Ethnosa vs demosa

Ethnosa (identitate kulturala, nazio kulturala, hizkuntza…) eta demosa (identitate politikoa, erabakimena, estatua…) bateragarriak al dira estatu plurinazionalen baitan? Salbuespenak badaude, baina oro har ez dira ondo ezkontzen bi osagai horiek estatu plurinazionalaren egitura politikoan. Zehaztasun batekin, hala ere: estatuak eta bere ezpaleko nazio identitateak bat egiten dute, jakina, baina gainerako nazio zapalduetan etsaitasuna dago ethnosaren (nazio minorizatuaren identitatea) eta demosaren (estatuaren mailako erabakimena) artean.
Praktikan estatu totalitarioaren gisa jokatzen du estatu plurinazionalak, estatuak bere nazio identitate bat eta bakarra inposatzen dielako gainerako nazio zapalduei. Gainerako nazioei bere identitate nazionala inposatzea totalitarismoa ez bada, zer da totalitarismoa? Nazio batek beste nazio bateko herritarrei bere hizkuntza, kultura, historia eta lurraldea osatzen duen sistema nazionalaren identitatea inposatzea baino gauza ankerragorik ba ote dago gizarte harremanetan? Eta horixe egiten du Espainiak Kataluniarekin: Kataluniaren nazio identitatea deseginaz berea hedatu eta eraiki. Katalunia espainoldu. Estatu plurinazionalen nazionalismo inperialista horretan datza: estatuak beste nazioak deseginez hedatzen eta eraikitzen du estatu plurinazionala. Nazioen arteko botere-dialektika horretan estatuaren ezpaleko nazioak gainerako nazioen naziotasuna (herritarren nazio sentimendu eta identitatea) hasieran erauzi eta azkenean iraungiarazi egiten duenez, heteronomia egoera batera kondenatzen ditu estaturik gabeko nazioak.
Kataluniak bere demosa (identitate politikoa, erabakimena, estatua…) aldarrikatzen du bere ethnosa (nazio-identitatea, hizkuntza…) nahieran eratu ahal izateko. Independentzia lortzen ez badu, ethnos hauskor batekin geratuko da Katalunia. Estatu propiorik gabeko katalantasuna, identitate zaurgarria da. Katalantasun nazional eta politikorik gabe, Kataluniako naziogintza gehienbat espainola izango baita, nahiz eta oraindik ethnos sendo samar baten jabe izan. Estatu plurinazional etnozidaren mendeetako asimilazioak nazio minorizatua autonomia-ahalmenik gabe uzten du bere naziogintza burutzeko. Demagun EAEko naziogintza: nazio eraikuntza kontagarria balitz, ehunekoetan zenbatekoa litzateke naziogintza euskalduna eta zenbatekoa naziogintza espainola? Irakurlearen esku utziko dugu kalkuluak egitea.
Kataluniako esperientziak zer erakusten digu auzi horretan guztian? Espainiaren demos partekatu batean (erabakimena estatukide guztien esku) eraiki eta bermatu nahi izan du katalanismoak hainbat hamarkadatan bere ethnosa (nazio identitate kulturala). Saiatu dira identitate politiko espainolaren baitan katalan identitate kultural duin bat taxutzen. Ez dute lortu. Ez dira libre sentitzen. Ez dira katalan askeak sentitzen Espainiaren mendean, asimilatu gabeak bederen. Espainiarekin partekatzen zuten identitate politikoak ez die aukerarik ematen identitate kultural katalan beregaina zurkaizteko. Bi osagai horiek ez dira izan bateragarriak Kataluniaren nazio askapenean: beraz, demosa versus ethnosa.
Urliak (espainiarrak) sandiaren (katalanaren) nazio proiektuan esku hartzeko eskubidea daukala uste du. Espainiar gehien-gehienek horretan sinesten dute. Horretarako eskubidea ematen omen die beren Konstituzioak. Hori omen da demokrazia eta legearekiko leialtasuna. Hortaz, Espainiak kontrolatzen duen estatu plurinazionalaren barruan espainiar bat katalan edo euskaldun bat baino gehiago da; gehiago, ez bakarrik zentzu kuantitatiboan, kualitatiboan ere bai. Espainolak erabat naturalizatua dauka bere gehiagotasuna, bere nagusitasuna, bere arrazismo kulturala: izan ere, bere nazioan (Espainian) ez ezik, Kataluniako edo Hego Euskal Herriko nazio-arazoan berak zer esana dauka; katalan edo euskaldunak, aldiz, bere nazio propioaren etorkizuna ere ezin du bere kabuz erabaki. Eta hori demokraziaren izenean egiten duela esango digu Espainiak, egiten dutela esango digute espainolek; alegia, gehiengoaren izenean. Horrela funtzionatzen du hitzetik hortzera darabilgun «demokraziak» estatu plurinazionalean; etnozidioaren logikan, alegia.
Munduko estatu plurinazionalen identitate-politikoari gainbegiratu bat botako bagenio, salbuespen batzuk ikusiko genituzke. Eta salbuespen horietan ere ez dira nazio gatazkak falta, baina hainbestean kudeatzen dituzte barruko ethnosak (adibidez, frantses hiztunak eta anglofonoak Quebec-en) eta Kanadako estatuaren demosa (kanadarren identitate politikoa). Orobat, naziotasunaren barruko bi dimentsio estruktural horiek, beren gorabeherekin, bateragarriak dira Suitzan edo Belgikan, gure inguruko beste bi adibide aipatzeko.
Kataluniaren eskarmentutik asko daukagu ikasteko, kontu honetan. Katalunia, Galizia eta Hego Euskal Herria ez bezala, nazio kultural dohaintsu samarreko herria da, eta, identitate bikoitzaren gatazka horretan, identitate politikoaren arazoari aurre egin behar izan dionean, herri mobilizazio adoretsuak eratzeko gai izan da. Espainiak demosaren alorrean (autodeterminazio eskubidea) Kataluniari bere kabuz erabakitzeko eskubidea ukatu dionean, ethnos (identitate katalana) biziberritu bat iratzarri da lozorrotik: hau da, katalanismoaren bertsio duingarria berpiztu da, bere burua gobernatu nahi duen nazio baten adorea eta askatasuna dario hango askapen nazionalari.
Zergatik ez dira bateragarriak identitate nazional katalana eta identitate nazional espainola? Eta zergatik dira bateragarriak, berriz, EAEn, adibidez, euskal identitate erregional, sinboliko eta etnokulturala eta nazio identitate espainola? Kataluniak askatasunaren, duintasunaren eta nortasunaren bidea aukeratu du, eta bide horretan nazio identitate katalanak ez du funtsezko ezer partekatu nahi Espainiaren nazionalismo inperialistarekin. Euskadiko abertzaletasun hegemonikoak, aldiz, nazio «foral» edo erregional edo etnokultural baten bidea hobetsi du, eta espainolismoaren eskuetan utzi du nazio euskaldunaren patua. Azken batean, duintasun kontua da nazio arazoa: espainola izan nahi ez duzun katalana baldin bazara, ez dituzu duintasunaren eta askatasunaren giza eskubide eta balioak galdu nahi; euskalduntasun etnokultural sinboliko erregional batekin konformatzen bazara, aldiz, nazio identitate espainolaren eta heteronomiaren gatibu zara. Bateragarriak egin dituzu berez (estatus berdintasunean) bateragarriak ez diren eskubide, askatasun eta duintasun balioak.

BERRIA