Euskalduntasun antzu bat ari gara sortzen

Euskara ardatz hartuta, beste liburu bat argitaratu du Odriozolak: ‘Nora goaz euskalduntasun honekin?’. Identitatearen auziari heldu dio: uste du etnikoa bultzatzen dela, eta ez nazionala.

aantzubat

ARGAZKI PRESS

 

Erretiroa hartuta dago, baina ez lanari utzita. Liburu bat besapean hartuta dator berriro ere Joxe Manuel Odriozola (Altzo, Gipuzkoa, 1948): Nora goaz euskalduntasun honekin?. Informazio bilketa zabala egin du liburua osatzeko, orriz orri ageri dira hainbat liburu eta egunkari artikulutako aipuak. Elkarrizketan behin baino gehiagotan aipatu du Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx: haren teoriak bere egin ditu. Identitatearen gaiari heldu dio Odriozolak: euskalduntasun etnikoa eta nazionala bereizi ditu. Haren ustez, etnikoa ari da bultzatzen, baina nazionalak hartu behar du lekua. Erabileraren gaia jarri du adibide.

Nora goaz euskalduntasun honekin? izenburua du liburuak. Kritika kutsu nabarmena dauka.

Euskalduntasun hau ez dut kontsideratzen euskalduntasun nazional, eta euskalduntasun nazionalaren barruan bakarrik kontzebitzen dut euskalduntasun duin bat, euskaraz bizitzeko forma duin bat. Nazionalismoari buruzko teoriko batzuk erabili ditut, eta ondo bereizten dituzte etnikotasuna eta naziotasuna, identitate nazionala eta etnikoa. Sortzen ari garen euskalduntasuna gehiago da etnikoa. Komunitate etniko batetik ari gara, ez gizarte nazional hegemoniko batetik. Logika etnokultural batean ari da Jaurlaritza.

Ez duzu uste, beraz, normalizazioa hortik etor daitekeenik.

Mila gauza egin ditzakegu, eta egin dira. Baina, hala ere, oinarrizko baldintzetan huts egiten dugu: salbuespenak salbuespen, D ereduak sortzen duen euskalduntasunak oso gutxi dauka euskalduntasun nazionaletik, euskalduntasun kontzientetik. Sortzen ari garen euskaldunarekin ez dago modurik herria euskalduntze bidean jartzeko, erabilera normalizatzeko, euskaraz bizitzeko. Euskararen herria eraikitzeko.

Kritika hori eskolari egindakoa da, edo zabalagoa? Pentsa liteke hezkuntzak zer gehiago egin zezakeen berak bakarrik, beste esparru batzuen egoera ikusita.

Marko zabalago batean kokatu behar da. Ez daukagu curriculum nazionalik. Eskolak transmititzen duen euskalduntasuna, euskaldun izateko modu tradizional bati lotuta (Olentzero eta)… D ereduko ikasle gehienak ez dira euskaldun sentitzen, besteak beste, euskalduntasuna lotzen dutelako iraganeko Euskal Herri batekin, komunitate batekin. Eta oraina ez da hori: erdal gizarte hegemonikoa da oraina, eta hor dauzkate beren bizitza erreferentziak. Ezin zaio dena leporatu, baina eskolak ere ez du bere lana egiten. Euskalduntasun antzu bat ari gara sortzen. Hor eragile asko dago, baina, besteak beste, eskolaren beraren huts egitea ere bai. D ereduko ikasleak neurri bateko gaitasunarekin irteten dira, baina ez zaie transmititzen euskalduntasun nazional bat. Txepetxekin bat nator: funtzio nazionalak betetzen dituen hizkuntza bat ez badaukazu, gainerako funtzio informal guztiak blokeatu egingo zaizkizu.

Lehen ere aipatu izan duzun funtzio makroa eta mikroa, alegia.

Euskalgintzan jende askok uste du funtzio lokal horiei eutsi behar zaiela —arnasguneetan eta—, eta gero etorriko direla etorri beharrekoak. Nik alderantziz ikusten dut: dialektika bat dago, eta funtzio hegemonikoek huts egiten badute, ezin zaio eutsi euskalduntasun etnikoari, gainetik daukazun gizarte nazional erdaldunak blokeatu egiten dizulako. Funtzio nazional hegemonikoek determinatzen dute gainerakoen eraginkortasuna. Arrazoi osoa du Txepetxek. Ikusirik, gainera, arnasguneetan ere erabilera huts egiten ari dela: ez da harritzekoa. Euskalduntasunak zer egin handirik ez badu espazio eta funtzio hegemonikoetan, saia zaitezke, baina itota zaude. Funtzio informaletan gara daitekeen normalizazioa gaindeterminatua dago aldez aurretik. Izugarrizko sabaia ezartzen du. Hor egin daitezkeen mila gauza antzuak dira. Euskalduntasun hori kritikatu nahi dut: Jaurlaritzak ez du euskara nazio hizkuntza gisa tratatzen.

Esan duzu «erdararen eskale» direla euskaldunak. Zertan?

Gaitasun komunikatiboan. Bi dimentsiotan huts egiten du euskalduntasunak: identitatean eta gaitasun komunikatiboan. Eskaletasuna erraztasunik ezarekin dago lotua, adierazkortasunik ezarekin. D ereduko ikasleak ez ezik, euskaldun zaharrak ere eskale gara, beti erdarara jo beharrean bagaude; erdara nola den hizkuntza estandar moderno bat, gaurko gizarteari dagozkion hizkuntza beharrak erdaratik datozkigu.

Hizkuntza hegemoniarekin lotua dago, beraz, gaitasunik eza?

Euskarak funtzio hegemonikoak bereganatuak balitu, errazagoa litzateke euskaraz aritzea, euskaratik sortzea gure mundua. Txepetxek arrazoi zuen: euskara normalizatzen hasiko da transmisio kulturala eta naturala aldi berean garatzen diren neurrian, eta sozializazio horretan hezten ditugun bitartean belaunaldi berriak. Eskolakoa akademikoa da, eta ikasleak erdararen eskale dira beste erregistroetan. Proposatu izan dut arnasguneak erabiltzea: egonaldi luzeak egitea haietan, testuinguru informalak ezin baitira eskolan garatu. Ikasle gehienek ez daukate ahozko eredurik beren artean jarduteko. Euskara batutik ez da sortu informal hori: normalizazio bidean balego, euskarak bere baitatik sortuko luke.

Horrekin lotu duzu batuaren eta euskalkien arteko gatazka hori.

Euskalduntasun nazional normalizatzailerik balego, xextra hori ez litzateke sortu ere egingo. Txepetxen jarraitzaile naiz hor ere: erdarek kentzen dizkiote euskarari funtzio nazionalak; orduan, euskaldunak euskara desplazatzen du, eguneroko erabilera arruntetara jaitsi, eta hor lehia bat sortu da batuaren eta euskalkien artean. Lagun arteko hizkera hori ez da estandarra, baina euskara batuak osa dezake, eguneroko hizkeran ere gizartearen konplexutasuna sartzen dugulako gaur. Nola euskara batuak ez duen funtzio nazional hegemonikoetan leku handirik, ez dute ondo funtzionatzen ez esparru batzuetako erabilerak, ez besteetakoak.

Badaude erabilera okerrak?

Euskalkia erabiltzen da erabili beharko ez litzatekeen leku formaletan (telebistan, eta abar), eta barregarria da hori. Alderantziz, euskara batua erabili beharko ez litzatekeen leku batzuetan ere euskara batuarekin doaz hiztunak, gure euskalduntasunak ez duelako euskaldun osorik sortu; alegia, lekuan lekuko komunikazio beharrak asetzeko erregistrorik ez duelako sortu. Corpusean islatzen da estatusaren arazoa.

Arnasguneei buruz aritu zara. Badago kezka haien gainbeherarekin. Nondik ekin? Iritzi bat baino gehiago dago; adibidez, badira uste dutenak ikuspegi okerra hedatu dela, babestu beharreko erreserba balira bezala.

Arnasguneetako hizkuntza politikari ez zaio aplikatu behar euskalduntasun etnikorik; hor dago arriskua. Uste baldin bada arnasguneetan balio digula orain arteko euskalduntasunak, gure gurasoenak, ahozkotasunean oinarritzen zenak, uste badugu arnasguneetan euskalduntasun etnodiglosikoa aplikatu behar dela, oker gabiltza. Euskarak arnasguneetan orain arte moduan iraungo duela uste badugu, oker gabiltza. Gaurko gizartean ez dago inongo konpartimentaziorik. Egoera diglosikoan iraun du euskarak, iraun duen bezala, formazio sozial baztergarri batzuetan; isolamendua ere egon da. Baina gaur egun arnasguneetan aplikatu behar den hizkuntza politikak nazionala izan behar du.

Zer esan nahi du horrek?

Adibidez, arnasguneetan ez dela bakarrik irakurri behar lekuan lekuko aldizkaria; hori irakurri behar da, baina BERRIA ere bai. Alegia, arnasguneetako euskalduntasunak bereganatu behar du kultura estandar nazional baten araberako mundu informazioa ere. Arnasguneetan bizi diren euskaldunek orain arte bezala euskara ahozkotasunean badute eta kultura idatzian Vocentoko egunkariak irakurtzen badituzte, horrekin nora goaz? Dimentsio nazionaleko funtzioak eta lokalekoak modu osagarrian aplikatu behar dira. Orduan arnasguneak hauspo iturri dira. Zeren, Mikel Zalbidek esaten duen bezala, hobe izango da errazenetik hastea. Baina Errezilen, eta Amezketan, eta Altzon egin behar den politika ez da orain arte moduan eustea. Gaurko arnasguneetako euskaldunak behar du kultura garaikidea, globalizazioak eta identitate nazional hegemoniko hauek artikulatzen dutena.

Euskararen erabileraren inguruan ari dira egitasmoak sortzen herriz herri; Donostian bertan ere egin dituzte. Zabaltzera doaz orain. Nola ikusten dituzu?

Ez dut ukatuko joan den mendearen erdialdetik egindako lana itzela dela, eta orain ere badaude hainbat ekimen. Baina nire inpresioa da gaindeterminazioa dagoela: sabai batzuk ez badituzu hausten, behetik gorako euskalgintza hori ito egiten da. Jarduera horiek inportanteak dira, eta ez dira antzuak izango baldin eta Jaurlaritzak egiten badu egin behar duena: politika nazional bat.

Kasu horretan, bai, baliagarri lirateke egitasmo horiek?

Orduan sinesten dut; orduan osagarriak dira, eta aberasgarriak. Orduan badago etorkizuna. Eguneroko funtzio informalak eta familia transmisioa oso inportanteak dira, baina marko egituratu batean gaindeterminatuak daude; marko makro hori estatua da. Aldi berean bi gauzak egiten badira, oso ondo; bakarra egiten bada… Euskalgintzan beti esan da: goitik behera eta behetik gora. Hori da kontua. Administrazioak, botere autonomikoak, hizkuntza politika nazionala egin beharra du, eta ez du egiten. Eta euskalgintza saiatzen da mila gauza egiten, baina beste horrek huts egiten du, eta euskalgintzatik egiten diren mila gauzen eraginkortasuna oso mugatua da, gehienetan antzua. Hain zuzen, eraginkortasunerako marko bat behar delako.

Hain justu ere, eraginkortasun hori aipatu izan duzu euskara aurrerabidean jartzeko, eta arnasguneekin ere lotu duzu hori.

Epe luzera begira, Altzoko euskalduntasunak etorkizuna izango du, baldin eta Tolosako gizarte moderno eta teknologiko hori euskalduntzen bada; eta Tolosako euskalduntasunak etorkizuna izango du, Donostiako metropoliko hizkuntza politikak euskalduntzeko bidean jartzen badira; eta azkenean, Bilbo. Joko hegemonikoen kontua da beti. Botere soziolinguistiko hegemoniko horrek beti ezartzen dizu marko bat, sabai bat. Horren barruan egiten dituzun ekintza guztien antzutasuna edo eraginkortasuna horren arabera neurtu behar duzu. Etengabeko dialektika bat dago.

 

BERRIA