Indarra eta erakustaldia

David nagusitu zitzaion Goliati. Eta gisa bateko edo besteko fededunak baikara, sinetsita gaude errealitatean ere Davidek irabaziko duela Goliaten kontrako borroka, txikiak gaina hartuko diola handiari, justizia gailenduko dela… Hik bultzatzen baduk hortik eta nik hemendik, ikusiko omen dugu laster erortzen. Ipuinak ongi bukatzen dira, eta beraz, gurean ere aski dukegu ezpata batekin, herensugea amiltzeko. Logika horrekin, urteak eta hamarkadak daramatzagu Goliaten kontra, «borroka» eta «mobilizazioa» ardatz, otoitza eta prozesioa balira bezala. Indar erakustaldiz indar erakustaldi gabiltza, Espainiak, Frantziak, Europak eta mundu zabalak ikus dezaten nor garen, eta uler dezaten kontuan hartu beharko gaituztela… Funtsean, termino eta metodo belikoekin gabiltza beti: sokatira, beso-borroka… Gaur egun oraino nagusi den maskulinitate eredu baten araberako diskurtsoa («gizonak bagara, jo dezagun aurrera») eta bideak ditugu.

Goliati hortzak nahi adina erakusten badizkiogu ere, indar gehiago daukana lasai dago. Zapaltzaileak indar erakustaldirik egin beharrik gabe ere erakusten du baduela indarra. Injustua da Espainiak Kataluniarekin egin duena. Baina zapaltzaileak ez du zapalduaren begiradatik so egiten; ez zaio inporta injustua izatea (ez du ikusi nahi injustua dela, gainera), injustiziatik hazten baita, besteak menperatuz baita zerbait. Indartsuena da, eta horrekin aski du. Gu ahalegintzen gara indar erakustaldiak egiten; Espainiak eta Frantziak dute indarra, indar poliziala, militarra, judiziala, administratiboa, demografikoa… Eta baita nazioartearen babesa ere, funtsezko auzian.

Krudelak dira gure egoera eta destinoa. Baina hobe da egoera gordin horretaz jabetzea, Espainiarekiko eta Frantziarekiko konfrontazio zuzenean jarraitzea baino, David eta Goliaten mitoak itsuturik. Alferrik ibili gara eta alferrik gabiltza haien joko zelaian eta haien joko arauetan. Haiekiko konfrontazioak eskatzen duen indarra ikaragarria da; logikoki, haiek izanen dute beti indar handiena. Haatik, indar erakustaldia eta indarra ez dira gauza bera. Pena da hainbeste indar xahutzea indar erakustaldietan, erakustaldietara bideratzen dugun indar hori ez baitugu erabiltzen beste arlo batzuetan.

Ulertuko dugunean Goliaten kontra ez dagoela irabazterik, ez bederen haren joko eremuan, errotik aldatuko da politika ulertzeko eta egiteko modua. Kanpora begira baino gehiago jarriko ginateke barnera begira. Hasteko, gure herriaren ahulguneak identifikatzen hasiko ginateke, jakiteko zer dugun hobetzeko. Gero, gure indarguneetan jarriko genuke arreta, hortik hazteko, herri gisa.

Gure herriaren ahulguneak ezin dira xehe-xehe garatu lerro gutxi batzuetan. Batzuk nahiko identifikatuak dira, baina egunoroko zurrunbiloak ez gaitu uzten garbi ikusten. Euskal Herri mendebaldeko hezkuntza sistemak balio izan du gazteek euskara ikasteko; zorigaitzez, zenbait urte iragan ondoan, hainbatek adierazi duten kezka da hezkuntza sistema horrek «erdaldun elebidunak» sortu dituela, baina ez herritar euskaldunak. Hots, hezkuntza arautua bururatu ondoan espainolez bizi diren eta espainiar sentitzen direnak, adinean aitzina joan ahala, euskara gero eta urrunago gelditzen zaienak. Euskal Herri ekialdean larriagoa da egoera.

Hezkuntza ofizialak curriculum ofiziala jarraitu behar du (horra hor, Goliaten indar bat, erakustaldirik egin behar izan gabe, isil-isila betearazten diguna), eta komunikabideak Espainiari edo Frantziari begira daude. Herri zatitua dugu, eta zatiketan sakontzen ari gara, oharkabean. Bere geografiaren, historiaren eta oinarri kulturalen kontzientzia galtzen duen herria nekez jar daiteke askapen prozesu batean. Zatiketa da ahulgunea; kontzientzia galtzea, arrisku bizia. Bizkitartean, galtzen ari den hori bera da, gaur egun ere, gure indargunea.

Gure herrian oraino badago auzolanerako ohitura. Mehatxatuta dago, hau ere, bereziki erabateko instituzionalizazioaren ondorioz eta kontsumo gizartearen nagusitzearengatik. Hala ere, ehunka ekimen daude, batzuk lokalak, beste batzuk zabalagoak, ingurumenaren aldekoak, ekonomia alternatiboa sustatzen dutenak, baztertuen sostengu mugimenduak… Herri ekintzailea da gurea, sortzailea ere bai. Gaitasuna dauka herriz herri antolatzeko, eta denen arteko loturak eta sareak osatzeko. Hor dago indargunea.

Indargune hori aktibatuz sendotu ditzake ahulguneak, herri zapaldua izatearen kontzientzia berreskuratu, askatzeko nahia berpiztu eta gure tresnak sortu herria euskalduntzeko eta batzeko. Askatasun prozesua gure baitatik hasten da. «Nagusiak» ez du sekula onartuko gure gaineko nagusitasuna uztea, eta komeni zaio sinets dezagun Daviden mitoa; ez dugu konbentzituko, ez arrazoibidez, ez indarbidez. Goliati bizkarra eman, eta indarra egin dezagun barnera begira, ez kanpora begira. Herria eta herritarrak euskalduntzea lehentasun bihurtzea da hori: ez bakarrik hizkuntza gaitasuna eta erabilera sustatzea, baizik eta Espainiatik eta Frantziatik mentalki deskonektatuak diren herritarrak sortzea. Hori da politika ez egitea paparra hantuz, baizik eta odolberrituz eta bihotza eta burua sanotuz. Bata antzerkia da; bestea bizitza.

Berria