Euskara Nafarroan

bADATOZ baskoak, badatoz, badatoz! Oihu hori botatzen zuten han laurogeita hamar hamarkadan Nafarroako bozgorailuetatik, Sanz presidentearen garaietan. Baskoak, garai hartan, D eredurako irakaskuntzarako koadroetarako behar ziren irakasleak izango ziren;izango ziren diot, UPNk, orduan ere, Nafarroako beharretako bat kanpoko eraso moduan irudikatu zuelako, eta beharra zera zen, Nafarroako ipar aldean euskara egiten denez, irakaskuntzan euskarazko irakaskuntza eskaini behar zela.

Baskoak integratu egin ziren Nafarroako gizartean, ze atzera begira, laurogei hamarkada eta bi milaren artean nahiz eta Nafarroako hizkuntza politika nahikoa murrizgarria izan, euskararen estatusarekiko halako bake bat izan da. Harik eta… harik eta Aldaketaren Gobernua gauzatu den arte.

Nafarroan bada Doble12 izeneko erakundeak zeinak bideo pedagogikoak egiten baitituen. Batean, esaterako, euskararen antzinatasuna ukatu nahi du euskararen hiztegiaren %50 latinetik eta erromantzetik datorrela eta Lesaka eta Ultzama bezalako hitzak zeltak direla argudiatuz (sic). Bideoa zera aldarrikatuz bukatzen da: zergatik ez digute egia esaten?

Berriki ez-euskaldunaren kontrako Nafarroan gertatzen ari den diskriminazioa salatzen dute beste bideo batean. Nafarroako hizkuntza politika ezagutzen duen edonork badaki ez dagoela halako diskriminaziorik, izatekotan, diskriminazioa alderantzizkoa dela, noiz eta Euskararen Legeak bermatzen dituen euskaldunekiko eskubideak bete ere ez baitira betetzen.

Nafar eskuinak boto etekinak lortzen ditu nonbait euskara eta Nafarroaren izaera baskoa ukatuz;aurrerakuntza minimo bat badago, dena dela, laurogeita hamarkadarekiko orain onartu egiten dute euskaren existentzia bera.

Nafarroako eskuinaren diskurtso hori arriskutsua izan beharko luke aniztasuna kudeatzera dagoen gizarte batean, bozak kendu beharko lizkieke, baina ez, bozak ematen dizkiete, bestela ez da estrategia ulertzen.

Gure herriko txistorra bezala errepikatzen da nafar eskuina. Gure herria Nafarroan dago, bada ez bada ere.

Deia