Bide zuzenetik goaz

Izenburuko hitz horiekin laburtu zuen ETBko aurkezleak euskararen egoera, Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari egin zion elkarrizketan. Eta lasai geratu zen, ni ez bezala. Aurkezleak konparazio tranpati bat planteatu ondoren etorri zen unea, alegia, frankismo ondorengo urteetan euskararen egoera oroitzen al zuen galdetu zionean. Zupiriak deskribapen xume bat egin zuen, ez zela orduan kalean ia euskararik entzuten, ez zegoela testulibururik, ia musikarik ez, antzerkirik, eta orain berriz, perspektiban ikusita, aurrerapauso izugarria eman dugula, gehiago nahiko genukeen arren.

Iruditu zitzaidan gaiari darion larritasunak eta, larritasun horrek eskatzen duen diagnostiko ahalik eta zehatzenaren beharrak ez zuela onartzen halako arinkeria bat, ez genukeela onartu behar gure hizkuntzari buruzko iritziak, eta are gehiago telebista publikoan eta Autonomia Erkidegoko hizkuntza arduradun politiko gorenaren aldetik, halako auto-konplazentziarekin «despatxatzerik».

Esan baitzen, baita ere, diskurtso mota hau apaintzen duen harribitxia, euskaldunok milioi bat garela. Eta euskararen apustuez galdeturik, Zupiriak euskal hiztunak seinalatu zituen, eta haiek bakarrik, esanez euskararen apustu nagusia dela hiztunok hitz egiteko ahalmena eta aukera daukagun bakoitzean, erabiltzea. Entzun nuen, baita ere, txikiak gareneko marmar azkenaldian nekagarri samarra, eta estatu diren herrialde batzuei aurreratu egin gatzaizkiela hizkuntzaren batasunean, mezu subliminala lerratuz, bide batez: autonomismoaren gorazarrea, hizkuntzak ez duela zertan estaturik behar, ez legedi koertzitiborik, ahazturik arau bihurtzen ez den hizkuntza beti izanen dela salbuespen.

Ez dago hobeto azaltzerik, hitz gutxitan, «ondo goaz» diskurtsoak dauzkan hiru zutabe nagusiak:

Bat, euskara testuingururik gabe agertzen zaigu, historia politikorik gabe, alegia. Etsairik izan ez duen hizkuntza bat. Beraz, ez da gutxietsia, baztertua, umiliatua, iraindua, degradatua, zaborreratua, debekatua, pertsegitua, erdeinatua izan; euren hiztunak ez dira astakilotzat, zakurtzat, barbarotzat, egoskortzat, fanatikotzat, talibantzat hartuak izan, ez dira milaka bider espainolez egitera behartuak izan, azkenean paisaia linguistikoaren gauza naturaltzat hartzeraino bat-bateko elebiduntasun hori, lehengoan miraturik Uruguaiko turista batek esan zidan bezala, nire euskara/espainol jarioa ikusita; berak, espainola eta ingelesa jakinda, ezin omen du hain azkar aldatu batetik bestera. «Praktika kontua da», argitu nion.

Euskarak ez du jasan uholde demografikoen eraso brutalik (gazteek esango luketen moduan), edo «ingeniaritza demografikoa», Guillem Calaforra linguistaren definizioan: alegia, giza taldeen lekualdatze masibo eta batzuetan derrigortuak, herri baten gizarte esparruak ordezkatzeko, eta haiekin batera, hizkuntza erabilera aldatzeko. Nafarroaren 1512ko konkista ondoren, XIX. mendeko Bizkaian, Lapurdin aro ezberdinetan, XX. mendean 60ko hamarkadako Bizkaia eta Gipuzkoan, 2000.etik aurrera Lapurdik izan duen frantses jubilatu eta langabetuen inbasioa… Europako inongo estatuk onartuko ez lukeen bezalako jende uholdeak, herri bezala desagertzeko arrisku seguruaz oharturik, onartu behar izan ditugu guk, ez genuelako muga arrazionalak ezarriko zituen estaturik.

Bi, frankismoak ordezkatu du, orain, mende askotan bi estatu zapaltzaileek planifikatu eta gauzatu duten euskara desagertzeko eginahal basati eta krudela. Gaztela, eta Frantzia ondoren, euskaldunok sortu genuen botere egitura (Nafarroako Erresuma) suntsitzen hasi zirenetik 800 urte igaro dira, baina frankismoa bihurtu da, 40 urteko epe historikoki aski labur bat, konparazio iturri bakarra, erreferentzia isolatua, gure suntsiketa linguistikoa bertan hasi eta bukatu balitz bezala. Franco hil geroztik 40 urte pasa direnez, desaktibatua da 40 urteko diktadura. Zerotik hasteko moduan gaude, berdintasun egoera ideal batean. Orain orduan baino askoz hobeto gaude, aske gara, eta eskura daukagu nahi duguna egitea hizkuntzarekin. Ez dago etsairik; izatekotan geu gara geure buruaren etsaiak, ez dago aitzakiarik.

Hiru, eta hau aurrekoen ondorioa da, guk euskaldunok daukagu euskararen ia ardura bakarra, kasik gure gain botatzen da bere egoeraren okerra, ez dugu aski maite, zabarrak gara, erraz pasatzen gara espainolera, ez dugu libururik erosten eta gainera modu indibidualean planteatzen da guztia, gutako bakoitzaren jarrerak eragin balezake bezala aldaketa loriotsua. Eta non dago testuingurua, diot berriro. Hizkuntzak behar duen bulkada politikoa, babes sozial uniforme bat, erreferenteen aurpegi ematea, ez dakitenekiko presio legala, koertzio kuota jasangarri baina aldi berean eragingarri izango direnak, ea. Euskal hiztunak %12 baldin bagara, nola eragingo diogu, indibidualki arituz, hitz egin nahi/ahal ez dutenen %88ri? Suizidio hutsa da. Hizkuntza baten egoera gutxitua hizkuntza hori ez dakitenek eta jakin nahi ez dutenek eragiten dute, eta logikaz, normalizazioa litzateke jende horrek ikastea eta erabiltzea, ikasaraztea eta erabilaraztea. Euskaraldiak, ordea, berriro ere fokua euskal hiztunongan jartzen du, gure bizitza erabat euskaraz garatzea galerazten digutenei ezer exijitu gabe, harro egoteko modukoa ez den politika otzana gauzatuz.

Baina euskararen historia luze honen laburpena baldin bada euskal hiztunon gain dagoela auzia, eta gainera modu indibidualean, norberaren eguneroko borroka bakartian, ezer ulertu ez dugun seinalea da. Xabier Aizpurua Euskara teknikariak zioen bezala, hezkuntzari buruzko ikerketa batean: «Herri euskaldunetako ikasleak ez badira gai esateko euskara hizkuntza gutxitua dela, zerbait gaizki doa». Nola izango dira ba, telebistan euskararen arduradun gorenak ez badu esan, justu kontrakoa adierazi badu!

Bai, badakit programa adeitsua dela, zuria, irudi zaharrak eta bromak tartekatzen dituena, baina kazetaritzako karrera egin duen orok daki (ez nituen alferrik bost urte eman) kazetariaren lehen funtzioa dela elkarrizketatua pixka bat deseroso sentiaraztea, gutxienez. Kolokan jartzea, kritikoen aipu bat edo beste mahaian jartzea. Eta are gehiago pertsona botereduna bada, gobernu bateko kidea. Bestela boterearen propaganda hutsa bilakatzen da, politika erratu askoren promozio, lehendik ere gobernuaren ia bozeramaile lana egiten duen telebista baten barruan.

Berria