Gerra irabazi omen dela ospatzeko, porrotak oroitu

Madrilen egindako goi bilera baten ondoren adierazi dute “Ekitaldi handi bat egingo dutela Frantziak eta Espainiak ETAren amaiera oroitzeko”. Urriaren 1ean egingo dute hori. Ez da oharkabean pasa goi mailako estatu agintariek bi gertaera oso potenteak biak batera eszeneratzeko erabakia hartu dutela: Aspaldi joan ziren ETAren armabidezko ekimenaren amaiera eta Kataluniak antolatutako erreferendun baketsuaren hasiera. Biak ala biak gaitzestu eta haren gaineko estatu errelatoa berrantolatu nahi dute orain.

Lehena, Luhuson gertatu zen, 2017ko apirilaren 8an. Urte eta erdi beranduago ekitaldi hartan inongo nabarmenkeriarik nahi izan ez zutenek euren neurrira antolatutako erakustaldian protagonista nagusiak bezala azaltzeko antzerkia prestatu dute. Berandu samar. Ehunka lagun balizko truke txanpon bezala Espainia eta Frantziako kartzeletan jarraitzea, porrot hura jasan ezinaren ispilua besterik ez da.

Bigarrena ere antzeko. 2017ko urriaren batean, Espainiaren benetako aurpegia ikusi zuten mundu osoan. Kataluniako kale eta hauteslekuetan Espainiak bere Erdi Arotar aurpegi krudelena erakutsi zuen. Ez zuen balio izan “indarkeriarik gabe dena da posible” agintu izanak. Orduko, eta oraingo, A por ellos y cierra España esaldi bortitzak argi azaltzen du Estatu ez moderno baten porrota.