Independentzia irabazi zuten, hizkuntza baztertu

1085ean nafar bideen kolonizazioa hasi zen, Donejakue bidea deitu izan dena, frankoak Garona ingurutik ekarriz, esan nahi baita erromantze hizkuntzako okzitaniarrak. Nafar erregeek ez zuten euskal hizkuntza, lingua navarrorum, sustatu, eta bai, ordea, latina. XIII. mende erdialdetik aurrera, berriz, kolonizatzaileek ekarritako okzitaniera eta nafar-erromantzea hautatu zituzten, zibilizatuagoak zirelakoan.

Aurreko artikuluan azaldu nuenez, kinka hori bizi izan zuten Galesen eta Eskozian ere. Bi eredu horiek, baina, elkarren oso bestelakoak ziren. 1276an, frankoek Nabarreriaren kontrako azken erasoa jotzen zutenean, okzitanierak bere gaina jo zuen Nafarroan, Guilhem Anelier-ek hizkuntza horretan Nafarroako gerraren historia idatzi zuenean. Jatorrizko euskal herritarren eta kanpokoen arteko tentsioak agerikoak ziren. Kanpoko eliteek barruko eliteekin partekatu zuten agintea.

Hurrengo urtean, 1277, Galesko azken konkista gerra hasi zen. Erromako Aita Santuak eskumikatu egin zuen Llywelyn ap Gruffud Galesko printzea, kondaira baten arabera Camber erromatar britainiarretan lehenaren ondorengoa, eta Eduardo I.a errege ingelesak eskuak libre izan zituen orduan bere gerra makinaz galesak jipoitzeko, 1512ko Nafarroako inbasio kanpaina bailitzan. Gales horiek, izan ere, ez zuten hiri handirik, sofistikazio eskasekoak ziren, eta frantsesez ere ez zekiten, basatiak ziren ingelesen irudiko; ez zuten kolonorik deitu beren herrialdea populatzera, ekonomia goratzera: gales peto-petoak ziren, gales naziokoak eta, latinez gain, galesez idazten zuten. Gerra, baina, galdu zuten: “Galesko printzea” ingelesen titulu bat bilakatu zen, “Vianako printzea”ren antzeko. Galesek, nolanahi ere, hizkuntzari eutsi zioten.

Besterik ziren eskoziarrak. Errege leinuko David umea bahitu eta, Londresen ingeles legean hazi eta hezi ondoren, eskoziarren errege jarri zuten 1124an, eta anglosaxoien hizkuntza nagusitu zuten pixkanaka. Saint Andrews katedrala bihurtu zuten erdigune sinboliko, ekialdeko kostaldean. Ingelesek europar estiloko erresumatzat zuten Eskoziarren Erresuma, frantsesez ere mintzatzen ziren, Ingalaterrako erregeak bezala. Bada, Braveheart filmean agertzen diren gerretan eta gerokoetan, eskoziarrak gailendu egin zitzaizkion ingeles erregeari, independentziari eutsi zioten, baina Estuardoekin Eskoziarren Erresuma Eskoziako Erresuma bihurtuz joan zen, lotsagabe eman zioten bizkarra gaeldar kultura eta hizkuntzari, eta hura basatien hizkuntza bihurtu zuten. Jakue IV.a izan zen gaelera hitz egiten azken erregea, ingelesen kontra borrokan 1513an hila, Nafarroako inbasiotik urtebete ingurura…