«Iduri luke pastoralak botatzen diren mokanesak direla»


Jean Louis Davant.

Euskaltzaina

Bereterretxeren kantutik hasi eta gaurko idatzietaraino, zuberotar euskaltzainaren ‘Zuberoako Literaturaz / Antologia laburra’ -k Zuberoako literaturaren edertasuna preziatzekoa ematen du

Sarako Biltzarrerako argitaratu zuen Zuberoako Literaturaz / Antologia laburra (Euskaltzaindia). Orduz geroztik, oihartzun guti. Alta, badu altxorretik liburuak. Ez da gaiaz idatzi den lehena. Txomin Peillenek Zuberoako itzal argiak (Elkar) argitaratu zuen, Davantek berak Zuberoako idazle zenduak (Elkar). Baina bai da XVIII. eta XIX. mendeak eta gaurko idazleak kontuan hartzen dituen lehena. Bereterretxeren kantutik hasi eta gaur egun arte, zubererazko prosa, kantu, olerki, bertso eta pastoral zatiak birtranskribatuak ditu. Ahalaz ezohikoak, nagusiki grafia berritua erabiliz. Aizagerria etxean, kafe eta bixkotx artean, gustura mintzatu da antologiaz.

Bitartekari lana egitea izan da zure xede nagusia, ez?

Jendeei Zuberoako literaturaren ezagutaraztea da helburu orokorra. Dastatzera bederen ematea eta ahal bezainbeste idazle agertzea beren testuekin. Komentariorik gabe, nahiz noiztenka agertu pentsatzen dudana, jendek berek zuzenean irakur ahal ditzaten. Gero, dastatzekoa baizik ez da. Gizon eta emazte horiek zer dioten eta nola. Gehiago jakin nahi duenak erreferentziak ditu, bibliografia bat jarri dut.

Gaurko idazleak ere elkartzen dituzu; horien zerrendari begiratzean ohar gaitezke badela idazle, ez?

Uste baino gehiago dira. Pastoral idazleak dozena bagara. 2016. urte arte idatziak dira pastoralak. Kantore egileak ere asko dira. Baina gehienetan ez da erraten nork idatzi dituen kantuak. Autoreen errespeturik ez da orokorki euskal literaturan. Ez da behin ere izan. Pastoralen liburuen azalean, usaian, idazlearen izena ez da agertzen. Aurten agertu da. Eta egia ere bada Xiberoko Makia-n enea jarri zutela. Baina salbuespenak dira.

Hori bai, sorkuntzak beti segitzen du azkar, ez?

Bai, bai. Adibidez, pastorale- tan, batzuetan dozena bat kantu berri badituzu. Gero, proble- ma da bihi bat ez dela gelditzen. Pastoralak iduri luke botatzen diren mokanesak bezalakoa dela. Ematen da eta gero hor fini. Domaia da, kantu ederrak badira, eta hiltzen dira. Etxahunez geroztik, bat gelditu da, nik uste, pastoraletarik: Berzaitzen Baratze bat.

Zure ustez zerk egiten du Baratze bat horren arrakasta?

Berzaitzek berak ere kantatzen baitu eta artista handia baita, ezagutua. Horrek egiten du.

Galtze hori geldiarazi nahi duzu nonbait, liburuan proposatu idatzi sortaren bidez?

Bai, hori da. Memorio baten atxiki. Hori da izkirioaren abantaila, bistan da. Eta orain pastoralen DVD eta horien bidez ere zerbait gelditzen da.

Liburuan bildu dituzun altxor batzuen dasta eman dezakezu?

Hor doi-doia dastatzera eman dudan bat bada XVII. mende hasierakoa: Mauleko Etchart errege prokuradoreak Erronkariko alkateari idatzi zizkion gutunak. Hamabost gutun-edo idatzi zizkion 1616. eta 1617. urtetan. Londresen enkantean erosi ditu jaun batek. Ene ametsa litzateke horien osorik biltzea, agertzeko.

Zergatik dira altxorrak?

Lehenik, Zuberoako jaun batek Erronkariko jaun bati euskaraz gutunak igortzea… Orain handi iruditzen zaigu. Orduan, beharbada, gauza arrunta zen, ez dakit. Eta gutun horietan zer erraten den ere. Lehenaren zatiño bat sartu dut liburuan, Enbata aldizkarian agertu zena denboran. Beste altxorren artean, orain birtranskribatzen ari naizen XVIII. mendeko Maister apezarena: Jesu-Kristen Imitazioa. XVII. mendean literatura azkar hasi zen Lapurdin. Mende aberatsa izan zen Zuberoan ere, hein batean. Eta, gero, halako beherapen bat sentitzen dugu XVIII. mendean. Zerk egin zuen? Beharbada, protestanteekiko konkurrentzia galdu zelako. Ohartzen naiz euskal literatura beti azkartu dela halako konkurrentzia bat izan delarik. Katoliko eta protestanteen artean, gero zuri eta gorrien artean, eta geroago abertzaleen eta besteen artean. konkurrentzia baten beharra bagenuke egun! [irriak]. Gero, egia da euskaraz idazle badela orain. Irakurleak ditugu falta… Beste altxor bat, hirugarrena aipatzeko, Uskaldunak Ibañetan. XX. mende hastean idatzi zuten De Menditte apezak eta De Maytie gizon gazteak, 14ko gerlan hil zenak. Hori da egiazki lehenbiziko pastoral modernoa.

Zertan da lehen pastorala modernoa?

Hiru gisetara. Lehenik, gaia. Euskal gaia baita. Gero, euskara ona. Ez dut erraten besteak ez zirela onak, baina frantses hitzak purrustan sartzen zituzten, batere beharrik gabe, kultuago egiteagatik edo. Eta, azkenik, hiru alderdi agertzea, eta ez bi, usaian bezala. Giristinoak, turkak eta euskaldunak. Atharratzen eman zuten, 1908an, eta publikoa poxi bat galdua ibili zen. Lehenbiziko aldiz ñabardura sartu zen pastoralean. Baina ez zuen iraun.

Antologian absentzia nabarmen bat bada, emazteena da… Ez da emazte idazle zuberotarrik, ala?

XIX. mendean Aña Urruti itzulpenetan aritu zela badakit, baina haren idazkirik ez dut ezagutzen, baina bilatuko ditut. Madalena Jauregiberri ere izan zen. Asko mintzatu zen euskararen alde, baina guti idatzi zuen. Eta, azkenik, agertu zaigu pastoral idazle bat. Maite Berrogain, ezkontzaz Ithurbide. Katalina Erauso heroiaz idatzi du. Agian, noizbait emanen dute. Hartako dut agertua. Emazte batek idatzi duen lehen pastorala da. Gero, Bihotzez eüskaldün emazteen maskara eman zuten Eskiulan. Hor neskak dira kantorea ondu zutenak. Baina salbuespenak hor ere. Badira Amaren Alabak ere. Zein heinetan idazten dute, kantatzen dute…

Nolaz hain guti, zure ustez?

Tradizioa… Alde orotarat kurri da. Adibidez, Baxenabarren, premua lehena da, izan dadin neska ala mutil. Hemen, neska da, mutilik ez deno. Ene emaztea baxenabartarra da. Haren etxean amak zuen moltsa atxikitzen. Ene etxean, aitak. Hori seinale bat da.

Antologiarako testuak hautatzeko orduan, zer izan zaizu garrantzitsu?

Beharrira musika ederra duen mintzairari kasu egiten diot. Hori ahalaz zaintzen dut nihaurek ere idaztean, eta besteengan ere hori bilatzen dut. Edertasuna enetzat biziki inportanta da. Hori ez bagenu, bizitza arras tristea litzateke. Eta ez dut liburu triste bat idatzi nahi izan.

Zuberotar batu baten lekuko ere badira idatziak, ez?

Bai. Halere, guti aldatu da zuberotarra. Aditza, adibidez. Beti ber formak dira, salbu, hitzetan bezala, galdu dugula. Eta ez zuberotarrek bakarrik, Iparralde guzian. Hor niz, hor nago edo hor niagozü erraten zuten lehen. Hizkuntza hertsitu da, oro har.

Izan duzu beste irizpiderik?

Egiarena. Idazleak, ahalaz, ziren bezala agertzea. Nor zen eta nolakoa. Etxahun Barkoxeri buruz erraten dudana, adibidez. Bertsolaria zela? Nik ez dakit. Nehon ez dago frogarik ahoz ari zela. Publikoan kantatu bertsoak aldez aurretik prestatuak zituen. Egiari bere bidea zor zaio. Idazle zorrotza zen. Bertsolaria zenik… nehork ez daki.

Gaiak ukan dute garrantzirik?

Bai, bistan da. Gero, gaiak ez dira oso… maiz erraten da euskal literatura pobrea dela… Esplikatu behar litzateke, gure aitzinekoek biziki ongi eta ederki idatzi baitute. Erraten dituzten gauzak ez dira txarrak, baina barietate guti dute. Erlisioneko, etikako eta moraleko gauzez mintzo dira. Generoen sail hertsia dute. Baina ez dezagun errepika euskal literatura pobrea dela…

Publicado por Berria-k argitaratua