‘Carrerica’

Ez dugu euskarafobiarik sentitzen, baina…» is the new «Lagun homosexualak dauzkat, baina…».

Nafarroako Gobernuaren (hizkuntza politikaren) aurkako manifestaziora deitu dute. Ekainaren 2an izanen da. Deitzaileek gizarte zibileko ordezkari soiltzat aurkeztu dute beren burua. Alta, protestara deitzeko manifestua ez dute prentsaurrekoan aurkeztu. Zuzenean azaldu da Nafarroan eskela gehien saltzen duen egunkariaren webgunean. Eta azaldu eta berehala (bilerarik egiteko tarterik gabe) UPNren eta PPren sostengua jaso du. Kasualitatearen handia.

Deitzaileek berdintasunaren alde daudela esan dute. Ez dutela hizkuntzen araberako diskriminaziorik nahi. Ez luketela nafar euskaldunen aurkako bazterketarik onartuko. Harrigarria: non ote ziren eremu ez-euskaldunean D eredu publikoari ateak ixten zizkiotelarik, euskarazko haur-eskola publikorik zabaltzen ez zutelarik, ETB ikustea eragozten zigutelarik, Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzen ziotelarik? Ziztorra jaten, apika (remember Nafarroaren banderaren aldeko manifestazioko Ziztor Woman).

Deitzaileek bazterturik daudela salatu dute, erdaldun elebakarrek ezin dutelako Foru Administrazioan lanposturik lortu. Alta, aitortu ez arren, ederki dakite Euskararen Foru Dekretu berriak aurreikusten duela euskararen ezagutza gehienez puntuazio osoaren %5 izatea. Eta euskaldunok herritarren %24 izanda, foru administrazioan euskarazko profildun lanpostuak %0,98 direla soilik.

Deitzaileek badakite historikoki baztertua izan den euskaldunen kolektiboa pribilegiatutzat aurkeztuz, haiekiko kalte konparatibo faltsuak zabalduz, haien kontra xenofobiatik oso hurbil dauden argudioak zabalduz, bizikidetza kolokan jartzen ari direla.

Ez dago House doktorea izan beharrik diagnostikoa argi edukitzeko: euskarafobia latza, eta sukar elektoral handia.

Azken egunetan, sare sozialetan, nafar euskaltzaleen artean, eztabaida interesgarria piztu da deialdi horren ingurumarian. Hainbatek diote ez ikusiarena egin behar zaiola, bestela ezagutzera ematen delako,

Ez dakit bada. Nafarroan eskela gehien saltzen duen kazetarena ez ezik, deitzaileek Espainiako berripaper nagusien babesa daukate. Azken egunotan hainbat azal oparitu dizkiete Madril aldeko kioskoetan. Hartara, ez dut uste euskaldunen publizitatearen premia handirik dutenik.

Aldiz, irudipena daukat mezuen bolumenarekin daukatela arazorik handiena. Madril aldean haien mezua eros diezaieten (eta manifestaziora handik ekainaren bian zentro muturreko manifestariz beteriko autobusak etor daitezen), distortsioraino igotzen diote bolumena, Nafarroa apokalipsi etnikoaren ertzean irudikatzeraino.

Beltranizazioa atzendu gabe: foru parlamentutik desagertzeko zorian, PPNko buru Ana Beltranek desesperatuki saiatzen da haren ahotsa entzunarazten, mezu ezinago karrankariekin. Eta, eskuinetik aurrera ez ditzaten, UPN eta PSN bera eskuin muturreko doinu horretara mugiarazten ditu.

Ene uste harroan, horixe dute ahulgune nagusia; izan ere, Nafarroan elebakar asko egon daitezke kezkaturik, euskara ez jakiteak foru funtzionario plaza eskuratzeko tenorean zama ditzakeelakoan. Haatik, kafezalerik kafezaleenak alde batera utzita, herritar kezkatu horietako gehienei (eta beraz sozialki zein elektoralki eraginkorrenei) atzeraka eragiten die mezu identitario apokaliptikoak.

Ez ikusiarena egitea baino eraginkorragoa ez ote den judoan jardutea. Erran nahi baita haien mezu karrankariak zabaltzea, aurkakotasun neurtua azalduz, ahal dela ironia ukitu batekin.

Eta, daitort, analisiez eta arrazionalizazio saioez harago, zenbait ekimen iruzkintzeko tentazioa handiegia da kazetari koitadu honentzat. Konparaziora, Beltranek atzo aurkezturiko euskararen inposizioaren aurkako karabana: Antikorrika motorizatua; ica, ica, ica, aquí está la Carrerica; ica, ica, ica, aquí está la chistorrica…

Berria