Burujabetza bultzatzeko nazio ikurrak eguneratu?

Herria egituratzen laguntzeko osagai asko ditugu. Garrantzitsuena hizkuntza da eta berarekin batera literatura, bertsolaritza, euskal musika, dantzak, antzerkia… Edota beste batzuek diotenez, euskal gizabidea edo euskal sena, gure herriak milaka urtez irauteko bide eman omen diguna.

Aurrekoez gain eta herria irudikatzeko ere, hainbat osagai dugu edo izan ditugu azken mendean, besteak beste Zazpiak bat armarria, euskal banderak (Ikurrina, Nafarroakoa, arrano beltza…), «euskotarren aberria Euskadi da» eta beste zenbait lelo, ereserkiak (Nafarroako Gorteena, EAErena, Agur jaunak, Txoriak txori…), euskal egutegi nazionala, euskal nortasun agiriak, etab. Horiek kontzientzia nazionala sendotzen asko lagundu digute.

40 urte hauetako autonomialdia dela medio, badirudi ikur edo errepresentazio hauetako batzuek ez dutela haien funtzioa behar bezala betetzen. Adibidez, Euskadi hitza Euskal Erkidego autonomoa izendatzeko erabiltzen da, Nafarroatik aldenduta eta horrek bere hasierako esanahia galtzera darama. “Euskadi” entzuten dugunean zertaz ari dira? Hiru ala zazpi lurraldeez? Bestetik “Nafarroa” edo “Nabarra” esaten dugunean zertaz ari gara? Oraingoaz ala Nafarroa historikoaz?

Ikurrina gobernu zibiletan ikusten dugunean edo independentziaren aurkako adierazpenak etengabe esaten dituztenen eskuetan ikusten dugunean… noraezean uzten gaituzte. Horregatik katalanek izarra jarri zioten independentzia aldarrikatzeko bidelagun behar zuten senyerari. Guk ez genuke independentziaren aldeko ikurrina edo Nafarroako bandera egokitu bat beharko? Ala biak uztartuta, horietako bat hemengo 8 puntatako izarrarekin? Ala beste modu batera?

Horrez gain Zazpiak bat armarrian ez litzateke agian Nafarroako armarriari dagokion espazioa gehiago nabarmendu beharko? (Estatu espainiarraren armarrian %25a betetzen du eta gurean %17a). Bestetik diasporak ez luke lekurik izan beharko gure armarrian?

Sabin Aranaren leloa eguneratu beharko litzateke gaur egun indarra izango duen baten truke eta ereserkiari dagokionez ere berdin: Nafarroako Gorteetakoa ala Aranak proposatutakoa? Ala Gernikako Arbola ala Agur Jaunak? Ala Txoriak txori? Ala besteren bat?

Ez aurrekoa bakarrik, gai gehiago erabaki behar ditugu. Katalanek Catalunya izendapena dute, baina guk ze izen jarriko genioke gure herriaren nazio mailako egitura burujabeari? Euskadi, Euskal Herria, Nabarra, Nafarroa, Baskonia, Euskal Herri Nabarra? Eta ingelesez? Basque Country? Navarre? Baskland? Eta kontu gehiago ditugu: egutegi nazionala egingo bagenu ze jai gehituko genuke, zeintzuk kendu…? Edo nortasun agiria: ENA? Naziotasun Aitormena?

Eztabaida pil-pilean dago eta maila askotan ematen ari da baina bada ordua modu antolatuan egiteko, parte hartzeko aukera asko eskainita. Horretarako, euskalnafar gizarteari eztabaida zabal bat egitea proposatu nahi diogu, urriaren 27an Bilboko Zazpikaleetako Burtsan egingo dugun Nazio Ikurrei buruzko lehenengo biltzarretik hasita.

Ikurren gai honetan bi arazo handi ditugu: batetik mendebaldean sortutako sinbologiaren (ikurrina…) eta ekialdean sortutako sinbologiaren artean (Nafarroakoa) dagoen talka gainditzea, batzuk bateraezinak ikusten dituztelako. Eta bigarren eztabaida nagusia da ea egoera berri batean gauden eta, egongo bagina, ea burujabetzarako bidean euskalnafar ikurrak bateratu, eguneratu edo aldatu behar ditugun ala ez. Gure uste apalean aurrera egiten lagunduko diguten ikurrak bultzatu behar ditugu eta, bide horretan, zerbait egiteko garaia heldu da.