Erroldaren Erronka

“Astuan umia astakumia, nahiz eta oilotegixan jaixo”.

-Elgoibarko atsotitza-

Maiz entzuten da: “Euskaldunok herri bat osatzen dugu,” -talde homogeneoa bagina bezala- “eta Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugun guztiok euskaldunak gara“.

Horixe bera “erabaki” zuten Kaledonia Berrian -bertoko hizkuntzaz, «Kanaky»-, haien askatasunari buruz egin beharreko galdeketan -gure inguruan besterik gabe joan dena-, hautesle errolda egin eta bozkatu zutenean: ezin ahaztu Kaledonia Berria Prantziaren menpeko itsasoz haraindiko kolektibitatea, edo, hobeto esanda, kolonizatutako herrialdea dela.

Eskozian eta lehenago Quebecen bezalaxe, hemen ere ezetzak irabazi du. Emaitzak ikusi eta gero, hurrengo ondorioak atera daitezke, agian: erreferendumak galtzeko bozkatu daitezkela, eta, demokraziaren urrezko araua jarraituz, gehiengoaren nahia bete behar dela… Burura datorkit nola Alexis de Tocquevillek (1805-59), «De la démocratie en Amérique» liburuan iragarritako gertaeren artean, gehiengoaren tirania aipatu zuen….

Izan ere, gaur egungo Inperioek, lur zabalekoek nahiz ekonomikoek, jantziak aldatu eta euren buruak “demokrataz” mozorrotu dituzte. Eta, aldi berean, demokrazia -gehiengoaren erabakitzeko aukera edo gobernua, alegia-, inoiz egon den eta egongo den eredu politiko biribilena dela sinetsarazi nahi izaten digute. Macronen esanetan: “Inguratzen gaituen larderiari aurre egiteko, demokrazia larderiatsua ez da erantzuna, baizik eta demokraziaren autoritatea”.

Garai batean Erregeek -elizarekin bateginik- herria arrastoan sartuta edukitzeko, eta beraien sinesmena ez zuten herriak konkistatzeko, erlijioa erabiltzen zuten bezala, gaur egun lerrotutako Estatuek -beraien buruak Estatu askeak bezala izendatu dituztenek, alegia-, beraiek sortutako NBEren (Nazio Batuen Erakundea) araberako, eta, gehienetan, “buruzagien” onurarako demokrazia aldarrikatzen dute.

Gurera etorrita, eta Historia apur bat eginez, ezin dugu ahaztu 1513. urtean argitaratutako “Exigit contumacium” bulda, Nafarroako konkista burutu zenetik zazpi hilabetera emandakoa, hau bidezkotzeko erabili izan zela. Gaur egun, NBEren aginduak betetzen ez dituztenak -Estatu Batuen lagunak izan ezik, noski- mundu askearen etsaitzat jotzen dituzte, eta haien aurkako “bidezko” gerrateak baimentzen dituzte, alderdi politikoak nahiz herri elkarteak legez kanpo uzten dituzte… Iraganean bezala, gaurko “Jauntxoek” bulda bereziak dituzte -behar izanez gero, iruzur eginez edota argudio faltsuez baliatuz- euren nahiak asetzeko.

Eta nola eragiten du honek gurean? Gure artean bada esaera zahar bat: “Dabilen harrian, goroldiorik ez”… hots, bizirik irauteko beti aurrera egin behar da, egoera berriei moldatuz. Hala ere, gerta liteke aurrera-egite horretan bidea galtzea, eta hainbeste jirabirekin harea bihurturik bukatzea, betiko desagertuz: bide edo estrategia okerra hautatuz gero, beraz, guk geuk geure buruaz beste egin genezake. Orduan, zergatik saiatzen gara beste lekuetan huts egin duten estrategiak errepikatzen?

  1. urtean Matignongo hitzarmena sinatu zenean, 2008. urterako “Kanakyar” herriari erabakitzeko eskubidea “emango” ziotela agindu zioten, baina bozketa hamar urte geroago izan da. Garai hartan, Kanakyarrak -jatorrizko etnia- biztanleriaren % 55ekoa ziren; gaur, aldiz, % 40ra ez dira heltzen. Hau gutxi ez balitz, bozketarako hautesle errolda batu zutenean kanakyarren %20a kanpoan utzi zuten. NBEk berria jaso izan zuenean, erdia baino gutxiago sartu zuen erroldan soilik, berriro iruzur eginez.

Azken finean, Prantziako Estatu kolonialista erreferendumaz baliatu da okupazioa legitimatzeko. Baietzaren aldeko emaitza ziurtatzeko, uharteak urtetan Europako kolonoekin -«Caldoche» ezizenez ezagunak, eta gehienak prantzez etnikoak direnak- bete izan ditu: populazioaren %34a izatera heldu dira. Ziurrenik, kolono hauen artean badira askatasunaren alde bere botoa eman dutenak, eta kanakyarren artean ere Prantzian jarraitzeko alde bozkatu dutenak; dena den, aldez aurretik ziurtatuko emaitza ez zen aldatu.

Eskerrak, baina, Euskal Herrian denok euskaldunak garen!! Kaledonia Berrian gertatutakoa hemen ez da gertatuko. Gure artean pieds noirs, caldocheak, zoreillesak,… edota “hezur beltza”rik ez da bizi!!… Gora Aniztasuna!! “Gure Esku Dago” lelopean euskaldunoi bozkatzeko aukera “ematen” digutenean, askatasunaren aldeko baietzak irabaziko du….

Benetan sinesten al duzue? Euskaldunak al gara, benetan, “hemen bizi garen guztiok”? Bozkatzea al da garrantzitsuena, edo bozkatu behar duen jendearen kontzientzia eta nortasuna? Zer bozkatuko du Espainiar/Prantziar telebistak, Espainiar/Prantziar erreferenteak eta Espainiar/Prantziar “normaltasuna” bereganatu duen -edo jatorriz berea duen- herri batek?

Eta…. inork uste al du, benetan, Kataluniako adibidea ikusita, Espainiak sekulan legezko bozketa bat onartuko duela, batez ere galtzeko arriskua ikusten badu? Espainiar bezala bizi behar gara, espainolen oniritzia jaso arte, edo euskaldunak bezala bizi, espainolak gu errespetatzera behartzeko?

Ondo legoke galdera hauen guztien inguruan apur bat hausnartzea, itsu-itsuan aurrera jarraitu baino lehenago… Bestela, Espainaren legitimazioaren amildegian eror gintezke…. hori bai, gure borondatez…..