Hiru gogoeta federalismoaz

Arretaz irakurri dut, iragan hilean, jende ezagun batzuk gure herriarentzat federalismoa onetsiz argitaratu duten izkribua. Testuan eta barnerago, tesiak bidea egingo balu gure etorkizunarentzat lituzkeen inplikazioek gogoetara bultzatu naute.

-Federalismoa aurrekari historikorik ez daukan egitura politiko bat da. Espainia ez da inoiz federala izan, inperialista eta totalitarioa baizik. Federalismoaren oinarrian hitzarmenaren ideia dago, baina hori historiaren faltsutze bat baino ez da. Espainiak inoiz ez du ezer negoziatu bere mendeko lurraldeekin; biolentziaren eta armen bidez bereganatu ditu ahal izan zituen lurraldeak (Portugal ezin, hor daukate arantza!), eta biolentziaren aldaera modernoekin jarraitzen du bere nagusitasuna mantentzen.

Euskal estatu bat, aldiz, existitu izan da: Nafarroako Erresumaren forma hartu zuen, erresumaren egitura zelako garaiko estatu guztiek ezagutzen zuten erakundetze modua, eta bere hizkuntza zein zen garbi zehaztu zuen, 1167ko dokumentu batean ageri denez: Lingua Navarrorum, euskara, alegia. Gaur egun ere euskaldunok munduko eskubide guztia daukagu Estatu bat edukitzeko, eta horretarako ahalmena badaukagu mundu guztiak ezagutuko du, zalantzarik gabe, gure zapaltzaileek ezik.

-Federalismoa eredutzat hartzeko aipatzen dira, maiz, Alemania, Suitza, Estatu Batuak… Baina hemen identitate arazo saihetsezin bat planteatzen da: azken batean, Suitzako kantoietako biztanle guztiak dira suitzar, Alemaniakoak alemaniar, besteak estatubatuar… Baina gu ez baikara espainol, ez frantses: gu euskaldunak gara soilik, ez gehiago, ez gutxiago. Federalismoak gutxiagotu egiten gaitu. Euskaldun soilik Espainiaren baitan izan gaitezkeen mezu galgarria barreiatzen du. Eta Iparraldea non kokatzen da balizko federazio horretan? Frantziak haiei eragin dien endekapen bortitza ikusita ausartuko gara esaten haiek euskaldun soilik Frantziaren baitan izan daitezkeela?

Ez da zaila ulertzea zer kalte ekarriko ligukeen gure kultura, hizkuntza eta izate politikoa suntsitzen saiatu den (eta saiatzen den) Estatu batean jarraitzeak, Katalunian ohartu ziren bezala, abiada bizian baztertuz hirugarren bidea. Ulertzea zail zaidana da euskara maitatu eta hari bizitza osoko lana eskaini dionak nahiago izatea gure gauzekiko erabakimena atzerrian egotea.

Diskurtso honek bat egiten du gure herriaren patuak Espainiari atxikita joan behar duela dioen beste diskurtso nagusiarekin, autonomismoarekin. Eta bien sustraian espiritu bereko mezu subliminal bat datza: independentzia zerbait irreala dela sinestaraztea jendeari, utopia bat, urruna, guk ikusiko ez duguna; behin animo hori hedatu ondoren, lortzen dute desaktibatzea euskal gizartean egon zitekeen konfrontazio gogo apurra, eta bideratzen dute jende ernearen berezko sumindura kausa sozialetara, humanitarioetara, esanez: «Utzi politika guri, ezin da helburu handirik lortu, ahaztu amets gorenak, heldu lorpen txikien pozari».

Politika-kortsea praktikatzen dute, alegia: politika mugatu behar da lor daitezkeen gauzen esparrura. Nik politikaren aspiraziorik nobleenetan sinesten dut, ezertan sinesten badut: Politika gustatzen ez zaigun eta injustua den errealitate bat aldatzeko palanka bat dela, hiru osagarri dituena: historia, hona hain modu traketsean nola iritsi garen jakiteko; diagnostikoa, gure egoera benetan eta apaingarririk gabe zein den zehazteko; eta estrategia, helburuak eta horretara iristeko ditugun indarrak elkar elikatzen jarriko dituen diseinu zorrotza, denboran eutsiko duguna, taktikak garaira egokituz baina inoiz helburuak abandonatu gabe.

-Diskurtso horren azpi-geruzan badago, ordea, beste sentipen bat: Espainiarekiko atxikimendu intimo bat, zure bizitza hura gabe irudikatu ezin bat, badu erru-printzak dauzkan espainolismo baten mozorro tankera, etsipen nagi bat bezala, gure botere politikoaren jabetza lur honi arrotz zaizkion eskuetan uztea, gure parte-hartze kuota murritz bat onartzea, herri honek gehiagorako talenturik ez baleuka bezala. Eta prozesu historikoen ezagutza falta bat. Edozein entziklopedia aski da, haietara bidaiatzen dugun herri askeen historia jakitea, ikusteko independentziarekin sekulako gorakada izan zuela haien kulturak, hizkuntza propioen iraupena bermatua geratu dela, badutela haien kultura munduko erakusleihoetan kokatzeko etiketa bat. Errealismo historikoak honakoa dio: XX. mendean herrialde independente askoz gehiago sortu da, herrialde federalak baino.

Desorekak desoreka, mundualde garatua deitzen den esparruko independentzia prozesu guztiak arrakastatsuak izan dira ia maila guztietan, zer esanik ez hizkuntzan, gu bereziki ikaratzen gaituen alorra aipatzeko. Kasu bat soilik atera da gaizki, dozenaka kasu positiboen ondoan. Eta esanguratsua da: hitzaldietan beti ateratzen du norbaitek kasu ezkorraren hizpidea; inoiz ez kasu baikorren eredua. Gure egoera psikologikoa zeinen ezkortasunera okertua dagoen adierazten du, etorkizun eder baten beldurrak irentsirik.

Diagnostiko akats erraldoia iruditzen zait gaur, hemen, esatea eta zabaltzea eskuragarriagoa dela Espainia honetan zerbait federala lortzea, edota estatutuaren berrikuntza kualitatibo bat, iritsi garen puntura iritsita, Kataluniako ispiluak ageri duen gisan: independentzia izango da herrialde menderatuontzat aurrerantzean bizirik jarraitzeko berme bakarra, mende hauetan Espainia eta Frantzia saiatu direnaz gain suntsitze aro berri bat baitator gure aurka. Eta birrintze aroa ez da sofistikatua izango, basatiagoa baizik, gero eta oztopo gutxiago dituztelako, bai Europaren aldetik, populismoaren eta (estaturik gabeko) nazionalismoaren izua erabiliz, bai gure barne erresistentziaren ahuldadeaz ohartu direlako: euskaldunok biolentziaren anatemarekin paralizatuak gauzkate, batetik, eta bestetik geuk laguntzen diegu, barrutik, suntsitze lanean. Euskalgintzak ideologikoki birziklatu behar izan du, ekonomikoki kolapsatuta geratu aurretik, helburu eta jokamolde nabarmen mantsotuak bereganatzeko.

Hain zaila egiten zait irudikatzea kualitatiboki benetan esanguratsua litzatekeen estatutuaren berrikuntza bat, hain urruna dena egiteko eta inoiz ezer demostratzeke daukan federalismoaren proposamen mortua, non independentzia soilik ageri zaidan mendeetan Espainiarekin eta Frantziarekin daukagun dema honetan lor daitekeen ekimen politiko praktiko bakarra, aukera errealista bakarra.

Berria