Euskararen «inposizioa» salatzeko deiak euskararen aldeko manifestua piztu du

«Por el futuro de todos en igualdad. Berdintasunezko etorkizun baten alde» manifestazioa dago gaur deituta Iruñean. Euskara «inposatua» izaten ari dela sentitzen duten eragileek antolatu dute eta hainbat alderdi politiko eta sindikatuk babestu. Parean, euskararen defentsarako manifestuak 13.300 lagunen babesa jaso du.

Erreportajea «LINGUA NAVARRORUM»

Gaur, ekainak 2, manifestazioa deituta dago Iruñean. Asociación Cultural Doble 12, Vecinos de Paz de Berriozar eta Desolvidar elkarteek eta Pepe Alfaro idazleak egin dute deialdia eta hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta bestelako eragilek bat egin dute; Nafarroako Gazte Sozialistak, UPN, PPN, PSN, Ciudadanos eta UGT sindikatua, besteren artean.

“Por el futuro de todos en igualdad. Berdintasunezko etorkizun baten alde” leloaz jantzi dute deialdia eta euskara ez dakitenek Nafarroan sufritzen omen duten «diskriminazio egoera» salatzea da deitzaileen helburua. «Hizkuntza politika bidezkoa» defendatzea, antolatzaileen hitzetan.

Deialdi horren parean, Nabarraldek “Euskararen defentsarako manifestua” kaleratu du duela egun batzuk eta, egun gutxiren buruan, 13.300 atxikimendutik gora jaso ditu. Nabarralde Fundazioko lehendakari Angel Rekalderen hitzetan, «euskararen kontra horrelako ekintza bat aurrera eramatea astakeria hutsa da. Baina, haratago joanda, konturatzen gara Nafarroan testuinguru jakina bizi dugula eta hauteskundeak badatozela. ‘Aldaketa’ delakoaren kontrako ekintza politikoa da manifestazioa, erabat hauteskundeen atarikoa. Hori ez genuke ahaztu behar. Hauteskundeak ate joka ari dira eta alderdiak dagoeneko dinamika horretan sartuak daude. Hala ere, joko politiko zikin horretan euskara erabiltzea –duen balio guztiarekin– onartezina da. Onartezina da euskararen kontra egitea eta nazkagarria da euskara joko politiko zikin horretarako erabiltzea. Zaila da oso kontua hotzean aztertzea, haserretu gabe».

Haserre horretatik sortu zen duela egun batzuk Nabarraldek publiko egindako “Euskararen defentsarako manifestua”. «Gure webgunean jarri genuen, 20-30 izen sonatuen babesarekin. Gure asmoa zen 100-200 lagunen babesa lortzea. Lehen ordu erdian dagoeneko 100 lagunen babesa lortua genuen eta, iluntzerako, 2.000 lagunena. 24 orduren buruan 5.000 lagunen babesa zuen manifestuak, eta, 48 ordutan, 10.000 lagunena. Guretzako sekulakoa izan da gu bezala pentsatzen duen jende asko dagoela ikustea. Eta oso interesgarria da babesa eman dutenen artean zein dauden ikustea; alor oso desberdinetako jendeak egin du bat Euskal Herri osoan. Eta tartean izen oso sonatuak daude. Pozik gaude manifestuak izan duen oihartzunarekin».

Euskara inposatua?

Poz horren tamainakoa da, baina, aipatu manifestazioa deitzeko erabili diren argudioek Euskal Herri osoan piztu duten haserrea.

Nabarmentzeko datua da orain hizkuntza politikaren kontrako manifestazioa deitu duten eragile berek Nafarroako banderaren aldeko eta aldaketaren kontrako manifestazioa deitu zutela 2017ko ekainean.

Historikoki euskarak Nafarroan egoera ahula bizi izan du eta bizi du oraindik ere. Manifestazioa deitu dutenen hitzetan, egungo Nafarroako Gobernuak sustatzen duen hizkuntza politikak ez ditu gaztelaniadunen eskubideak bermatzen. «Ez dugu onartuko nagusiki gaztelaniaduna den gizarte zabal eta demokratiko batean euskara lanerako baimen bat edota laguntza publikoak eskuratzeko derrigorrezko betebehar bat izatea».

Deitzaileen hitzetatik ulertu daiteke historikoki zapalduak izan diren euskaldunen eskubideak gaztelaniadunen eskubideen gainetik daudela orain. «Baita zera ere! Nafarroan euskararen kontrako presioa sekulakoa da eta mende luzeetakoa gainera. Hori ez duzu egun batetik bestera aldatzen. Horregatik are larriagoa iruditzen zaigu kontua. Ez dago arrazoi objektiborik gaztelaniadunen eskubideak zapalduak izaten ari direla esateko. Manifestazioa deitu dutenak oso eremu mingarrian sartu dira, euskara ahula delako eta ez delako halako aldaketarik gertatu. Bost mendetako politika bati ezin zaio lau urtean buelta eman. Ez dago justifikaziorik», iritzi dio Rekaldek.

Elementu identitarioak astindu

Angel Rekaldek garbi dauka manifestazioa antolatu dutenen helburua: «Elementu identitarioak astindu eta sentimendu espainola elikatu nahi dute. Ez hainbeste hemen bertako jendeari begira, kanpoko jendea ekartzeko baizik».

Euskara, bistan denez, elementu identitarioa da, hizkuntza bat den neurrian. Nabarraldeko lehendakariak Antonio de Nebrija (1441-1522) gramatikalari espainolak esandakoak ekarri ditu gogora: «Siempre la lengua fue compañera del imperio».

Nebrijak oso garbi zuen inperioa eta hizkuntza elkarrekin hazi eta loratzen direla, eta, bat eroriz gero, biak erortzen direla. Bide beretik, Nebrijaren ustez «barbaroak diren eta hizkuntza arraroak» dituzten herriak inperioaren uztarriaren mende jartzeko «ezinbesteko» baldintza da herri horiei hizkuntza nagusia inposatzea, «garaituak garailearen aginduak bete ditzan». Gramatikalari eta pentsalari espainolak garbi zuen: «Hizkuntzak eta nazioak bat egiten dutenean, hizkuntza inperioaren tresna bihurtzen da».

Euskarak onarpen zabala

Manifestazioaren deitzaileen arabera, Nafarroako Gobernuak «euskara inposatu» egiten du eta euskaraz ez dakiena diskriminatu. «Hori propagandaren oinarrietako bat da, ezta? Erabili etsaiaren kontra hark zure kontra erabiltzen duen argudioa. Zalantzarik gabe, Nafarroan inposatu dena gaztelania da eta derrigorrez ikasi behar dena gaztelania da. Euskarari hori leporatzea zinismo itzela iruditzen zait».

Euskararen inposizioa salatzen dutenek iradokitzen duten zatiketa benetakoa al da? Nafarroako jendartea hizkuntzen arteko gatazka batean sartuta al dago? «Inondik inora. Alderantziz. Jendearen artean onarpena dago, espektro osoan gainera. Euskarak onarpen zabala dauka eta jendarteak normaltasun osoz bizi du. Gatazka hori, konfrontazio hori, diskurtso politikoan baino ez dago», esan du Rekaldek.

«Muinean diskurtso identitarioa dago. Gobernuek eta agintariek hauspotzen dituzte diskurtso horiek, herritarren babesa lortzeko. Gizartea, baina, gero eta globalizatuagoa da eta gero eta anitzagoa. Diskurtso identitario horien atzean demagogia itzela dago. Erabiltzen diren argudioak ez dira benetakoak eta intentzio politiko garbia dute».

Nafarroako Gobernua ere argi mintzatu da gaurko deituta dagoen manifestazioaren inguruan. «Ondo dago herritarrak kalera ateratzea aldarrikatzera, baina, normalean, eskubideen alde izaten da, ez eskubideen kontra», adierazi zuen Maria Solana bozeramaileak. «Nafarroan denok gara gaztelaniadunak, baita euskaldunak ere. Beraz, diskriminazioaren eztabaidak ez dauka zentzurik. Herritarrek garbi ikusiko dute beren eskubide zibil guztiak ukitu gabe dituztela».

Urte askotako lana

Nabarralde Fundazioak urte asko daramatza memoria kolektiboa berreskuratzeko eta ezagutzeko ahaleginean. «Urte mordoa daramagu lanean gure kulturaren eta hizkuntzaren alde. Ondo dakigu zenbat kostatzen den lan hori egitea, zein garrantzitsua den benetako argudioak, pisuzkoak eta oinarria dutenak, lantzea. Baina, berriz, komunikabide indartsuak ondoan dauzkazunean, oso erraza da ideia sinple bat hartu eta zabaltzea. Alegia, guk urte askoan euskararen alde egindako lana hankaz gora jar dezake komunikabide ozen batek zabaldutako demagogia merkeak. Urtetako lana pikutara joan daiteke horrelako kanpaina faltsuen eta bortitzen aurrean».

Hala ere, Nabarraldeko lehendakariak garbi dauka lanean segituko dutela. «Euskaldunok egunerokoan euskararen erabilera normalizatu behar dugu. Horrez gain, politizatu gabe baina euskara politikan sartu behar da. Normaltasun osoz onartu behar da euskarak erakunde guztietan eta bizitzako alor guztietan bere tokia behar duela. Ezin dena da politika merkea egin euskararen kontura. Hori mingarria da», bukatu du Nabarralde fundazioko lehendakariak.

Euskararen defentsarako manifestua

Giza Eskubideen Europako Hitzarmena errespetatzeko printzipioarekin bat egiten dugu, hizkuntza hautuaren araberako bazterketa debekatzen duena. Inor ez litzateke lingua navarrorum-a erabiltzeagatik baztertuta sentitu beharko. Gure nortasunaren oinarrizko zeinua da eta, hau gabe, Nafarroako errelatoa hutsala litzateke, beste interesen mende geratuz.

Euskara izan da, mendez mende, jazarpena jasan behar izan duena, izan azalekoa edo isilpekoa. Jendartearen agerian gelditu den errepresioa, edo nabarmenak ez izanagatik ere emaitza bera bilatzen zituzten erasoak. Gure hizkuntza ezabatzeko saiakerak hamaika izan diren arren, hizlarien borondatez eta indarrez XXI. mendera bizirik iritsi da.

Gaztelera zein frantsesarekiko fobiarik ez dugu sentitzen. Gure kulturaren osagarri direla sinisten dugu, are gehiago, euskaldun guztiek dakigu gaztelera edo frantsesa, eta askok, hiru hizkuntza edo gehiago. Ez genuke onartuko, hartara, edozein hizkuntza lege, lan arlo edo jendartearen bazterketaren biktima izatea.

Administrazioan –erakunde publikoak protestaren hartzaile diren neurrian– euskara hitz egin, ikasi edo erabiltzea sustatuko duten edozein politika edo neurrirekin bat egin dugu eta egingo dugu, errespetu osoz eta euskaldunen eta euskara ezagutzen ez duten horien arteko begikotasunez. Argi eta garbi esanez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak horretaz hitz egiten duela, eskubideez, hizkuntzaren erabilera eta ezagutza babesteaz. Denok daukagu gure herriko hizkuntza erabiltzeko eskubidea eta inork ezin digu ukatu.

Laburbilduz, jarrera hipokrita iruditzen zaigu, asmo txarreko pertsona eta elkarteek, gure herrialdeko hizkuntzaren berreskurapenaren aldeko neurrien kontrako manifestaldi bat deitzea, historikoki euskararen garapen naturalaren kontrako debeku eta trabak jartzen aritu diren bitartean.

Herritar guztiak, erakundeak eta edonolako elkarte eta taldeak euskararen ikasketa eta erabileraren alde jartzera deitzen ditugu, etorkizuneko belaunaldiak jendarte bidezko eta anitzago batean bizi ahal izan daitezen.

Nafarroako euskararen sustapen eta erabileraren kontrako manifestaldiaren antolatzaile eta sustatzaileei, deialdia bertan behera uzteko eskatzen diegu, defendatzen dituztela dioten eskubide horien kontra doan heinean.

https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2018-06-02-07-00/hemeroteca_articles/euskararen-inposizioa-salatzeko-deiak-euskararen-aldeko-manifestua-piztu-du