Laino guzien azpitik

Zugarramurdin Inkisizioak egindako sarraskiari buruzko komiki labur bat argitaratu du Nabarralde elkarteak. Miren Mindegiak egin du gidoia, eta Adur Larreak ilustratu du.

Maria Baztan Borda 68 urterekin hil zuten. 1609ko azaroaren 7an eta 8an egindako epaiketetan, bizirik erretzera kondenatu zuten, sorgina zelakoan. Berarekin batera, beste sei emakume hil zituzten Zugarramurdin (Nafarroa), Inkisizioak egindako sarraskian. Ordutik heldu da sorginen inguruko irudi estereotipatua: erratzaren gainean sasi guzien gainetik eta laino guzien azpitik akelarreetara hegan bidaiatzen duen emakumea, magia beltza ibiltzen duena. Baina lainoak ez du ongi ikusten uzten, eta komeni izaten da haren azpian begiratzea. Horretan saiatu dira Miren Mindegia eta Adur Larrea Zugarramurdiko Inkisizioari buruz argitaratu duten komikian.

Kazetari eta editorea da Mindegia, eta hark idatzi du istorioaren gidoia. Marrazkilaria da Larrea, eta hark eraman du narrazioa komiki formatura. Maria Zugarramurdikoa eta sorginduak izan ziren emakumeak (Nabarralde, 2018) 20 orriko komikia da. Istorio motz baten bidez, 1609. urtean Zugarramurdin bizitakoak ekarri ditu gogora. Egiazko gertakizun batetik abiaturik, fikziozko istorio bat sortu dute, historia ofiziala iragazkitik pasatu, eta Inkisizioari buruzko beste bertsio bat emateko.

Ez da informaziorik urte hartan bizirik erre zuten Maria Baztanen bizitzaren inguruan, eta horrek aukera eman dio Mindegiari benetako pertsona fikziozko pertsonaia bihurtzeko. Nafarroa, konkistatu berri, eta sorginen auzia Europa osoan zabaldurik zegoen. Mindegiak azaldu duenez, sorgin hitzaren atzean ziren emakumeak agertu nahi izan dituzte argitalpenean, eta atxiki zitzaizkien ezaugarri negatibo guziak uxatu. «Irudi horrekin, emakume horiek ez zeuden zegokien lekuan, eta merezi zuten horrelako berrikuspena».

Inkisizioa berrikusten duten lanak egin direla gogorarazi du Mindegiak, eta Amaia Nausiaren ikerketetan oinarritu dira emakume horiek nolakoak ziren dokumentatzeko tenorean: «Protagonistaren irudi horretan emakume horien guzien ezaugarriak bildu ditugu». Gidoigilearen arabera, emakume horiek kristautasunetik ihes egiten zuten. Gogoan izan du haietako asko emaginak eta sendagileak zirela, eta naturaren eta belarren jakintza bazutela.

Ez hori bakarrik. «Erre zituztenen zerrendak ikusita, horietako gehienak alargunak ziren. Horrek zer erran nahi zuen garai hartan? Emakume nahiko askeak zirela, beren bizitzaren jabe, nolabait». Mindegiak uste du boterearen kontrola kinkan jartzen zutela, herrietan pisua zutelako. Bada komikian ageri den beste kontu bat: medikuntza profesionalizatzen hasi zen garai hartan, eta gizonek zuten ikasketa horiek egiteko aukera. Horrek talka egiten zuen ordura arte sendagile izandakoekin.

Komikia egiteko, dokumentazio lana ezinbestekoa izan da. Horretan aritu da Larrea, garai hartako Zugarramurdi paperera eramateko ardura izan baitu. Tentuz ibili da, gertakizun haiei buruzkoak Inkisizioak idatzi baitzituen. Berdin irudiekin: «Badira sorginen liburuetan fantasiazko irudi asko, eta iragazten saiatu behar zara». Bestalde, herrian bertan egon da Larrea, herritarrekin eta Sorginen Museokoekin solasean.

Galtzaileen historia

Inkisizioaren gaia orokorrean landu dutela nabarmendu du marrazkilariak, baina komikiak gehiago irakurtzeko gogoa eman dezakeelakoan dago: «Izan zitekeen bortitzagoa, edo zerbait historikoagoan oinarritu, baina saiatu gara trama lineal sendoa bilatzen, eta zenbait ideia ukitzen». Azken finean, orduko emakumearen egoera islatzen saiatu dira.

«Historia nork kontatu, ezberdina da, eta emakumeen historia, are gehiago», esan du Mindegiak. Horregatik, galtzaileen historia berreskuratzen saiatzen ari da Nabarralde. Aurretik, Eneko Aritza Lehen Errege Baskoia komikia kaleratu zuten, bide beretik. Mindegia azpikoen ikuspegitik ari da honetan: «Zugarramurdin gertatu zena basakeria izugarria izan zen, eta gauzak bere tokian jartzea garrantzitsua da».

Berria