Euskahalduntze abortatu baten historia

Korrika berriaren usainera azken Korrikaren oroitzapenak iritsi dira ene gogora, amaierako ekitaldian Lorea Agirrek irakurri zuen mezu eder hura nire ahosabaian nola mikaztu den sentitzeraino. Euskarak plazara irten behar zuela, ez dela etxe zokorako soilik, arazo politikoa dela erabat, eta euskahalduntzera deitu gintuen unearen solemnitate betean.
Ai solemnitateak estali ahal baleza gauzatzeko botererik gabe airera jaurtitzen dugun hitz sorta bakoitza! Baina ez da hala. Korrika hori hasi baino sei hilabete lehenago jaso baikenuen euskaldunok zaplazteko historikoa: 2014ko irailean aurkeztu zuen DSS-16k, izan ere, Zuzendari Orokorra, Pablo Berastegui, euskararik ez zekien (eta ikasteko ahaleginik ere ikusi ez zaion) kultur kudeatzaile esperimentatua, estoikoki pairatu duguna, (ia) protesta txintirik agertu gabe, agian Xabi Payaren egunkarietako eguneroko argazki irribarretsuak, bere nagusiaren ezjakintasuna zurituz edo, laidoa zeozer leuntzen lagundu zuelako.
Aurkezpen argazkian ageri dira Juan Karlos Izagirre garaiko Donostiako alkatea, Ikerne Badiola Foru Aldundiko Kultur diputatua, eta Cristina Uriarte Jaurlaritzako Kultura sailburua, BILDUkoak bi, PNVkoa bestea. Erran nahi baita, euskal nortasunaren defendatzaile ustezkoak hirurak. Espainiako Kultur Ministerioko ordezkaria falta zen, ez zuen Donostiara bidaiatzeko beharrik ikusiko, ongi lotua baitzeukan dena. Berasteguiren sentiberatasuna azpimarratu zuten, enpatia, komunikaziorako ahalmena, guztiak ere euskarari eskaini ez zizkion bertuteak.
Hau guzti hau finago adierazia dauka Joxe Manuel Odriozolak: «Donostia euskaldunari nazio asimilazio bortitzaren ondorioz euskaldun izatearen duintasunik erauzi ez baliote, Donostia euskaldunak bazeukan zer kontaturik historia lazgarri horri buruz. Esate baterako, Espainia minorizatzaile asko eta asko sufritu dugula euskaldunok historian barrena: Espainia frankista, Espainia errepublikanoa, Espainia liberala, Espainia monarkikoa, Espainia absolutista, Espainia feudala eta abar. Espainiaren etnofobia aldian aldiko sistema politiko guztien ezaugarria izan da. Besteak minorizatuz bihurtu da gehiengo haien lurraldean».
Ondoren kontatuko dudana ez zen gertatu, baina imajina ezazue: Korrikaren euskahalduntze mezuak akuilatuta prentsaurreko bat eman zuen euskalgintza nazionalak, bereziki Donostiako euskaltzaleak babestuz. Kursaaleko areto handia bete zuten 1.500 lagunek. Bertan ziren: pailazoak, danbor-joleak, aktoreak, idazleak, txistulariak, zinegileak, bertsolariak, trikitilariak, kirolariak, sukaldariak (?), musikoak, abesbatzetakoak, kale-garbitzaileak, dantzariak, kamareroak, udaltzainak… Manifestuak beste 8.000 sinadura zituen, oso laburra zen, soilik hauxe zioen: «Gaur hemen gaudenok eta sinatu dugun guztiok uko egiten diogu DSS-16k antolatuko dituen ekimenetan parte hartzeari, euskararik ez dakien Zuzendari Orokorra bere postutik kendu eta euskaldun bat jarri artean».
Euskalgintzaren kolpea mahai gainean; kolpe serio bat, ez gaudela jolaserako adieraziz. DSS-16aren hileta-agiria litzateke, edo euskalgintzaren garaipen historiko bat, beste askoren iragarpena, bide bat zabalduko zukeena etorkizunari begira. Baina ez. Berriro ere «baina ez».
Hori ez zen gertatu. Euskalgintza lo egon zen, eta lotan darraigu, edo Koldo Izagirrek esan duen bezala, «dispertsio handi batean gaudela pentsatzen dut, eta indarrik gabe. Ez naiz euskaldun bezala errepresentatua sentitzen inon». Estrategak falta zaizkigu euskalgintzan.
Ondorioa? Euskarak ez zuela plazarik irabazi, etxean gero eta zokoratuago dagoen bitartean. Ez dugu ezta arazo politiko ere bihurtu, berriro Koldo Izagirreren hitzak erabiliz, «politikoak ez direlako gai euskarazko diskurtso bat josteko. (…)Funtsean ez dute bide-orririk, ez dago politika zehaztu bat euskararentzat».
Kezkagarria iruditzen zait nola disoziatzen ditugun gure aldarrikapenak, batetik, eta aldarrikapenok gauzatzeko botere falta, bestetik. Ohitu egin gara ameskeriak esaten, alegeraki, gero ametsok betetzen diren edo ez behatu gabe, arduragabeki; Behatokia, Topagunea, Kontseilua eta beste zenbat erakunde daude, kasik euskararen GKE-en gisako funtziora murrizturik. Euskalgintzak ez dauka botere exekutiborik, ezin ditu exekutatu bere idealak, ametsak, aldarrikapenak, desirak. Eta botere sinbolikorik ere apenas geratzen zaigun, ez baita inon serio hartzen inoiz errealitatez janzten ez den eldarniorik. Horrela bizi gara, epe laburreko leloak sortuz, epe laburragoan ahazteko, funtsezkoa den horretatik urruti, beti. Laburra da euskararen erakarpen ahalmena, espainolaren eta frantsesaren epe luzeko inposizioaren aldean. Eta sarkastikoa ere bada, Euskal Herrian diren 3.000 trikitilarietatik euskaraz ez dakien bakarra izatea Korrika berriaren iragarleetako bat.
Inork ez du esaten, baina denok dakigu: hizkuntzaren auzia gerra auzi bat da, eta gehiago hizkuntza gutxitu (gutxietsien) kasuan. Gerra, ez kanoiak begira ditugulako, etsaiak dauzkagulako baizik. Gaur euskarari buruz hitz egitea botere hegemonikoen erresistentzia kontuan hartu gabe inozokeria da, euskalgintzak zapaldu behar ez lukeen putzua. Lawrence Freedman-ek plangintza eta estrategia bereizten ditu: plangintza pauso sail bat da, helmugara garamatzana; estrategia, aldiz, beren boterea irmo mantentzeko erabakita dauden pertsonei aurre egitea. Ñabardura bat soilik, baina zeinen sakona! Euskahalduntzeak estrategia behar du; plangintza auto-konplazentzia erratu baten osagarria da.
Hasi beharko dugu, bada, tokiak eta guneak irabazten, bertan gotortzen eta garaipena beste guneetara hedatzen, ezta? Gema Sanguinesek dioen bezala, euskara ezagutzea derrigorrezkoa izan behar du Euskal Herrian; beste hizkuntzak jakitea txalogarria, norberaren hautua, hala nahi badu. Edo Kike Amonarrizen esanetan, euskarak aurrera egingo badu atxikimendu soziala eta derrigortasuna konbinatu behar ditu. Edo Norman Fairclough-ek dioen bezala, «hizkuntza dominazio tresna gisa erabili izan dute beti estatuek, eta hizkuntzak duen estatusak definitzen du erabiltzailearen estatusa». Itzulita: Guztiz espainola (frantsesa) den errealitatean, gu euskararen ameslari huts baino ez garela, mamuen gisakoak lainozko liburu baten orri galduetan.

BERRIA