Euskara, hizkuntza estandarizatua

Hizkuntza guztiek estandarizatu beharra daukate, baldin eta gaur egungo bizimodurako baliagarriak izango badira. Bestela ez daukate bizirauterik. Argi eta garbi ikusi izan dute hori euskara batuaren aldeko apustua denboran zehar egin dutenek;bai orain dela ehun urte baino lehenago Euskaltzaindia sortzeko ahaleginetan saiatu zirenek, nola orain berrogeitamalau urte Baionako bileretan euskara batuaren oinarriak bilatu zituztenek, nola orain dela berrogeitamar urte Arantzazun urrats erabakiorrak eman zituztenek.

Euskararen estandarizazioaren premia larria eztabaidaezina zen komunikabideak, eskolak, literaturan eta gaur egungo bizimoduko tresna erabilgarri eta egokia izan zedin nahi zuten guztientzat. XX eta XXI mendeetako euskaldungoa gizarte anitza eta sakabanatua da eta euskera batua ezinbestekoa zaio gizarte horri.

Hizkuntza gehienen kasuan estandarizaioa agintaritza politikotik egin izan da;hau da, buletin edo aldizkari ofizialak izan dira askotan hizkuntzen estandirazioa erakarri dutenak. Euskal Herrian ordea, ez daukagu estaturik eta beraz, beste nolabait egin beharra zegoen. Arlo honetan herritarren gehiengo handi batek onartu izan du azkeneko hamarkadetan Euskaltzaindiak erabakitatoari men egitea. Akademiak bere aldetik asmaketak eta hutsegiteak izan ditu, baina aitortu beharra dago estandarizazioaren premia hutsegiteen gainetik dagoela;beste nolabait esateko, hobe da hutsegite batzuk dauzkan estandarizazioa hutsegiterik gabeko estandarizaziorik eza baino.

Euskararen estandarizazioak beti eduki ditu bere etsaiak;batzuetan etsai amorratuak. Lehenik eta behin, hizkuntza bera hil eta gal dadin nahi luketenak, nahiz eta, maltzurkeriaz beren gorrotoa euskalkien aldeko leloekin edo estandatizazioaren artifizialtasunarekin eta abar mozorrotzen edo estaltzen saiatzen diren;adibidez, “El invento del batua”, (Jaime Ignacio Del Burgo, DN 2018/08/30) edo “El batua es un kuento Politico”, (J. Ignacio Palacios, DN 2018/09/13). Estandarizazioaren beste etsai batzuk berriz, ergelaren papera jokatzen dute, ustezko “herri hizkuntza” eta “berezko esamoldeak” eta holakoak defendatuz;adibidez, “El libro negro del euskara”, (José Basterrechea, Oskillaso), edo “Zer” aldizkaria eta garai bateko Euskarazaintza eta entzekoak. Badira ere, jakintsu itxurak eginez, euskara estandarizatuaren adierazkortasun eskasa edo mugatua arbuiatzen dutenak;adibidez, “Batua plastikozkoa da”, (Juan Luis Zabala, Berria 2018/10/13). Are gehiago;badaude euskara estandarizatuaren aurka beren herriko eta auzoko esamoldeak goretsi eta sakralizatzen dituztenak… Eta azkenik, euskarararen heriotza ezinbestekoa dela uste dutenak daude eta “unamunismora” jokatuz lasaitzen direnak. Etsai asko eta ez nolanahikoak.

Egia argi eta garbi dago. Euskarak bizirautea nahi dutenak euskara estandarizatu edo batuaren alde daude;eta euskara estandarizatuaten aurka daudenak, euskararen kontra jokatzen dute, jakinda edo jakin gabe;nahita edo nahi gabe.

Ez da inor euskalkietaz Azkue edo/ eta Euskaltzaindia baino gehiago arduratu. Orain gainera, euskalki guztien adibide moduan hizkuntzaren atlasa jarri du Euskaltzaindiak sarean. Noiz egin zen orain arte horrelako ahalegin duinik euskalki guztien alde? Euskalkiak euskara batuaren aurka defenda-tzen dituztela dirudien horiek ez dute ikasi ez euskalkirik, ez euskararik, eta ezta hizkuntzalaritzarik ere, nahiz eta ez duten ez lotsarik eta ez errespeturik ja ere ez dakitenaz pontifikatzeko. Koldo Zuazo, euskalkietan gaur egungo adituena bezala jotzen denak esan berria du esaldi hunkigarria: “Euskara batua arte dialektu multzo bat geneukan;orain hizkuntza bat dugu”. Gaurko euskaldungoa oso ezberdina da orain dela berrogeitamar urekoaren aldean;gaur egun Tafalla, Iruña, Baiona, Gasteiz Bilbo edo Barakaldoko euskalkia euskara estandarizatua da!

Adierazkortasunari buruz, kontuan izan behar da nola egiten den gaur egungo euskal literatura uholdea eta ze hikuntza erabiltzen da eskolan liburuetan, komunkabideetan eta abar.

Euskara hizkuntza bizia eta bizitzeko balio duena salbatzea euskaldunon xedea ez-ezik, kulturaren eta Europaren helburutzat ere aitortu beharko litzateke. Baina eskubide horiek ahalbideratzeko eta gauzatzekotan ezinbestekoa da euskararen estandarizazioa. Eta helburu hori ez da zeregin akademiko hutsa, baizik eta batez ere herritarrena. Orain arte gertatu den bezala, Txillardegik, Mitxelenak, Euskaltzaindiak eta abarrek egindakoa garrantzitsua izan bada ere, askoz garrantzi-tsuagoa izan da herritarrek egindakoa.

Ez huts egin, jaun-andreok!

Noticias de Navarra