Euskalaria, arriskuan dagoen hegaztia

Aurten Jaurlaritzak argitaratu duen Euskararen Historia liburuko lehen atala Joseba Lakarra euskaltzainak idatzi du eta Euskararen historiaurrea du izenburu. Hasieran, euskararen balizko senideez dauden teoriak aztertzen ditu eta banan-banan kritikatzen bide horretan proposamenak egin dituzten ikerle gehientsuak. Hona hemen pasarte batzuk:

Federiko Krutwig euskaltzain ohiaz, Garaldea (1978) liburuan guantxea euskararekin lotu zuena: «Zaila da Europan 70eko amaieran horren pareko hizkuntzalaritza parodia funtsik gabekorik aurkitzea, marxismoaz, zibernetikaz edo gainerakoez erantsi eta liburuaren kapitulu osoak hartzen dituzten xelebrekeriak alde batera utzirik».

Roslyn Frank Iowako unibertsitateko irakasleaz, euskal gaiez hainbat lan idatzirikoa: «Nire ustez, Krutwigen langa eta gailurrak berdindu ez arren baina aitortzen dut Mitxelenak justu kontrakoa zeritzola […]. Ez dirudi egilearen azken 40 urteotako ekoizpenak bertoko friki taldetxoren batentzako opariez landa ezer hoberik duenik».

Vahan Sarkisian hizkuntzalari armeniarraz, 2009an zendua : «Interes historiografiko hutsera ere ez da iristen Sarkisian euskaltzain ohorezkoaren euskara eta armenieraren arteko ahaidetasun-hipotesia».

Michel Morvan, Bordeleko Unibertsitateko hizkuntzalariaz, euskara eta hizkuntza uralo-altaikoen artean kidetasunak ikusten dituena: «Labur esateko, originalik (hitz honen adierarik orokorrenean) asko eta onik gutxi du Morvanen uztak modernitatearen, Interneten eta frikien garaian usuegi gertatu bezala».

Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak lan ugari argitaratu zuen euskara-paleosardiniera senitasunaren hipotesia jorratuz. Hainbat euskal erro aurkitzen du islako toponimian: ala, haran, ardi, baso, berri, bide, ertz, *goni, gorri... Lakarrak esaten du euskararekin ez dutela inolako zerikusirik eta antzak homofoniaren fruitu direla. Zera idatzi zuen 2013an: «Desgraciadamente para Eduardo Blasco, nada similar existe entre Paleovasco y Paleosardo y resulta imprescindible seguir llamando «casualidad» y «homofonía» a lo que tras una mínima revisión no alcanza los estándares diacrónicos menos severos».

Zenbaitek badakienez, Euskararen aztarnak Sardinian liburua argitaratu nuen iaz; urtetako lana. Bertan, Blascoren ikerketak oinarri hartuta, zenbait alor aztertu ondoren, toponimian sakontzen da. Badira islan 350 bat leku-izen Euskal Herrikoen berdinak edo ia-ia: Adarre, Alzola, Arga, Aresti, Aritzu, Aritzola, Arreba, Arratzu, Arresi, Aspe, Aspidatzu… eta beste lau mila inguru osagairen bat berdina dutenak. Lartxo homofoniak izateko. Ba hauxe dio Lakarrak aipaturiko liburuko ohartxo batean: «Elexpuru jaunak ez dio gezurrik arestian ateratako liburuan hura ez dela berezilarientzat idatzia ozenki aitortuaz; ez du, beraz, harekin hemen denbora galtzea merezi». Punto.

Bejondeizula Lakarra jauna. Dena dela, Elexpuru jaunak gogora ekarri nahi dizu liburuan jartzen duena: «Ez dago espezialistei begira egina, ez da aldizkari zientifiko baterako artikulua, baina espezialistengana ere iritsi nahi luke».

Etxekoak ohituta gaude baina ez genuke ahaztu behar euskalariak direla gure hizkuntzaren legio atzerritar boluntarioa. Garai batean ugari ziren. XIX. eta XX. mendeetan euskarak mundu osoko hizkuntzalariak erakarri zituen. Euskalarien nazioarteko jardunaldiak ere egiten ziren. Iturri onetik dakit zenbaitek alde batera utzi duela euskara, hemengo tiro-hotsa entzunda. Ez da harritzekoa. Agurtu beharrean egurtu, goretsi beharrean gutxietsi. Eta deigarria da euskarari garrantzi eta hedadura historiko handiena aitortzen diotenak (Vennemman, Blasco, Frank, Morvan…) izaten direla erasotuenak.

Zer pentsatuko dute gutaz?

Berria