Bortxa politikoaren erabilera «azken baliabide» moduan planteatzean omen datza, maizenik, justifikazioaren oinarria. Dena dela, gizarte sistema bidezkoago baten bila dabilen matxinatuak ezin du bortxaren aldeko hautua nahieran egin: hots, eragin ditzakeen «transgresio etikoez hausnarketarik egin gabe» ez litzateke praktikatu behar.
Bortxari buruzko ikusmolde nagusiak bitara labur omen daitezke: estrukturala edo bide batezko bortxa legoke, batetik, eta bortxa-ekintza delakoa, bestetik. Bortxa-ekintza bortxa estrukturalaren ondorioz sortua da gehienean, baina gure begirada moralak ez bide du hala hautematen. Arrazoi horregatik-edo, bide batezko bortxa estrukturala gutxietsi egiten dugu. Oso gai kitzikagarria da bi bortxa molde horien arteko harremanaz gogoeta egitea.
Urliak sandia ekintza bortitz batean hiltzeari bortxa deritzogu; aldiz, urliaren politikak sandiaren oinarrizko giza eskubideak urratu eta hura heriotzaren zulora bultzatzea ez zaigu kriminala iruditzen. 2016an Mediterraneoan 5.079 errefuxiatu hil dira, eta hori dirudienez ez da gertatu egiturazko bortxaren ondorioz. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera 5 urtetik beherako 1,7 milioi ume hiltzen dira urtero. Era berean, emakumezkoen aurkako hilketa matxistetan ez du erailketa hori ahalbidetu duen bortxa estrukturalik sumatzen gure begirada zuriak. Odola ikusi ezean, hots, ekintza bortitzik ikusi ezean, ez dugu bortxarik hautematen. Horregatik-edo, bortxari buruzko gure begirada gutaz mintzo dela esaten du Suñek, funtsezko gizarte auziei buruzko gure jarrera bortxaz dugun begirada horrek ezaugarritzen omen du. Funtsezko aldagaia da, beraz, bortxari buruzko jarrera giza etikaren eta politikaren barrunbeak ezagutzeko.
Bortxa politikoa hainbat egoeratan pertsona batzuen «bizimoldea bera izan liteke», beste batzuen duintasunik gabeko bizitzaren zergatia baldin bada. Ezer ez egitea ere bortxa izan liteke testuinguruaren arabera. Euskal Herrian —mundu ahaltsuan, alegia— jaiotze hutsak bortxa estrukturalaren konplize egiten gaitu gutako gehienok, hots, gure borondatea gorabehera, bortxaz baliatzen gara, mundutarren artean estatus eta botere harremanak dauzkagun bezala dauzkagulako. Eta bortxa estrukturalaren efektu errealak ez dira noski zeharkako efektuetan agortzen, bortxa-ekintza zuzena bezain gordin jasaten du biktimak haren erasoa. Hala ere, bortxa-ekintza zuzenaren ondorioak begien bistakoak bihurtzen zaizkigun moduan, sistemikoarenak gure ideologiaren gandupean lausotzen zaizkigu. Kontua da bortxa ikusezinak (iceberg ia osoa) bortxa ikusiak (icebergaren tontorra) baino giza heriotza eta oinaze gehiago sortu dituela gizateriaren historian.
Orain arteko gizateriaren historian bortxaren «non-nahikotasuna» ukaezina da, giza historia «bortxaren historia izan baita». Bortxaren agerraldi etengabea unibertsala izan da, gainera. Gizakia saiatu da eta saiatzen da bortxaren fenomenoa ezkutatzen eta beste izen leungarri batzuekin mozorrotzen. «Zuzenbidearen mozorroa» izan da orain arte giza asmakizunik arrakastatsuena bortxa politikoaren existentzia arintzeko edo ezkutatzeko, ukatzeko ez denean. Nolanahi ere, lege-sistemari esker ezarritako gizarte ordenaren alde onak alde on, zuzenbidearen jatorria eta jarduera bortxa politiko betikotuaren gainean eraikia dagoela frogatzeko ez omen dago gerrillari edo iraultzaile zertan izan. Ondorioz, oraingoz behintzat, bortxa estrukturalik gabeko bakerik ezin da eraiki.
Beste gauza jakingarri bat: bortxaz gehien baliatzen direnak boterearen bitartekoak kontrolatzen dituztenak dira, ez bortxa estrukturala jasan eta bortizki erreakzionatzen dutenak. Erakunde bat edo pertsona bat zenbat eta boteretsuagoa izan, orduan eta gehiago baliatzen da bortxaz; hortik datorkio halakoari bere mintzo zuria bortxari buruzko iritzietan. Ez harritu, beraz, bortxaren kritiko zorrotzenak pertsonarik bortitzenak izatea beren aingeru aurpegiarekin. Gorago esan bezala, hortik dator bortxaren garrantzia giza bizitzan: hots, berari buruz daukagun jarrerak definitzen gaitu.
Etxera begira jarrita, zer esan? Gaurko gure egoera nazionalean euskaldunok ez omen gara bortxaren biktima. Ikusmolde horixe bera da, hain zuzen, indarkeriaren fenomenoa bortxa-ekintza hutsera murriztea. Gure ustez, Euskal Herri espainoldu eta frantsestu honen jatorrian eta bilakaeran bortxaren bi adierazpenak gorpuztu dira aldi berean: batetik, nazio minorizazioaren hasieran bortxa-ekintza moduan (okupazioa eta konkista), eta, bestetik, nazio asimilazioaren prozesuan bortxaren adierazpen estrukturalak —eta, behar denean, adierazpen errepresibo zuzenak— betikotu du gurean Espainiak eta Frantziak ezarritako estatus quo nazionala.

BERRIA