Joxemari Muxikaren artikulu bati (Aukeratutako hizkuntza erabiltzeko proposamena, Gara 2007-11-18) zor diot artikulu hau idatzi izana. Muxikak, euskaltzale gehienok bezalatsu, balizko elebitasun sozial orekatuan edo sinetsi nahi luke. «Bakoitzak bere hizkuntza mintzatzeko eskubidea gauzatuko duen komunitatea osatu nahi dugu»: hori dio Muxikak eta horren argitan aipatu dut elebitasun sozialaren kontua. Bere ideiak areago zehaztuta, elebitasun pasiboaren proposamena egon liteke tartean: «Bizikidetza baketsua egin ahal izateko solaskidearekiko errespetua da proposatzen dena eta horretarako gutxienekoa batak bestaren hizkuntza ulertzea da». Bukatzeko, hizkuntza hegemoniaren aurka dago Muxika: «Ez da onargarria lagunarte bizitzarako hizkuntza hegemonikorik».
Muxikak besterik uste badu ere, «jabetzen naiz ikuspegi hau gogorra egingo zaiola bati baino gehiagori», bere ikuspegiak belaxkatik gehiago du gogorretik baino. Atzetik aurrera hasiko bagina, berehala ohartuko gara horretaz: herri euskaldunak ez ote daukala ba, inondik inola ere, bere herrian eta lurraldean euskararen hegemonia ezartzeko eskubiderik? Seguru? Nik esango nuke, eskubidea bakarrik ez, obligazioa ere badaukala horretarako: munduko herri guztien obligazioa baita, ez bakarrik eskubidea, munduaren hizkuntzazko eta kulturazko aniztasunaren mosaikoa eraso guztietatik babestea. Hori ez da nire iritzia, UNESCOrena da: «Kultur aniztasunaren defentsa inperatibo etikoa da, pertsona orori zor zaion errespetutik bereizi ezina».
Elebitasun sozialaren ametsa edo mitoa: euskaltzaleen borondaterik onenak ere ez du askorik balio auzi honetan, eta Muxikaren borondatea onenetan onena dela esango nuke. Labur zurrean: ez da posible aldi eta alde berean errealitate soziolinguistiko bikoitza eratzea. Esan nahi dut, errealitate soziolinguistiko bat ezin dela erdalduna eta euskalduna izan aldi berean. Argiago esanda: errealitate soziolinguistiko bat ezin da aldi berean gauza bat izan eta ez izan. Errealitate soziolinguistiko hori erdalduna baldin bada, aldi berean ezin da izan euskalduna; izan ere, errealitate hori sortzen duena hizkuntzaren jarduna baita eta ezin dira bi hizkuntza erabili alde eta aldi berean.
Bada besterik ere, esandakoaz gain: errealitate soziolinguistikoa ez da hiztunen batuketa soila, bi hizkuntzen komunitatea ezin da sortu hiztun guztiak elebidun bihurtuta, hizkuntz botere soziolinguistikoa ez delako pertsonen arteko harremanetara mugatzen. Eta badakigu, besteak beste, Michel Foucault-i esker, gizarte gaietan ezer egitea edo ezer desegitea, botere-efektua dela, boterearen kontzeptua adierazirik zabalenean hartuta noski. Ezintasun horietan datza, nire ustez, elebitasun sozialaren mitoa. Bestalde, oinarri enpiriko sendoenak ditu diogunak, gutako askok amore eman nahi ez badugu ere, eta sinetsi ezin diren gauzak sinesteko adinako fedea erakusten badugu ere.
Non dago, hori eta horrenbestez, elebitasunaren inguruan dauzkagun gaizki ulertze gehienen iturburua? Elebitasunaren edo eleaniztasunaren fenomenoa unibertsala izan omen da beti. Globalizazioaren aro honetan areagotu egingo omen da joera hori. Eta guk, lelo arraiook, horrelako gauzak aditu eta hitzez hitz sinesten ditugu: ez gara konturatzen elebitasunaren eta eleaniztasunaren kontu horiek ez direla estrukturalak, ez direla munduan dauden berrehun bat gizarte nazionalen egitura soziolinguistikoak elebidunak edo eleanitzak direlako bere jardunean, baizik eta estruktura estatal horien baitan milioika hizkuntza eta hiztun egoera diglosikoak eta bereizkeriak jota bizi direlako dela. Munduaren erdia elebiduna eta eleanitza izango da, izate-modu hori baldintza soziolinguistiko horietan gertatzen delako, baina gezurra da elebitasunaren eta eleaniztasunaren fenomeno unibertsala, gertakari naturala, osagarria, orekatua eta onuragarria dela uste izatea.
Eta Euskal Herrian gauza berbera gertatzen zaigu: Euskal Herriaren pluraltasun linguistikoa ez datza hemen bizpahiru hizkuntza hitz egiten duten komunitateak elkarren ondoan pilatuta egotean. Euskal Herriaren pluraltasuna eta ekarpen unibertsala munduko herri-hizkuntzen mosaikoan herri euskalduna izatean datza, munduaren aniztasun linguistikoa eta kulturala bermatzean. Euskal Herriak ez baitio ez bere buruari ez gizateriaren kultura unibertsalari ezer onik ekartzen hemen bizpahiru komunitate elkarren arteko gainjartze azken gabean pilatzearekin.
Hitzetik hortzera aniztasunaz, pluraltasunaz eta ez dakit zeren ugaritasunaz mintzo gara, aberastasun hau pertsonak edo gizabanakoak sortutakoa balitz bezala. Hizkuntzen eta kulturen aniztasuna, ordea, ez da pertsona banakoen kontua, herri-hizkuntzak eta kulturak ez baititu gizabanakoak sortzen. Auzi honetan, aniztasunak herrien aniztasuna esan nahi du, pluraltasunak nazio-etnien pluraltasuna esan nahi du, askotarikotasunak hizkuntza-kulturen askotarikotasuna esan nahi du. Auzi honetan, hizkuntz aberastasuna ez da norbanakoaren aberastasuna, banakoak ez baitu inoiz eta inon ez hizkuntzarik ez herri-kulturarik sortu.
Elebitasun indibidualak egokiak eta beharrezkoak izan litezke, baina elebitasun estrukturalak, gizarte nazional baten jarduna gatazka-iturri bihurtzen dutenak, inperatibo etikoaren kontrakoak dira, UNESCOren hizkera erabiltzea zilegi baldin bazait. Elebitasun sozialak edo estrukturalak ez baitu pertsona orori zor zaion errespetua zaintzeko modurik eskaintzen. Banakoaren eskubideak, auzi honetan, herri-eskubide kolektiboak dira, eta, horregatik, elebitasunaren gaia ezin da zuzen planteatu, premisa hori gogoan izan gabe.
Guk, lelo arraiook, uste genuen hizkuntzak eta kulturak ustez nahas-mahas ezarriak dauden munduko edozein estatu handi edo hiri erraldoietan errepara dezakegun hizkuntz aniztasuna fenomeno normala eta onuragarria zela hiztun eta komunitate guztientzat. Itxurazkoa besterik ez da ordea halako egoera soziolinguistikoetan dagoen ustezko elebitasuna edo eleaniztasuna: alde batetik, gizarte nazional bat dagoelako, nazio-estatuaren hizkuntzan funtzionatzen duen egitura bat, eta, beste aldetik, hainbat hizkuntza eta kultura -immigrazioaren edo jatorrizko herrien lekuko-, ghettoaren edo berezikeria sozial eta kulturalaren mendeko.
Bukatze aldera, elebitasun pasiboaren gaia: «batak bestaren hizkuntza ulertzea» proposatzen digu Muxikak. Formula hau Kanadan edo aplikatu zutela uste dut, administrazio publikoari zegokionez; administrazio anglofonoko langileak gutxien-gutxienez uler ziezaiola frantsesez mintzo zen bezeroari azken honen hizkuntza-eskubideak urra ez zitezen. Ez dakit emaitzak zertan diren, baina badakit elebitasun pasiboaren jokaerak gurean oro har ez duela balio.
Arrazoi bat edo beste aipatzeko, aipa ditzagun ondoko hauek. Batetik, elebitasun pasiboa praktikatzen duen hiztunaren ulermen-mailak huts egiten du gehienetan, gaitasun pasiboa bera ere gaitasun komunikatiboa delako izatez. Ulertzeko ekintza ez genuke bigarren mailako gaitasun pasibo hutsarekin parekatu behar, ulertzeko ekintza horrek gaitasun aktiboaren pareko izan beharko lukeelako ondo bidean: hau da, komunikazioaren era guztietako baliabideen jabe izan beharko lukeelako. Eta hori, jakina, nekez gertatzen da. Bestetik, hori ez delako modua herri euskaldunaren garapena bermatzeko, herri euskaldunaren biziraupena ziurtatzeko. Herri euskaldunaren biziraupena euskaraz bizi den herriaren baitan besterik ez dago. Euskaraz pentsatu, euskaraz ulertu, euskaraz irudikatu eta mundua euskaraz eraikitzen duen herria da Euskal Herriaren itxaropen bakarra.
* Joxe Manuel Odriozola, Euskara irakaslea